Claudia Zendejas-Morales: «ikertzea jakin-minari ustea eta hura zaintzea da»
Claudia Zendejas-Morales fisikaria eta konputazioko ingeniaria da. Purdue Universityk eskaintzen dituen Teknologia Kuantikoetako bi MicroMaster egin ditu eta garatzaile egiaztatua da Qiskiten eta Qiskit Advocaten. Bere lana eta partaidetza komunitarioa nazioartean aitortu dira, UNESCOren Quantum 100ean hautatua izan delako, International Year of Quantum Science and Technologyren (IYQ 2025) esparruan.
Mentore gisa parte hartu du IBM Quantumekin lotutako proiektuetan, eta instruktore eta irakasle laguntzaile gisa parte hartu du QWorlden ikastaroetan, Letoniako Unibertsitatearekin izandako lankidetzak barne, eta QClass23/24 programa koordinatu du. QOSFren Quantum Computing Mentorship Program eta Perimeter Instituteko PSI Start Programeko kide ere izan zen, eta UNAMeko irakasle laguntzaile izan zen Ingeniaritza Fakultateko Konputazio Kuantikoko ikastaroan. Gaur egun, QWorldeko QEducation arloko ko-koordinatzailea da, eta graduondoko ikasketak egiten ditu Quantum Information Science-n, Kopenhageko Unibertsitatean. Honako arlo hauetan interesa dauka: informazio kuantiko teorikoa eta konputazio kuantikoaren oinarri matematikoak.

Zein da zure ikerketa arloa?
Nire ikerketa arloa informazio kuantikoa eta konputazio kuantikoa da, batez ere ikuspegi teorikotik. Sistema kuantikoekin egin daitekeenaren (eta egin ezin daitekeenaren) funtsezko mugak ulertzea interesatzen zait, eta ikustea korapilatzea edo koherentzia bezalako baliabideak abantailak diren (baita murrizketak ere) praktikan algoritmoak eta zirkuituak ezarri nahi ditugunean.
Zergatik aritzen zara arlo horretan?
Arlo horretan aritzen naiz beti gustatu zaizkidan hiru arlo bateratzen dituen esparru bat aurkitu nuelako: fisika, matematikak eta konputazioa. Ingeniaritzan eta softwarearen garapenean hasi nintzen, baina Fisikarako trantsizioa egin eta mekanika kuantikoko lehenengo ikastaro formala jaso nuen. Une hartan, «klik» egin zidan; izan ere, kuantikoa denak, bitxia eta liluragarria izateaz gain, egin daitekeenari eta egin ezin datekeenari buruz beste ikuspegi batetik pentsarazten digu. Gustatu zitzaidan klasikoan segurutzat jotzen ditugun intuizio askok funtzionatzeari uzten diotela, eta, hala ere, posiblea da erantzun sendoak eraikitzea tresna zorrotzekin. Harridurak eta intuizioak zorroztasunarekin sortutako konbinazio horrek harrapatu ninduen azkenean.
Gainera, izugarri gustatzen zait informazio kuantikoan ideia abstraktu bat zehatz bihur daitekeela, hala nola, ate kuantikoen sintesian eta konpiladorean lan egitean, egiaztatu ahal izan dut egitura matematikoaren erabilera (hala nola zenbait talderen geometria) ez dela soilik hizkuntza dotorea, baizik eta hurbilketa hobeak egiteko eta zergatik funtzionatzen duten ulertzeko gida bat. Teoria eta eraikuntzaren arteko lotura horiek alor horretan gozatzea eragiten dute, sormena eta zehaztasuna konbinatzen dituztela: problema bat planteatzeko modu berriak irudikatzea, eta, aldi berean, noraino hel gaitezkeen ikertzea.
Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?
Nire ibilbidean ez dut izan erreferentziazko figurarik ohiko zentzuan; izan ere, fisika ikasten nuenean, ez neukan informazio edo konputazio kuantikoan berariaz lan egiten zuen ikertzailerik. Horren ordez, nire erreferenteak lineako komunitateen bidez agertzen joan ziren, non ikasteko, galderak egiteko eta jendearekin konektatzeko oso eskuzabala zen giroa topatu nuen.
