Bortizeak, fluidoen dinamikak eta flamenkoen elikadura
Flamenkoen 20.000 bikote inguruk izan dituzte negu bereziki euritsu honen onurak eta Fuente de Piedra urmaelean ari dira ugaltzen, lerro hauek idazten ari naizen tokitik berrogeita hamar kilometro ingurura. Urmael gazi honetan ornogabe txiki ugari dago, baita zianobakterioak eta flamenkoek jaten dituzten beste mikroorganismo batzuk ere. Ikuskizun zoragarria da flamenkoak jaten ikustea; postura bitxian jaten dute, burua alderantzikatu eta mokoaren goiko zatiaren alde distala hondoaren edo uraren azaleraren paraleloan dutela (1. irudia).

Badakigu flamenkoek mihia erabiltzen dutela ura ponpatzeko pistoi gisa; ondorioz, jaten dituzten organismoak (gehienetan milimetro bat eta bost artekoak) mokoaren ertzean dituzten xafla fin korneoetan gelditzen dira. Beste hegazti batzuek, ahateek esaterako, iragazteko sistema hori erabiltzen dute, baina Estatu Batuetako ikertzaile talde batek PNASen argitaratutako artikulu batean flamenkoen elikadurari buruzko bestelako ikuspegia eman digu. Gainera, lortutako emaitzek flamenkoen bi bitxikeria azaltzen dizkigute. Batetik, mokoaren forma bihurria, gainerako hegazti-taldeena ez bezalakoa. Eta, bestetik, azaleko ura iragazteko mokoa korrontearen alde jartzea eta ez aurka, animali iragazle gehienek egiten duten bezala.
Azterketa honetarako zuzeneko behaketak egin zitzaizkien flamenkoei, fluidoen dinamikaren modelo biofisikoak egin ziren eta 3D inprimagailuekin modelo mekanikoak ere bai. Artikulu honen amaieran daude behaketa horien guztien bideoak.
Ikertzaileek argitutako lehenengo estrategia burua bat-batean (40 cm/s 400 milisegundotan) atzeratzearen ondorioz sortzen diren “mini-tornadoak” dira. Flamenkoak mokoaren goiko zatiaren zati distala, nahiko laua den zatia, lurretik gertu kokatzen du. Azkar altxatzean zurrupaketa bat eragiten du, sedimentuak eta gertuko organismoak eragiten ditu eta bortize batean harrapatzen ditu (2. irudia, 1. bideoa).

Flamenkoen bigarren teknika goiko mokoaren “karraska” da, ireki eta ixteko mugimendu azkarra (segundoko 12 aldiz, gutxi gorabehera). Mugimendu horren bidez ahoko ura gorantz bultzatzen dute, eta ez alboetara, orain arte hala uste zen arren. Horrek azpiko ura moko aldera xurgatzea eragiten du eta elikagaiak hobeto harrapatzen dira. Modelo mekaniko batekin egindako esperimentuak erakutsi zuenez, mokoaren bidez ura punpatu eta karraska egitean zazpi aldiz artemia gehiago harrapatzen dute[1] karraska egin gabe ura punpatutakoan baino (3. irudia, 2. bideoa).

Flamenkoen hanka palmatuak gora eta behera mugitzen dira jaten ari den bitartean. Aurretik ere uste zen substratuko organismoak lurpetik ateratzen laguntzen zuela. Ikerketan erabilitako modeloek erakusten dutenez, hatz palmatuak izurtu egiten dira igotzean, zabaldu jaistean eta bortize bertikalak eragiten dituzte; bortize horietan kontzentratzen dira organismoak, ihes egitea galarazten diete eta iragaztea eraginkorragoa izaten da (4. irudia, 3. bideoa).

Azkenik, flamenkoak uraren azala iragazten duenean harrapatzeko (ornogabeen ur gaineko arrautzak, esaterako), mokoaren punta uraren korrontearen norabidean jartzen du. Mokoaren formaren ondorioz Karmanen bortizea sortzen da, hau da, zurrunbilo multzo bat. Multzo horrek uraren berzirkulazioa eragiten du eta elikagaien partikulak mokoaren ertzetara bidaltzen ditu, (5. irudia, 4. bideoa).

Laburbilduz, flamenkoek ura eta sedimentuak pasibotasun osoz iragazi baino zerbait gehiago egiten dute; depredadoreak dira eta estrategia sofistikatuak erabiltzen dituzte organismoak pilatu eta harrapatzeko, organismo horiez elikatzen baitira. Estrategia horretarako bortize tipo bat baino gehiago sortu behar dute eta mokoaren forma bitxia xede horretarako egokitzapen morfologiko efizientea dela dirudi.
Oharrak:
[1] Krustazeo txikia, flamenkoen dietako funtsezko elementua, lumei kolore gorria ematen dieten karotenoideak dituena.
[2] Bideoak eskuragarri daude webgune honetan ere (Ortega-Jiménez et al., 2025, aipu osoa erreferentzietan, CC BY-SA 4.0.)
Erreferentzia bibliografikoa:
Schmidbauer, Philipp; Hahn, Madita; Nieder, Andreas (2025). Crows recognize geometric regularity. Science Advances, 11,15. DOI: 10.1126/sciadv.adt3718.
Flamingos use their L-shaped beak and morphing feet to induce vortical traps for prey capture. PNAS, 122. DOI: 10.1073/pnas.2503495122
Egileaz:
Ramón Muñoz-Chápuli Oriol Animalien Biologiako Katedraduna (erretiratua) da Malagako Unibertsitatean.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2025eko ekainaren 16an: “Vórtices, dinámica de fluidos y la alimentación de los flamencos“.
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.