Ibilgailu elektrikoetarako sarbideak arrakala soziala erakusten du

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

3 min

Ibilgailu elektrikoetarako sarbideak arrakala soziala erakusten du

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta BC3 zentroak elkarrekin egin duten ikerketa batek erakusten du diru-sarrera handiak eta hezkuntza-maila altuak dituzten eta hiriguneetan dauden etxeetan kontzentratzen direla ibilgailu elektrikoak. Horrek erakusten du ibilgailu horietarako sarbidean arrakala sozial bat dagoela. Azterketan ondorioztatzen da laguntza publikoen gaur egungo programek ez dutela desberdinkeria hori zuzentzen, eta dirulaguntzak diru-sarreren mailarekin lotzea proposatzen du.

Errepideetako garraioa erronka handia da klima-aldaketaren aurkako borrokan. Berotegi-efektuko gas gehien sortzen duten sektoreetako bat izateaz gainera, emisioek hazten jarraitzen duten sektore bakarra da. Testuinguru horretan, automobil-parkearen elektrifikazioa da mugikortasuna deskarbonizatzeko estrategia nagusietariko bat. Hala ere, Europako automobil-parke zaharrenetariko bat du Espainiak, eta helburua 2030erako 5,5 milioi ibilgailu elektriko izatea den arren, gaur egun 600.000 bakarrik daude, DGTren datuen arabera.

ibilgailu
Irudia: EHU eta BC3 zentroak egindako ikerketak, batutako datuekin, erakusten du ibilgailu elektrikoetarako sarbidean arrakala sozial bat dagoela. (Argazkia: smart-me AG – pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)

Egoera horretan, Mercè Amich EHUko ikertzaileak lan batean aztertu du, batetik, estatuan zer faktorek eragiten duten ibilgailu elektrikoen erosketan eta, bestetik, haiek erosteko dirulaguntza-programa nagusiek (MOVES planak) zer-nolako eraginkortasuna duten.

Amichek azaldu duenez, “Zer gertatzen ari den ulertu behar dugu. Izan ere, erritmo honetan, ez dira helburuak lortuko. Europako beste testuinguru batzuetan, ibilgailu elektrikoak zabaltzeko prozesua funtzionatzen ari da. Ez dago Europako iparraldeko herrialdeetara joan beharrik. Portugal, esate baterako, askoz hobeto egiten ari da. Gure azterketan ikusi dugu ibilgailu elektriko gehienak hiri-inguruneetan daudela, diru-sarrera altuak eta goi-mailako ikasketak dituzten etxeetan. Arrakala sozial esanguratsua dago ibilgailu elektrikoak eskuratzeari dagokionez, eta gaur egungo laguntza-programek areagotu egiten dute desberdinkeria hori. Teknologia horietarako sarbidea demokratizatzen ez bada, ez dira helburu klimatikoak beteko”.

Azterketaren arabera, faktore hauek dute eragin handiena ibilgailu elektrikoak eskuratzeko garaian: sarrera ekonomikoak, hezkuntza-maila eta bizilekua. Hona hemen Amichek emandako xehetasunak: “Zenbat eta diru-sarrera handiagoak, jabetza gehiago. Batezbestekoa aise gainditzen duten etxeetan dago ibilgailu elektriko gehien. Jabe gehienek goi-mailako ikasketak dituzte eta hiri handietan bizi dira; batez ere, Bartzelonan eta Madrilen”.

Emaitzak berritzaileak dira, ibilgailu elektrikoen jabetzaren inguruko datu errealak aztertu baitituzte aurrenekoz. 2021. urtea arte, lehentasunei buruzko inkestak bakarrik zeuden, eta ez zuten biztanleriaren benetako jokabidea islatzen. Horregatik, benetan gertatzen denaren lehen erradiografia da azterketa hau.

Sozialki eta ingurumenaren aldetik eraginkorrak ez diren dirulaguntzak

Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren MOVES dirulaguntza-programen eraginkortasunari dagokionez, EHUren azterketak ondorioztatu du ez direla behar bezala funtzionatzen ari. Jabetzaren inguruko datuak eta laguntza ekonomikoen lurralde mailako banaketa biak batera aztertuz, ikerketa-taldeak ikusi du baliabide publikoak ez direla iritsi gehien behar dutenengana eta ez direla eragiten ari automobil-parkea benetan berritzean.

Amichek azaldu duenez, “Guk ez dugu ibilgailu elektrikoak dituzten pertsonek MOVES planetan parte hartu zuten ala ez zehazten duen daturik. Baina merkatuan hain gutxi daudenez, nahiko seguru dakigu datuak elkarri lotuta daudela. Beraz, informazioa lotzen badugu, ikusten dugu laguntzarik gabe ere ibilgailu elektriko bat eros dezaketen pertsonei ematen zaizkiela laguntzak. Eta horrek esan nahi du laguntzak ez direla erosketa-jokabidea aldatzen ari, eta, hain zuzen, hori da mota horretako politika publikoen helburua”.

Gainera, emaitzek erakusten dute erabiltzaile askok ez dituztela ordezten beren errekuntza bidezko ibilgailuak, baizik eta ibilgailu elektriko bat gehitzen dutela flotan, eta laguntzen ingurumen-eragina murrizten dela horrela.

Laguntza-programen diseinua hobetzeko proposamenak

Laguntza-programen efizientzia sozial eta ingurumenekorik ezari aurre egiteko gomendioak jasotzen dira ikerketan. Adibidez, ibilgailu elektrikoetarako sarbide ekitatiboago bat sustatzeko, ikerketak proposatzen du errenta-muga bat ezartzea laguntzak jaso ahal izateko, eta, hala, premia handiena dutenengana irits daitezen bermatzea. Amichek azaldu duenez, “Gaur egun, berdin jasotzen dute laguntza dirutza handi bat duen eta Tesla bat erosi nahi duen Madrileko pertsona batek eta hainbesteko baliabide ekonomikorik ez duen norbaitek. Diru publiko asko bideratzen ari dira ibilgailu nahiko esklusibo eta garestiak erosten laguntzeko ziurrenik inbertsio hori egiteko gaitasun ekonomikoa dagoeneko baduten biztanleriaren segmentu oso txikiei. Gehieneko errenta-muga bat ezarri beharko litzateke, beste laguntza-mota batzuekin egiten den moduan”.

Ingurumenari dagokionez, errekuntza bidezko ibilgailu zaharrak desegiteko baldintza berrebaluatzea proposatzen dute, ibilgailu elektrikoek benetan ordeztu ditzaten automobil kutsatzaileenak. MOVES planen deialdi batzuetan jaso zen irizpide hori, baina ezabatu egin zen.

Iturria:

EHU prentsa bulegoa: “Errenta handienak eta hezkuntza-maila altuenak dituzten pertsonen esku daude ibilgailu elektriko gehienak”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Amich, Mercè; Tomás, Manuel; Mariel, Petr; Arto, Iñaki (2026). Clean vehicle ownership: Implications for effective policy interventions. Energy Economics. DOI: 10.1016/j.eneco.2026.109172

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.