Termografia Odontologian: bero-leiho bat aho-osasunerantz

Dibulgazioa · Kolaborazioak

4 min

Termografia Odontologian: bero-leiho bat aho-osasunerantz

Termografia kamera infragorriak erabiltzen dituen teknika bat da, gorputz edo egitura batek igortzen duen erradiazio termikoa detektatzeko. Beste irudi-proba klasiko batzuetan ez bezala —esaterako, erradiografietan—, termografiak aldaketa metabolikoak eta odol-mikrozirkulazioa analizatzen ditu ehun bigunetan.

Historikoki, odontologiako diagnostiko zuzena egiteko, miaketa kliniko egoki batean lortutako aurkikuntzak eta irudi-probak (X izpiak, batez ere) ebaluatu behar izan dira, betiere testuinguru kliniko espezifiko baten barruan eta anamnesian jasotako historia klinikoa kontuan hartuta. Hala ere, azken urteotan, ikusmin handia sortu du egitura bakoitzaren bero-emisioaren ebaluazioak —hau da, ebaluazio termografikoak—. Infragorrien bidezko termografia nabarmentzen ari da Odontologia modernoa osatzen duen diagnostiko-teknika ez-inbaditzaile gisa.

Odontologian aurrera egiteaz gain, medikuntzaren hainbat arlotan sartzen ari da teknologia hori. Hona hemen gehien erabiltzen diren eremuen adibide batzuk:

  • Onkologia. Prozesu neoplasikoak detektatzeko erabil daiteke termografia. Teknika hau eremuan gertatzen den tenperatura-igoera detektatzean oinarritzen da, angiogenesiaren eta prozesu metabolikoen gorakadak eraginda.
  • Traumatologia eta kirol-medikuntza. Gaixotasun erreumatikoak dituzten pazienteen tenperatura-aldaketak detektatzeko edo kirolarien errekuperazio-egoera kontrolatzeko.
  • Barne-medikuntza. Tresna hau funtsezkoa da erredurak dituzten pazienteak monitorizatzeko, tratamendua doitzeko eta sukar-prozesuetan tenperatura-aldaketak antzemateko.

Modu sinplean esanda, gaixotasunei lotutako aldaketa fisiopatologikoak detektatzea ahalbidetzen du, prozesu neoplasikoak, infekziosoak, traumatikoak edo immunologikoak izan. Gaixotasun horiek guztiek tenperatura-aldaketak eragiten dituzte. Kamera termografikoak energia termiko hori irudi digital bihurtzen du –koloreen mapa–, non puntu beroek jarduera biologiko bizia adierazten baitute.

termografia
Irudia: mihiaren iragazki desberdinak dituen irudi termografikoa (Iturria: Javier Alberdi-Navarro eta Diego Barrio-García)

Gizakiari dagokionez, gorputzaren tenperaturari buruzko zenbait alderdi hartu behar ditugu kontuan:

  • Gizakiak izaki homeotermoak gara, hau da, gorputzeko tenperatura konstante mantentzeko gai garen organismoak, inguruneko tenperaturaren aldaketak alde batera utzita.
  • Gorputzaren tenperatura prozesu metabolikoen bidez sortutako energiarekin lotuta dago.
  • Energia hori bero bihurtzen da, odol-hodiek banatzen dute, eta larruazalean zehar barreiatzen da.
  • Gizakiaren gorputz-tenperatura altuagoa da erdialdean eta buruan, simetrikoa gorputzaren bi aldeetan, eta altuagoa emakumeen artean.

Aplikazio nagusiak odontologiako klinikan

Teknologia honen aldakortasunari esker, modu integralagoan landu daitezke osasunaren hainbat arlo:

  • Prozesu inflamatorioen detekzio goiztiarra. Inflamazioaren lehen faseetatik, kamera termografiko baten bidez hauteman daitezkeen aldaketa termikoak gertatzen dira ehunetan. Horrek prozesu fisiopatologikoak objektibatzen lagundu dezake; izan ere, gaur egun, aldagai subjektiboen bidez aztertzen dira horiek (adibidez, pazienteek sentitzen duten hanturazko minaren mailaren bidez).
  • Aho-kirurgiako ebaluazio postoperatorioa. Kirurgia baten ondoren, eremuaren birbaskularizazioa monitorizatzea ahalbidetzen du, modu erraz eta ez-inbaditzailean.
  • Neuropatien diagnostikoa. Aurpegiko min konplexuek, hala nola bosgarren bikote kranialaren (trigeminoaren) neuropatia postraumatiko mingarriek edo neuralgiek, patroi termiko espezifikoak izan ditzakete, tratamendua hobeto bideratzen laguntzeko.

Mugapen klinikoak: termografiaren erabilgarritasuna eta interpretazioaren garrantzia

Abantailak handiak diren arren, termografia teknika oso sentikorra da. Irudi termografiko bat klinikoki baliagarria izan dadin, ingurumen- eta fisiologia-faktoreak zorrotz kontrolatu behar dira, aurpegi-ahoen eremua oso sentikorra baita kanpoko aldaketekiko.

Ingurunearen kontrolari dagokionez, kontuan izan behar dugu kamera termikoak ez duela barne-tenperatura neurtzen, gainazaleko erradiazio-energia baizik. Hori dela eta, zehaztasuna aldatu egin daiteke faktore hauen ondorioz:

  • Tenperatura eta hezetasuna. Erregistroa egiten den gelak tarte konstante batean egon behar du (20 °C eta 22 °C artean). Bero-iturrietatik (berogailuak) eta hotz-iturrietatik (aire girotua) urrun egon behar du, horiek azaleko tenperatura alda baitezakete.
  • Pazienteak gutxienez 15 edo 20 minutu egon behar du gelan proba egin aurretik, aurpegiko tenperatura egonkortu dadin.

Bestalde, fisiologia-faktoreei dagokienez, banakako aldagai batzuek irudi termikoa «zikindu» dezakete. Pazienteak ez du erre behar, ezta kaferik edo alkoholik edan behar ere proba baino bi ordu lehenago, gutxienez. Era berean, makillajeak, kremek edo bizarra moztu berri izanak isolatzaile termiko gisa joka dezakete, edo bero-mapa alda dezakete.

Termografiak gainazalean gertatzen dena detektatzen du. Hezurraren barnealdean dauden arazoak ez dira islatuko agian, azaleko erantzun baskularrik sortzen ez badute. Ildo beretik, ez du informaziorik ematen detektatutako aldaketa termikoen etiopatogeniari buruz. Hori oso garrantzitsua da, sortutako irudiak ezingo baitira inoiz ebaluatu testuinguru klinikotik kanpo. Horrek esan nahi du, nahiz eta proba ez-inbaditzailea izan, profesional adituek bakarrik erabili eta interpretatu beharko lituzketela emaitzak.

Termografiaren etorkizuna Odontologian

Garrantzitsua da azpimarratzea termografiak ez duela inola ere historia kliniko osoa ordezkatzen; aitzitik, metodo osagarria da, testuinguru fisiopatologikoetan gertatzen diren aldaketak sinplifika edo objektibatu ditzakeena.

Irudi termikoak aztertzeko softwareak hobera egin ahala, ziurrenik gailu horiek ohiko bihurtuko dira odontologia-kliniketan. Arazo bat larrialdi bihurtu baino lehen detektatzeko gaitasuna da, zalantzarik gabe, Odontologia prebentiboago, gizatiarrago eta zehatzago baterantz egindako hurrengo urratsa.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • Elboray, Shrouk N.; Ezzatt, Ola M.; Salah, Ahmad; Mohamed, Asmaa; Abdalwahad, Mahetab M. (2025). Evaluation of the accuracy of infrared thermographic imaging for the diagnosis of periodontal disease: a cross-sectional study. J Clin Periodontol, 53, 498-507. DOI: 10.1111/jcpe.70066
  • Thyagaraj, J.; Ehtaih Sham, M.; Menon, Suresh; Veerendra Kumar, D.; Vinayak, R. (2025). Efficacy of Infrared Thermographic Camera in Early Detection of Vascular Obstruction Following Microvascular Flaps in Head and Neck Reconstruction: A Prospective Clinical Study. J Maxillofac Oral Surg, 24, 1925-1929. DOI: 1007/s12663-024-02145-0
  • Vitores-Calero, Andrea; Zamora-Martínez, Natalia; Priego-Quesada Jose Ignacio; Cibrián-Ortiz de Anda, Rosa; López-Areal, Jaime Gil; Bellot-Arcís Carlos; Tarazona-Álvarez, Beatriz; García-Sanz, Verónica; Gandía-Franco, José Luis; Paredes-Gallardo, Vanessa (2025). Effect of vibrational forces from acceledent on dentoalveolar surface temperature during clear aligner therapy: an infrared thermography study. Sci Rep, 15, 44477. DOI: 1038/s41598-025-28065-8
  • Nicolas-Rodriguez, Elena; Pons-Fuster, Eduardo; López-Jornet, Pia (2024). Diagnostic infrared thermography of the tongue and taste perception in patients with oral lichen planus: Case-control study. J Clin Med, 13, 435. DOI: 3390/jcm13020435

Egileez:

Javier Alberdi-Navarro Odontologian doktorea da eta EHUko Medikuntza eta Erizaintzako Fakultateko Estomatologia Saileko irakaslea eta ikertzailea da.

Diego Barrio-García Odontologian graduatua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.