Konbutxa, modako freskagarria edo bizitzaren elixirra?

Kolaborazioak

Tamalez, litekeena da jada galderaren erantzuna asmatu izana. Agian -harrigarria balitz ere-, artikulu honetan moda-modakoa den freskagarria betiereko bizitzaren elixirra dela irakurri nahiko zenuke. Beharbada, gaixotasun guztien sendagai miragarriari buruzko informazioa irakurtzeko iritsi zara hona. Agian, kirol gogorrenak nekerik gabe egiteko edariaren bila ari zara. Akaso, influencer ospetsuenaren azken bideoan entzun duzun hori zer den jakin nahi duzu, besterik gabe. Zer da, baina, konbutxa? Modako freskagarria edo bizitzaren elixirra?

konbutxa
Irudia: Konbutxa freskagarria. (Argazkia: LyraSid – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Konbutxa edari ia ezezaguna izatetik supermerkatu eta osasun-denda gehienetan egotera pasa da. Konbutxaren ezaugarri miragarriak azpimarratzen dituztenek ia-ia bizitzaren elixirra dela esaten dute. Has gaitezen hasieratik. Konbutxaren ezaugarriak xehatzeko, lehenik eta behin konbutxa bera zer den azaltzea ezinbestekoa da. Konbutxa, te mota bat da, hartzidura prozesua jasan duen tea, hain zuzen ere. Bere jatorria Asian dago eta, bereziki, Txinan eta Japonian kontsumitzen zen.

Konbutxa edari probiotioko gisa saltzen da, alegia, mikroorganismo biziak dituen edari edo elikagai gisa. Elikagai probiotikoetan dauden mikroorganismoek, kopuru egokietan erabilita, organismo ostalariaren digestio-aparatuan eta, oro har, organismo osoan, onurak eragiteko gai izan daitezke. Elikagai probiotikoak ez dira nahastu behar elikagai prebiotikoekin. Elikagai prebiotikoek organismoan dauden mikroorganismoen -nagusiki hesteetako bakterioen- hazkundea areagotzen duten substantziak dira. Zenbait kasutan, elikagai prebiotikoek eragiten duten bakterio onuragarrien hazkundea onuragarria izan daiteke ostalariaren osasunarentzat.

Konbutxara itzuliz, esan dugu edari probiotikoa dela bizirik dauden mikroorganismoak dituelako eta edari probiotikoak osasungarriak izan daitezkeela. Horrek ez du esan nahi, zuzen-zuzenean, konbutxa osasungarria denik, jakina. Azken batean, konbutxak dituen mikroorganismoak ostalariarentzat onuragarriak direnik, momentuz, ez da frogatu. Konbutxa prestatzeko, te mota bati azukrea gehitzen zaio eta, jarraian SCOBY –Symbiotic Culture Of Bacteria and Yeast- delako bakterio eta legamien kolonia erabiltzen da hartzidura prozesua aurrera eramateko. Likidoa estali egiten da -baina, airearekin kontaktua mantenduz- eta egun gutxi batzuk geroago, konbutxa prest dago.

Hartzidura prozesuan zehar, hainbat erreakzio kimiko gertatzen dira bakterio azetiko eta laktikoei esker, besteak beste. Legamia eta bakterio horien hazkuntzari esker, arriskutsuak izan daitezkeen mikroorganismoen hazkuntza saihesten da eta hamar bat eguneko epean tea eta azukrea hainbat aminoazido, bitamina eta entzima dituen edari karbonatatua lortzen da. Zenbait ikerketek erakutsi dutenez, konbutxa antioxidatzailea eta antikartzinogenoa izan liteke, baina, momentuz plaketan hazitako kultiboetan bakarrik frogatu ahal izan da hori. Petri plaka batean gertatzen dena gizakietara estrapolatzea arriskutsua eta ausarkeria da.

Konbutxa ezaugarri miragarri hauekin lotu izan da: odol-tentsio altua saihesten du, energia ematen du, immunitate-sistemarentzat onuragarria da, bihotzekoen arriskua murrizten du eta kolesterola murrizten du. Momentuz, zerrendatutako ezaugarri onuragarri horietako bat bera ere ez da frogatu ahal izan. Aldiz, zenbait ikerketek erakutsi dutenez, gehiegizko konbutxa kontsumoa arriskutsua izan daiteke. Bereziki arriskutsua da etxean egindako konbutxa hartzea; izan ere, higiene baldintza egokietan ez bada egiten, etxean egindako edariak mikroorganismo kaltegarriak izan ditzake. Hartzitutako edari izanik, gainera, konbutxak alkohol etilikoa izan ohi du kantitate txikian bada ere eta etxean egiten bada, zaila da jakitea zein den lortu den edari horren konposaketa zehatza. Ez dugu ahaztu behar etxean egindako konbutxak ez duela inolako kalitate-kontrolik izango. Merkaturatzen den konbutxaren kasuan, edari nahiko berria izanik, beharrezkoa litzateke bere ekoizpenaren kalitatea eta bere ezaugarri onuragarri zein kaltegarriak zehazki ezagutzea. Oro har, hartzidura prozesua modu kontrolatuan egiten bada, konbutxa freskagarri bat besterik ez da.

Konbutxa modako edaria denez, ohikoa da ezaugarri osasungarri miragarriak esleitu nahi izatea, baina, momentuz, tarte zabala dago zientziak frogatu ahal izan duenarekin. Dakigunez, hartzitutako edari batzuk eragin onuragarri zehatz batzuk dituzte osasunarentzat, baina, horrek ez du esan nahi hartzitutako edari guztiak onuragarriak direnik. Era berean, konbutxari buruzko hainbat ikerketa berrikusi zituen 2019. urteko lan baten arabera, aztertutako 310 analisietatik bakarrean frogatu ahal izan zen konbutxak eragin positiboa zuela giza-osasunean. Gainera, ikerketa bakan horren mugak nahiko handiak izan ziren eta ondorioak ez dira guztiz argiak, kontrol talderik ez baitzen erabili ikerketan.

Laburtuz, konbutxa edari freskagarri bat gehiago da, momentuz, eta ez da frogatu osasunean eragin positiborik duenik. Horrexegatik, neurriz hartzea gomendatzen da, beste edozein edari bezala. Hartzekotan, arriskutsua izan daiteke etxean egindakoa kontsumitzea, mikroorganismo kaltegarriak izan baititzake eta bere alkohol-maila ezezaguna izango delako. Zientziak kontrakoa dioen arte behintzat, ez genuke konbutxa edan beharko bere ezaugarri osasungarri miragarriengatik, gustuko edaria delako baizik. Oraingoz, bizitzaren elixirra ez dugu konbutxan topatuko…

Informazio gehiago:


Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

1 iruzkina

  • […] Konbutxa edari ia ezezaguna izatetik supermerkatu, osasun-denda eta influencerren kanal askotan egotera pasa da. Esaten dutenez, konbutxak ezaugarri miragarriak ditu, besteak beste, odol-tentsio altua saihesten du, energia ematen du eta immunitate-sistemarentzat onuragarria da. Edari hartzitu hau antioxidatzailea eta antikartzinogenoa […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude