Françoise Héritier, estrukturalismoa eraldatu zuen antropologoa

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

5 min

Françoise Héritier, estrukturalismoa eraldatu zuen antropologoa

Aliantzaren eta menderatze maskulinoaren teoriaren ikuspegi antropologikoa irauli zuen. Collège de Francen irakatsi zuen lehen antropologoa —eta bigarren emakumea— izan zen Héritier, eta berak sortu zuen Afrikako gizarteei buruzko ikasketa konparatuen katedra goi mailako irakaskuntza eta ikerketako erakunde prestigiotsu horretan, 1980ko hamarkadaren hasieran. Françoise Héritierrek (1933-2017) ia kasualitatez deskubritu zuen etnologia, baina laster bihurtu zen estrukturalismoaren sortzaile Claude Lévi-Straussen oinordekoa.

Héritierrek zenbait urte eman zituen Burkina Fason, bertako herrien bizimoduak eta ohiturak ikertzen. Bizitza osoa eman zion gizakien portaera aztertzeari, eta aztarna utzi zuen emakume zientzialarien hainbat belaunaldirengan, Frantzian eta munduan.

Françoise Héritier
1. irudia: Françoise Héritier ikertzailea. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Haren lanek ikaragarri aberastu zuten estrukturalismoa, Claude Lévi-Straussek antropologian sortutako korronte teorikoa. Eskola horrek fenomeno sozialak zeinu edo sinbolo sistema gisa aztertzen ditu, linguistikaren, fonologiaren, matematikaren eta natur zientzien printzipioak aplikatuz.

Haurtzaroa, etnologiaren aurkikuntza eta Afrikako egonaldia

Héritier 1933ko azaroaren 15ean jaio zen Veauche hirian, Loirako departamenduan, Auvernia-Rodano-Alpeetako eskualdean. Landa eremuan igaro zuen umezaroa, aitita-amama bertan bizi baitziren, eta Françoisek haiengandik jaso zuen lurrarekiko eta esku teknikekiko zaletasuna. Nebak eta berak jasotako heziera diferenteei erreparatuta jabetu zen lehenengoz genero desparekotasunez.

Parisera aldatu zen eta Racine lizeoan amaitu zituen bigarren hezkuntzako ikasketak. Gero Fénelon lizeoan egin zuen unibertsitaterako prestakuntza. Lanbidez historialaria eta geografoa izanik, etnologia deskubritu zuen Lévi-Straussek erlijio zientzien gainean emandako ikastaro batean, Gizarte Zientzietako Goi Mailako Ikasketen Eskolan. Bitan pentsatu barik, karrera horretan eman zuen izena Sorbonako Unibertsitatean.

1957an estrukturalismoaren sortzaileak Héritier gomendatu zuen ikerketa bat egiteko Mendebaldeko Afrika Frantsesean (Frantziako gobernuaren egitura administratibo bat, 1895etik 1958ra bitartean Afrikako mendebaldeko zortzi kolonia frantses batu zituena). Volta Garaira joan zen (gaur egungo Burkina Faso), eta bertan geratu zen bost urtez ikerketak egiten Samo, Pana, Mossi, Bobo eta Dogon herrietan.

Sexuen balentzia bereizgarria, estrukturalismoari egindako funtsezko ekarpena

Ikertzaileak antropologia estrukturalaren metodoa aplikatu zuen gizonen eta emakumeen arteko desparekotasuna aztertzeko. Aliantzaren teoriaren bidez, Lévi-Straussek aztertua zuen zelan ezkontzek eta ahaidetasun harremanek egituratzen duten kultura baten antolaera soziala. Hala ere, Héritier ohartu zen teoria horrek oinarri bat falta zuela: zergatik uste zuten gizonek eskubidea zutela emakumeak “truke txanpon” moduan erabiltzeko?

Galdera horretatik abiatuta, antropologoak ikertu zuen nola intzestuaren debekuak gizonak behartzen zituen emaztea beren odolkideen taldetik kanpo bilatzera, eta, ondorioz, auzokoekin itunak egitera, gatazkarik ez sortzeko. Orduan emakumeak trukerako ondasun bihurtu ziren tribu desberdinetako familien arteko tratuetan. Izan ere, familiak elkartu egiten ziren, dela bakea lortzeko, dela boterea bereganatzeko.

Héritierrek zioen truke hori onar zedin ezinbestekoa zela sexu biak aldez aurretik guztiz sinetsita egotea gauzak “horrela izan behar zirela”, eta gizonezko senideek arrazoia zeukatela. Bere ikerketen bitartez frogatu zuen menderatze maskulinoa eraikuntza sozial bat dela, ez berezko gauza bat.

