Dozena erdi ariketa 2026ko udarako (1): bi zifra desberdinekin
Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko larunbatero matematika-ariketa bat izango duzue. Javier Duoandikoetxea matematikariak guztira sei ariketa prestatu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko.
Hona hemen gure lehenengo ariketa:
Zenbat zenbaki daude 1 eta 2026 artean, zeinen idazkerak bi zifra desberdin dituen eta bi bakarrik? Idazkera hamartar arruntaz ari gara, ez du balio ezkerrean zerorik jartzea. Adibidez, 113 zenbakiak bi zifra desberdin ditu, baina 222 zenbakiak, bat baino ez.
Zein da erantzuna? Idatzi emaitza iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta, nahi izanez gero, zehaztu jarraitu duzun ebazpidea ere. Irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

Ariketak “Calendrier Mathématique 2026” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak.