Asteon zientzia begi-bistan #364

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

konbutxa

Osasuna

Konbutxa edari ia ezezaguna izatetik supermerkatu, osasun-denda eta influencerren kanal askotan egotera pasa da. Esaten dutenez, konbutxak ezaugarri miragarriak ditu, besteak beste, odol-tentsio altua saihesten du, energia ematen du eta immunitate-sistemarentzat onuragarria da. Edari hartzitu hau antioxidatzailea eta antikartzinogenoa izan litekeela ikusi da, baina, momentuz Petri plaketan hazitako kultiboetan bakarrik frogatu ahal izan da. Gainera, zenbait ikerketek erakutsi dutenez, gehiegizko konbutxa kontsumoa arriskutsua izan daiteke. Josu Lopez Gazpiok azaltzen du Zientzia Kaieran: Konbutxa, modako freskagarria edo bizitzaren elixirra?

Emakumeak zientzian

Estatu ezberdinen artean eginiko inkesta baten arabera, herritarren %63aren ustetan emakumeek ez dute balio goi-mailako zientzialariak izateko. L’Oréal Fundazioak burutu du azterketa hau eta lorturiko datuek oraindik gizartean oso barneraturik dauden ideiak plazaratu dituzte. Hala ere, argi utzi behar da mota horretako iritziek ez dutela inolako oinarri enpirikorik. Datu objektiboen arabera, ibilbide zientifikoek neurri txikiagoan erakartzen dituzte emakumeak gizonezkoak baino, hein handi batean, neskek haurtzaroan eta gaztaroan jasotzen dituzten mezu diskriminatzaileengatik. Ana Zubiagak azaltzen du Zientzia Kaieran: Emakumeak lanbide zientifikoan: non gaude eta non egon nahi dugu.

Ernest Lluch Kultur Etxeak programa berri bati emango dio hasiera urriaren 19an. Emakume zientzialarien argitan izenarekin, kultur etxeak zientziaren dibulgaziorako egiten duen lanean sakonduko du eta helburu nagusia emakume zientzialariak ezagutzea izango da. Elhuyarreko Ana Galarraga Aiestaranek koordinatuta eta gidatuta, arlo desberdinetan lan egiten duten emakume zientzialariak elkarrizketatuko dira eta hauek ezagutzeko aukera paregabea izango da. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Paleontologia

Tardigradoak, ornogabe mikroskopiko batzuk, duela 500 milioi urte azaldu ziren Lurrean eta, beraz, eboluzio luzea egin duten arren, orain arte bi tardigrado fosil besterik ez dituzte aurkitu erregistro fosilean. Orain, Dominikar Errepublikako anbar-tanta batean azaldu da hirugarren alea eta duela 16 milioi urtekoa da, Zenozoikoaren garaikoa. Oso zaila da organismo hauek fosilizatzea. Izan ere, ez daukate nahikoa mineral gorputzean horrelako prozesu bat aurrera eramateko. Aitziber Agirrek azaltzen du Elhuyar aldizkarian: Duela 16 milioi urteko tardigrado fosil bat aurkitu dute anbarean

Estatu Batuetako White Sands parke nazionalean oinatz arrasto fosilduak atzeman dituzte eta duela 23.000-21.000 urte artean datatuak izan dira. Antzinako aintzira baten barnean zeuden oinatzak, behin lokatza izan zen eremu batean eta honek zehaztasun gehiagorekin datatzea ahalbidetu du. Science aldizkarian argitaratu da aurkikuntza adituen aztoramendua sortuz. Izan ere, datazio horren arabera, azken glaziazioa bere punturik gorenean zegoenean populatuta zegoen Ipar Amerika. Berri honek, beste behin, hankaz gora utzi du Clovis hipotesia eta gizakiaren Amerikarako migrazioa 10.000 urte aurreratu du. Juanma Gallegok azaltzen du Zientzia Kaieran: Uste baino lehenago iritsi zen gizakia Ameriketara.

Teknologia

Gasteizko eta Bilboko Fisika Aplikatua Saileko lau ingeniarik industriarentzat laguntza handikoa izan daiteken teknika bat diseinatu dute, termografia infragorri aktiboa eta laser mugikorra erabiliz. Ikerketa-talde honek industriako material eta piezetan pitzadura bertikalak detektatzeko eta karakterizatzeko metodo bat garatu du, begi hutsez ikusten ez diren akatsak aurkitu eta konpontzeko aukera emanik. Orain arte, termografia aktiboa erabiliz, laginaren gainazalaren berotze eta hozte prozesuak kamera infragorri batekin grabatzen ziren akatsak ikusi ahal izateko. Pitzadura bertikalak, ordea, ez dira argiztapen uniformearekin detektatzen eta hau jakinik, ingeniari hauek Laser Mugikorreko Termografia infragorria erabili dute. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Pitzadura bertikalen detekzio eta karakterizazioa termografia infragorria eta laser mugikorra erabiliz.

Material magnetikoak sailkatzeko aspaldiko arazoa ebatzi dute Luis Elcoro EHUko irakasleak eta nazioarteko hainbat ikertzailek. Elkarlan honen bidez, material errealen isolatzaile topologiko magnetikoen lehen gida unibertsala lortzeko oinarria jarri dute. Orain arte, material magnetikoetarako garatutako sailkapen-sistema arrakastatsuena (Lev Shubnikov zientzialari sobietarrak duela ia 75 urte lortu zuena) osatu gabe egon da eta azkenik, ikerlari-talde honek osatu du. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Astronomia

Otsailetik Perseverance ibilgailua Marteko Jezero krater handian datuak jasotzen dabil eta dagoeneko, planeta gorriaren eboluzioari buruzko informazio interesgarria argitu du. NASAren datuen arabera, garai batean, Jezero kraterra aintzira lasai bat zen, ibai batek elikatua baina bat-bateko uholde indartsu batek aintziraren izaera aldatu zuen. Ibaiaren deltan eta aintziran aurki daitezken arroka handien presentziagatik ondorioztatu dute hau. Gerora ordea, klima-aldaketaren batek aintzira lehortzea eragin zuen, eta hurrengo milioika urteetan lehor mantendu da. Aitziber Agirrek azaltzen du Elhuyar aldizkarian: Marteren eboluzio klimatiko eta hidrologikoari buruzko datu esanguratsuak eman ditu NASAk.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.