Niretzat oso garrantzitsua izan da Abuzer Yakaryilmaz, QWorlden sortzailea (konputazio kuantikoan hezteko xedea duen irabazi asmorik gabeko erakunde bat). Nik nire oinarriak bere ikastaroekin eraiki nituen, eta, denborak aurrera egin ahala, gehiago inplikatu nintzen: mentore eta irakasle laguntzaile gisa parte hartu nuen, materialen garapenean lagundu nuen, eta gaur egun hezkuntza departamentuko kide naiz (QEducation). Bereziki, QClass23/24 bezalako programa luze baten jarduerak koordinatzeak eta jarraitzeak komunitatean eta lagunduta ikastea zein baliotsua den ulertzen lagundu zidan.
Horrez gain, mentoretza programa formalagoei esker ere erreferenteak izan ditut. Jakob Kottmann ezagutu nuen Quantum Open Source Foundationeko mentoretza programaren bidez, eta harekin lan egitea izan zen konputazio kuantikoko ikerketara izan nuen lehen hurbilketetako bat, lan irekiaren eta kolaboratiboaren balioa erakusteaz gain. OneQuantum barruko beste mentoretza batean (Women in Quantum), Denise Ruffner ezagutu nuen: berarekin asko ikasi nuen giza trebetasunei buruz (soft skills) eta, batez ere, emakumeok alor horretan leku bat dugula serio hartzen hasi nintzen.
Eta, noski, «urruneko» erreferenteak ere baditut, beren ekarpen zientifikoak direla eta. Adibidez, Peter Shorek asko inspiratzen nau; izan ere, matematiketatik abiatuta, arlo guztiaren bidea markatzen lagundu zuen Shor algoritmoaren bidez, eta horrek motibatzen nau zorroztasun teorikoak aukera berriak zabal ditzakeen bidea jarraitzera.
Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?
Nire ekarpena honako hau izatea gustatuko litzaidake: denborak aurrera egin ahala, ondo definituta dauden eta garrantzitsuak diren zereginetan nagusitasun kuantikoa izenekoa modu argi eta sinesgarrian egiaztatu ahal izatea, baina oso ikuspegi zehatz batetik: ulertzea zein baldintzak ahalbidetzen duten eta zer behar den praktikan lortzeko. Bereziki, abantaila horiek murrizketa errealistak ezartzen ditugunean nola hobetzen diren (edo galtzen diren) aztertzea interesatzen zait, hala nola zarata, eskura ditugun eragiketak, zirkuituaren sakontasuna edo errorearekiko tolerantziak, eta galdera horiek muga eta konparazio zehatz bihurtzea.
Bide horretan, teoriaren eta txertatu daitekeenaren arteko arrakala ixten laguntzen duten tresnak garatzen eta fintzen lagundu nahiko nuke, bai eta zintzotasunez zein hurbil gauden ebaluatzea ahalbidetuko duten irizpide edo benchmarken bidez ere. Piezak jartzea bezalakoa dela pentsatzen dut: emaitza partzialak, kotak, metodoak eta eraikuntzak. Horiek guztiak, beste ikertzaile askoren emaitzei gehituta, gero eta eskuragarriago egin dezaten horrelako zerbait modu sendoan frogatzea.
Zein aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?
Nire gomendioa da ez itxarotea bide “ideala” hasieratik osorik ager dadin. Batzuetan, badirudi ez dagoela ibilbide argi bat ikertzen hasteko, baina ia beti daude irtenbideak: proiektu txikiak, komunitateak, mentoretzak, mintegiak, lankidetzak edo linean parte hartzeko espazioak bilatzea, bidaiatzea mugatzailea bada. Denbora eta jarraikitasunarekin, norberak maite duen horri jarraitzeko beharrezko ateak ireki ohi dira.
Horrez gain, esango nuke beti galde daitekeela. Batzuetan, ez da erantzunik egongo, baina horrek ez du esan nahi galdera gaizki zegoenik. Galdetzea, laguntza eskatzea eta atzeraelikadura bilatzea prozesuaren parte da, inork ez du isolamenduan ikertzen ikasten.
Eta noizbait ezagutzak falta badira, ikasteko modu asko daude: doako edo kostu txikiko baliabideak, urrutiko ikastaroak, oharrak, liburuak, bideoak eta biltegi irekiak. Garrantzitsuena da ikasteko gogoa ez itzaltzea. Azkenean, ikertzea jakin-minari ustea eta hura zaintzea da, mundua ezagutzen ari ziren haurrak ginenean bezala, baina orain pazientzia, diziplina eta mundua hobeto ulertzeko tresnak erabilita.
Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2026ko apirilaren 25ean: Claudia Zendejas-Morales: «Investigar es sostener la curiosidad y cuidarla».
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.
Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.