Héritierren azterlanek aberastu zituzten Lévi-Straussen ahaidetasun eta aliantzari buruzko teoriak, maskulino/femenino binomioa estrukturalismoan txertatuta.

Françoise Héritier
2. irudia: Françoise Héritier ikertzailea. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Sexuen balentzia bereizgarriaren teoria garatu zuen. Antropologoaren hitzetan esanda, “giza gorputzak ezaugarri nabarmen bat dauka, eskandalugarria zinez: sexu diferentzia, eta sexuek ugalketan jokatzen dituzten rol desberdinak”. Hortik abiatuta, kultura guztietan eta adierazpen sistema guztietan agertzen den berdin/desberdin oposizio kontzeptuala identifikatu zuen.

Maskulinoak femeninoa nola menderatzen duen ikertzen jarraitu zuen antropologoak. Emakumeen ugaltze gaitasuna dela eta, mendeetan zehar emakumeak ezinbesteko ondaretzat jo izan dira taldeen biziraupenerako.

Pribilegio horrek beren gorputzen eta sexualitatearen gaineko eskumena kendu die emakumeei. Gizonak, eurenez gai ez izanik ondorengorik izateko, emakumeen jabe egin dira, emakumeak zeregin horretan eta beren inguruan loturik edukitzeko, eta horrek nagusitasuna eman die gizonei.

Beste aldagai antropologiko batzuek ere bermatzen dute gizonek emakumeen gaineko kontrola izatea, hala nola intzestuaren debekua, exogamia, ezkontza, eta sexuaren araberako lanaren banaketa. Horiei guztiei Héritierrek sexuen balentzia bereizgarriaren teoria gehitu zien.

Ezbaian jarri zuen milaka urteetan zehar heredatutako eta naturaltzat jotako hierarkia hori, lau modalitateren bitartez ezartzen dena: emakumeei beren gorputzaz nahi dutena egiteko eskubidea ukatzea; emakumeei jakintza debekatzea, emantzipaziorako eta pentsaera kritikorako atea itxiz; emakumeei boterea eskuratzeko eta baliatzeko era galaraztea; eta emakumeak mespretxuaren, kondeszendentziaren eta infantilizazioaren bidez azpiratzea.

Bi liburutan jaso zuen balentzia bereizgarriaren teoria: Masculin/Féminin: la pensée de la différence [Maskulinoa/femeninoa: diferentziaren pentsamendua] eta Masculin/Féminin: dissoudre la hiérarchie [Maskulinoa/femeninoa: hierarkia desegitea].

Ibilbide akademikoa eta militantzia feminista

Héritier 1960ko hamarkadaren hasieran itzuli zen Afrikatik. 1961etik 1967ra Afrika beltzari buruzko dokumentuen analisirako gunea zuzendu zuen. Urte horretan Frantziako Ikerketa Zientifikorako Zentro Nazionalera sartu zen (CNRS, frantsesezko sigletan) eta Collège de Franceko Gizarte Antropologiako Laborategiako kide bihurtu zen.

1980an Lévi-Straussen lekukoa hartu zuen Gizarte Zientzietako Goi Mailako Ikasketen Eskolako zuzendaritzan. Handik bi urtera Collège de Francen sartu zen, eta bera izan zen Afrikako gizarteen gaineko ikasketa konparatuen katedra hartu zuen lehena. Kargu horretan jarraitu zuen 1998ra arte. CNRSko etika batzordeko kidea izan zen 1998tik 2001era.

Héritierren lanek eta ikerketek aztarna ezabaezina utzi diete emakume zientzialarien zenbait belaunaldiri, eta berak garatutako teoriak funtsezkoak izan dira gaur egungo mugimendu feministentzat, frogatu baitute, adibidez, genero indarkeria ez zaiola zor inongo logika naturali, ezpada kultura patriarkalaren gehiegikeriari.

Héritier 2017ko azaroaren 15ean hil zen Parisen, 84 beteko zituen egunean. Haren ondarea antropologia eta etnologiatik harago doa, eta menderatze maskulinoa eta emakumeen eskubideak ikertzen dituzten arlo guztiak zeharkatzen ditu.

Iturriak:


Egileaz:

Analía Boggia Komunikazio Sozialean lizentziaduna, kazetaria, irakaslea eta dibulgatzailea da. Egun, Ikerketa Zientifikoko Komunikazio Sozialari buruzko Master ofiziala egiten ari da Valentziako Nazioarteko Unibertsitatean.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025ko uztailaren 2an: “Françoise Héritier, la antropóloga que transformó el estructuralismo”.

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.