Dozena erdi ariketa 2026ko udarako (4): oktogono erregularra
Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko larunbatero matematika-ariketa bat izango duzue. Javier Duoandikoetxea matematikariak guztira sei ariketa prestatu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko.
Hona hemen gure laugarren ariketa:
Karratu bati lau triangelu kendu dizkiogu erpinetan, oktogono erregular bat lortzeko. Karratuaren aldearen luzera 1 bada, zein da oktogonoaren aldearen luzera?

Zein da erantzuna? Idatzi emaitza iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta, nahi izanez gero, zehaztu jarraitu duzun ebazpidea ere. Irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.
Ariketak “Calendrier Mathématique 2026” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak.