Planeten formazioaren ‘katebegi galdua’ aurkitu dute

Dibulgazioa · Kolaborazioak

4 min

Planeten formazioaren ‘katebegi galdua’ aurkitu dute

Nazioarteko ikertzaile talde batek sistema planetarioen eboluzioaren gaineko informazio berriak eskuratu ditu, izarren inguruan geratzen diren hondar eraztunak ikertuz.

Planeten formazio prozesuan, izarren inguruan geratzen diren hauts eraztunak dira hondar diskoak, baina duela gutxira arte horiek ikertzea oso zaila izan da, urrun dauden egitura horiek ikusteko bereizmen handia behar delako. Baina, ohi bezala, astronomiak erakusten du mugak apurtzeko daudela.

planeten
1. irudia: ALMA behatokiak ematen duen bereizmenari esker posible izan da 60 zientzialari ingururen lana behar izan duen ikerketa aurrera eramatea. (Argazkia: ALMA CC BY 4.0 )

ALMA survey to Resolve exoKuiper belt Substructures (ARKS) izeneko proiektuaren bitartez, horrelako egituren inguruan orain arte egin den bereizmen handieneko ikerketaren emaitzak kaleratu dituzte. Ez da lan erraza izan: 60 bat adituk parte hartu dute nazioarteko elkarlan horretan, eta Astronomy and Astrophysics aldizkarian argitaratu dute orain arte ikasitakoa. Orotara, batera argitaratutako hamar artikulutan bildu dituzte ALMA Atacama Large Millimeter/submillimeter Array behatokiari esker lortu dituzten behaketen emaitzak. Ikertutako planeta sistema bakoitza aztertzeko dozenaka ordu behar izan dituzte.

Uneotan munduan dagoen irrati teleskopio ahaltsuena da ALMA, eta 66 irrati antenez baliatzen da unibertsoa arakatzeko. Kasu honetan, hautsez betetako disko protoplanetarioen eboluzioaren sekretuak argitzeko. Zientzialariek prentsa ohar batean modu errazean azaldu dutenez, planeten eboluzioa pertsonenarekin alderatuz gero, garai hau planeta horien bizitzaren nerabezaroaren parekoa izango litzateke. Hots, planeten formazioaren diskoak baino garatuagoak daude, baina oraindik heldutasunera iritsi gabe.

Orain arte, fase hori ikustea “galdutako katebegi bat” izan dela azaldu du Wesleyan Unibertsitateko (AEB) Meredith Hughes astronomoak. “Proiektu honek ikuspegi berri bat ematen digu Ilargiko kraterrak interpretatzeko, Kuiperren Gerrikoaren dinamika edota planeta handi zein txikien hazkundea interpretatzeko”, gaineratu du. Besteak beste, ikerketa honek zientzialariei aukera eman die gure Eguzki Sistemaren eboluzioaren lehen uneak hobeto ulertzeko. Gaur egun, etapa horren emaitza da, hain zuzen, Neptunotik harago zabaltzen den Kuiperren gerrikoa. Hori ere bada hondarren eraztun bat, duela milaka milioi urte gertatu ziren planeten arteko talka eta orbiten arteko mugimenduen ostean gaur egun geratu den hondarra, hain zuzen.

Paperaren gainean, bederen, planeten eraketa prozesu nahiko ordenatua da: izar gazte baten inguruan eratzen den gas eta hauts eraztuna pilatzen da pixkanaka, eta, hortik, jatorrizko materiala planeten inguruan biltzen da. Baina ikerketa honi esker egiaztatu dute errealitatea dezente konplexuagoa dela. Prozesuan, eraztun lau eta homogeneoak beharrean, deformazioak, hutsuneak edota eraztun anizkunak sortzen dira, ezegonkortasun handiko prozesu batean. Aintzat hartu behar da disko protoplanetarioek gas eta hauts ugari daukatela, baina, hondar eraztunen kasuan, gas gehiena desagertu da dagoeneko, eta hautsa talken bidez baino ez da mantentzen. Eta azken hau garrantzitsua da, fase honetan talkek zeresan handia daukatela adierazten duelako.

