Mary Alice McWhinnie: aitzindaria Antartikan

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

5 min

Mary Alice McWhinnie: aitzindaria Antartikan

Mary Alice McWhinnie biologoak historian bere tokia hartu du; izan ere, zientzialari aitzindarietako bat izan zen Antartikara, lurralde atsegingabe eta izoztu horretara, lan egitera joaten. Aditua zen bertako uretan bizi den krustazeo txiki baten, krillaren, azterketan, zeina itsasoko bizitzan ezinbestekoa den. McWhinniek Drake pasaia arriskutsua gurutzatzea eta McMurdo base amerikarrean lan egitea lortu zuen. Ondorioz, McWhinnie eta bere laguntzailea, 128 gizonezkorekin batera, negu osoa han igaro zuten lehenengo emakumeak izan ziren. Urte gutxi batzuk beranduago, USNS Eltanin ontzi ozeanografikoko zientzialarien buru izendatu zuten, baina bere karrera nahi baino goizago zapuztu zen garuneko tumore baten ondorioz.

Krilla besteak beste baleen edo pinguinoen elikakatean ezinbestekoa den ganba espezie bat da, baina gaur egun egoera larrian dago, batez ere organismo horren eskaria oso handia delako kosmetikoak, giza nutriziorako osagarriak zein maskotentzako janaria egiteko. Hala ere, hori pentsaezina zen McWhinnie krilla ikertzen ari zenean. Krilla salerosteko, urtean dozenaka mila tona ateratzen dira itsasotik, horietako asko Antartikan. Alde positiboa da bera aritu zen eremua, Ross itsasoa, itsasoko eremu babestua dela 2016az geroztik.

McWhinnie
1. irudia: Mary Alice McWhinnie biologoa. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Hala ere, ezin genuen egoera hori imajinatu Chicagoko (AEB) gure ikertzailea lanean hasi zen garaian. 1922ko abuztuaren 10ean jaio zen mafiak menderatutako hiri batean, eta ezer gutxi dakigu zientziarekiko interesa sorrarazi zioten gertakariei buruz. Bere karreraren inguruan daukagun lehenengo datu biografikoaren arabera, bere hiriko DePaul Unibertsitatean Biologia gradua bukatu zuen 1946ean, eta irakasle lanetan hasi zen.

Mary Alicek Northwesterneko Unibertsitatean Zoologia eta Fisiologia doktoregoa bukatu zuen 1952an, eta mailaz igotzen jarraitu zuen; hain zuzen ere, Biologia Zientzien departamentuko zuzendari izan zen 1964tik 1969ra bitartean. Garai hartan irakasleen gehiengoa gizonezkoak ziren, batez ere apaiz bizentinoak. Hortaz, berak emakumezkoen presentzia areagotu zuen, irakasle gisa kontratatu baitzituen, bai eta erakundeko Sustapen Batzarreko kide izateko ere. Halaber, ikerketa ekimenak lideratzen zituen, doktorego programetarako finantzaketa federala lortu ostean.

Izotzaren kontinentera iristea

Bere bizitza zientifikoaren esparruan 1962. urtea oso garrantzitsua izan zen; izan ere, bere proiektua onartu zuten “uraren tenperaturaren eta muda krustazeoen fisiologiaren arteko harremana” ikertzeko, eta, krillarena zehatzago, Estatu Batuak Antartikan egiten ari ziren programa antartiko polarraren esparruan, Zientzien Fundazio Nazionalaren eskutik. 1959az geroztik aurkezten ari zen proiektu hori, eta, azkenean, Eltanin ontzian izotzaren kontinentera joateko hautatu zuten. Lehen emakumea zen bere herrialdean hori lortzen. Phyllis Marciniak gonbidatu zuen abenturan parte hartzera, DePauleko beste ikertzaile batek, eta hura izan zen bere laguntzailea. Bidaian zehar Ross itsasoa, Weddell itsasoa eta Hego Orkada uharteen aurrealdea bisitatu zituzten, beste bi emakumezko ikertzaile txiletarrekin batera.

McWhinnie
2. irudia: Mary Alice McWhinnie biologoa. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Gaur egun Antartikako baseetarako bidaiak buruhauste logistikoa izaten jarraitzen du, eta, beraz, duela 60 urte baino gehiago konplikazioak amaiezinak ziren. Komunikabideak traketsak ziren (ez zegoen Internetik), klima oso hotza zen, eta ez zegoen egungo materialik, eta horrek poloetako bizimodua zailtzen zuen; hala ere, Mary Alice McWhinnieri ez zitzaion axola, gaur-gaurkoz ezezagun izaten jarraitzen duen lurraldea ezagutu nahi baitzuen. Bere gutun eta idazkietan egoera horren gogortasunaren lekukotza helarazten zuen: «goitik behera blai eginda eta ia izoztuta nengoen —itsasoa bare dago—. Zazpi ordu eman genituen arrantzan, itsasoaren indarra 5ekoa bazen ere (geldialdi guztietan 8koa) eta animaliak bereizten genituen bitartean, urak hartu gintuen», hala jaso zuen bere nabigazio-egunkarietako batean.

