Zer diote saguek gizakiei buruz?
Saguak eta arratoiak gurekin bizi izan dira milaka urtez: uzta biltegietan, etxeetan eta baita historian zehar izandako gertakari handietan ere. Baina harreman hori ez da soilik eguneroko bizitzakoa; zientziaren munduan ere funtsezkoak bihurtu dira. Zergatik dira hain garrantzitsuak ikerketarako, eta zer ikasi dugu haiei esker gure gorputzari eta geneei buruz?
Giza Genoma Proiektuak agerian utzi zuen zerbait harrigarria: gizakiok eta saguek gene kopuru oso antzekoa dugula. Horrek erakutsi zuen gene kopuruak ez duela zuzenean adierazten organismo baten konplexutasuna. Gakoa ez dago zenbat gene ditugun, baizik eta nola erabiltzen diren. Bideo honetan ulertuko duzu nola funtzionatzen duen “errezeta” genetiko horrek eta zergatik diren saguak ezinbesteko tresna gure gaixotasunak eta gorputzaren funtzionamendua ikertzeko.
Gure arbasoak Ikusgela hezkuntza proiektuaren bideo-sorta bat da. Euskal Wikilarien Kultur Elkartearen ikus-entzunezko egitasmoa da eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaborazioa izan du.