Orotara, 24 hondar diskoren irudiak eskuratu dituzte, orain arte lortutako garbienak izanik. Berez, hemezortzi helmuga berri aztertu dituzte, baina aurretik ezagutzen ziren beste seiren datuez baliatu dira alderaketak egiteko. Eraztunak jomuga izan arren, astronomoak ahalegindu dira ere barruan dauden planetak aurkitzen. Alabaina, distantziak eta tamaina aintzat hartuta, hori zailagoa da.

planeten
2. irudia: ARKS programaren bitartez behatutako 24 sistemak. Anbar koloreek hautsa adierazten dute, eta urdinek, berriz, karbono dioxido asko duten sei sistemetan dagoen gasaren kokapena adierazten dute. (Irudia: Sebastian Marino, Sorcha Mac Manamon eta ARKS elkarlana).

Gas andana duten disko distiratsuekin alderatuta, hondar diskoak askoz hitsagoak dira, eta horrek izugarri zaildu du planeta horien irudiak eskuratzea. Baina, orain, disko horietan bilakaera bat dagoela egiaztatzeko moduan egon dira. Gainera, behatutakoaren arabera, disko protoplanetarioetako egitura partez mantendu da ehun milioika urte pasata ere.

Aztertutako sistemetatik hamarrek asimetria argiak dituzte, eremu trinkoagoekin, disko eszentrikoekin edota deformazio bertikalekin. Horrek adierazten du momentuz ikusi ezin diren planeta gehiago daudela sistema horietan. Behatu dituzten egiturei dagokienez, besteak beste, honakoak daude: eraztun asko dituzten eraztunak, halo zabal eta lauak, ertz zorrotzak edota arkuak. Ikertzaileek nabarmendu dute aniztasun honek erakusten duela planeten historian pasarte dinamiko eta konplexuak gertatu izan direla. Ikusitakoen heren batean egiturak bereziak daudela konturatu dira; hala nola askotariko eraztunak edota hutsune nabarmenak. Disko horietan eremu bareak zein kaos handikoak ikusi dituzte. Soilik behatokiaren bereizmenari esker posible izan da honetaz jabetzea, orain arteko behaketekin disko zabal eta jarraituak zirela ematen zuelako. Egitura horien sorrerari dagokionez, zenbaitetan eraztunak planetak sortu aurretik eratu zirela ondorioztatu dute, baina beste batzuk denbora luzean zehar sortzen joan zirelakoan daude.

Besteak beste, ikertzaileek ezustekoa hartu dute gas molekularraren presentziagatik: ikertutako eraztunen seitan aurkitu dute gas hau. Batez ere, karbono dioxidoa hauteman dute, baina, eredu teorikoen arabera, gas horrek aspaldi barreiatuta egon beharko zuen. Gauzak hala izanik ere, sistema horietako batzuek 50 milioi urte baino gehiago dituzte. Berez disko protoplanetario gazteenetan gas asko dago, eta distiratsuagoak dira. Hondar diskoetan, berriz, hauts gehiago dago, eta, lehen aipatu dugun bezala, horrek hitsagoak bilakatzen ditu. Disko batzuek uste baino denbora askoz gehiago mantentzen dute gasa, eta planeta batzuen kasuan, inguruan geratzen den gasak zeresana izan dezake hazten ari den planetaren konposizio kimikoan.

Carlos del Burgo IAC Kanarietako Astronomia Institutuko kideak azaldu du behaketa berri hauek osatu ahalko direla radio abiadurako kurbekin eta argi kurbekin aurkitzen hasiak diren mundu berri hauek hobeto ulertu aldera.

Erreferentzia bibliografikoa:

Marino, S.; et al. (2026). The ALMA survey to Resolve exoKuiper belt Substructures (ARKS) — I: Motivation, sample, data reduction, and results overview. Astronomy & Astrophysics, 705. DOI: 10.1051/0004-6361/202556489.


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.