Pertsona asko bezala, Antartikak betiko harrapatu zuen, eta, hurrengo urteetan, Eltanin ontziko beste bidaldi askotan parte hartu zuen. Hamaika bidaia egin zituen, batzuk ikasleen laguntzaz. 1972ko espedizioan ontzi ozeanografikoko zientzialari nagusiaren kargua lortu zuen, eta berriro ere aitzindari izan zen. Bi urte beranduago, 1974ko kanpainan, berriro ere hesi guztiak suntsitu zituen: Mary Odile Cahoon moja zientzialariarekin batera, McMurdoko Ikerketa Estazioan (Ross Itsasoaren bazterrean) negua pasa zuten lehengo bi emakumeak izan ziren.

Sortzetiko toki basati horretan zoriontsu izan zen. McMurdotik bidalitako gutunetako batean, honela definitu zuen bere burua: «untxi botadun neska, haizeak astindutakoa eta itsas izotzean 2,5 metroko sakoneran arrantzan dabilena, munduaren azken puntan, Lurreko tokirik altuenean, hotzenean, haizetsuenean eta babesgabeenean: Antartikan». Hurrengo urtean, emakumezko lehenengo zientzialaria izan zen Palmer base zientifikoan, Penintsula Antartikoko uharte batean, non proiektuak itsas biologian espezializatuta dauden oraindik eta izen horrekin laborategi bat dagoen.

Poloan egindako lanetik abiatuta 50 artikulu zientifiko baino gehiago eta emaitzen aurkezpen publiko ugari egin ziren. 1977-78 eta 1978-79 arteko uda australetan krilla bizirik mantentzea lortu zuen, etengabeko fluxua zuen andel batean, itsasoko ura erabilita. Horri esker, deskubritu zuen krustazeoa errunaldiaren ostean itxuraz txikiagoa bihurtzen dela eta heldutasuna galtzen duela. Fenomeno hori «erregresio» izenez ezaguna da, eta agerian utzi zuen horren arrazoia: neguan elikatzeko erabiltzen duten fitoplanktona murrizten denean, etengabe igeri egin behar dute. Ingurune hotz horretara egokitzeko baliabidea da.

Hala ere, ez zituen ur izoztuetako izakiak bakarrik aztertu. Mary Alicek ibai karramarroen aldaketa biologikoak ere ikertu zituen, hala nola muda. Egiaztatu zuen organismoa hazteko ezinbesteko prozesua dela.

McWhinnie
3. irudia: Mary Alice McWhinnie biologoa. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

1980ko martxoaren 17an hil zen, eta hil aurreko hiru urteetan munduan zehar bidaiatu zuen, krillari buruzko hitzaldiak ematen eta bere argitalpen zientifikoen bibliografia hedatzen. Garuneko tumore baten ondorioz hil zen 57 urte zituela.

Hil ondoren, Izen Antartikoen Batzorde Aholkulariak McWhinnie Peak Antartikako gailurrari bere izena jarri zion. Urte horretan ere, DePaul Unibertsitateko saririk garrantzitsuena, Via Sapientiae saria, jaso zuen hil ostean, zientziarekiko eta bere ikasleekiko ardura saritzeko. Hala ere, harritzekoa da bere bizitzari buruzko informazio hain gutxi egotea.

Gaur egun badakigu bere ekarpen zientifikoak –krillaren fisiologiari, banaketari, ohiturei eta itsasoko elikagai gisa duen zeregin garrantzitsuari buruzkoak– oso garrantzitsuak direla klima aldaketa eta kutsadura aztertzen jarraitzeko, itsasoko bizitzari nola eragiten dioten ulertzen laguntzen baitu. Bere bizitzaren zati handi bat organismo hori aztertzen eman zuen, eta egungo egoerak ziurrenik zientziaren aldeko aktibista bihurtuko zukeen. Berak bazuen organismo horren balioaren berri, etxeko katuei ematetik edo azala hidratatzetik harago.

Iturriak:


Egileaz:

Rosa M. Tristán (@RosaTristan) zientzia eta ingurumen dibulgazioan espezializatutako kazetaria da duela 20 urtetik baino gehiagotik. Maila nazionaleko hainbat prentsa eta irrati hedabidetan parte hartu ohi du.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko irailaren 2an: “Mary Alice McWhinnie: una pionera en la Antártida

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.