Adimen artifiziala odontologian: aukerak, mugak eta hortz-praktikaren etorkizuna
Adimen artifiziala hainbat funtzio egiteko aukera ematen duen teknologia konplexua da: sareko bilaketak hobetzea, testuak sortzea, erosketa elektronikoarekin laguntzea edo nahi ez diren mezu elektronikoak iragaztea, eskaintzen dituen aukera ugarien adibide batzuk baino ez dira. Teknologia honek jakintzaren arlo guztietan izan du eragina, eta gure jokabide batzuk aldatu ditu. Beraz, medikuntzan ere bere erabilera ezartzen hasi da, batez ere profesional klinikoen laguntzaile gisa. Adimen artifizialak medikuntzan eta zaintzan aplikazio ugari izan ditzake, besteak beste, sendagaien garapenean, gaixotasunen diagnostikoan, tratamendu kirurgikoan, datu medikoen kudeaketan edo gailuak sortzen dituzten hiru dimentsioko inprimagailuen erabilpenaren hobekuntzan, azken finean, tratamendu mediko pertsonalizatuan.
Odontologiari dagokionez, espezialitate guztietan izan du eragina, neurri handiagoan edo txikiagoan. Horietako batzuetan adimen artifizialaren aplikazioak oraindik urriak dira, baina beste batzuetan aplikazio asko eskaintzen ditu. Zaila da jakitea zein espezialitate odontologikoan gehien erabiltzen ari den, baina funtzio asko betetzeko erabil daiteke, hala nola, hortzak identifikatu eta zenbatzeko erradiografietan, hortz-protesi hobeak diseinatzeko, paziente bati hitzordua berresteko SMS mezu baten bidez edo pazientearen historia klinikoarekin lotutako guztia eraginkortasunez biltzeko, edozein prozesu administratibo edo judizialetan aurrerago aurkezteko asmoz.

Argi dagoena da teknologia honek gero eta tresna gehiago eta hobeak eskainiko dizkiela profesionalei, eta horrek etorkizun itxaropentsua eskaintzen duela. Horrek guztiak diagnostiko zehatzagoak, tratamendu pertsonalizatuak eta egingo diren tratamenduen analisi prediktiboak egiteko aukera emango du. Hala ere, aurrerapen disruptibo guztiek hausnarketa sakona merezi dute, gizarteko hainbat sektoretan sortuko duten eraginari buruz.
Odontologiaren kasuan, ez dirudi adimen artifizialak giza profesionalak ordezkatuko dituenik epe laburrean. Hala ere, duela gutxi hasi dira robotak in vitro giroetan tratamendu odontologikoak egiten. Dena den ez larritu, nahiz eta ikerketa horiek emankorrak izan, robotek epe laburrean ezin dute ordezkatu giza odontologia-profesionalaren hurbiltasuna eta trebetasuna. Beraz, badirudi oraingoz adimen artifizialaren zeregina gizakiaren eraginkortasuna hobetuko duen tresna gisa erabiltzera mugatuko litzatekeela. Dena den, pentsatu behar da nola erabili nahi dugun teknologia hau eta nola egingo diegu aurre inplementazioak planteatzen dituen dilema etikoei.
Adibidez, adimen artifizialeko algoritmoak garatzeko erabiltzen diren pazienteen datu pertsonalak ondo tratatzea ezinbestekoa da, beraz, teknologia honek erabiltzen dituen algoritmoak egokitu behar dira datuen konfidentzialtasuna eta babesa ziurtatzeko. Horrela, zabalkundea kontuan hartu aurretik, datu pertsonalak anonimizatu eta babestu egin beharko dira. Are gehiago, teknologien arteko aliantza bat bultzatzea interesgarria izan daiteke datuen benetakotasuna eta segurtasuna berresteko, adibidez, adimen artifizialaren eta bloke katearen (blockchain) artean. Gardentasunari dagokionez, adimen-sistemek egindako iragarpenen kalitatea entrenamenduan erabilitako datu-multzoaren etiketatzearen eta oharren zehaztasunaren araberakoa da. Hori dela eta, datuak biltzeko protokoloak ezartzea eta erakunde publikoek datuak partekatzea ezinbestekoa da. Nolanahi ere, denborak aurrera egin ahala jakingo dugu zehatz-mehatz adimen artifizialak zer aplikazio izan ditzakeen odontologian.
Artikuluaren fitxa:
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 48
- Artikuluaren izena: Adimen artifiziala odontologian: aukerak, mugak eta hortz-praktikaren etorkizuna
- Laburpena: Adimen artifiziala zeregin konplexuak egiteko aukera ematen duen teknologia da, hala nola arazoak konpontzeko, objektuak eta hitzak ezagutzeko, edo erabakiak hartzeko eta aurreikuspenak zehaztasunez egiteko. Odontologiaren esparruan, adimen artifizialaren bi azpiespezialitate, Ikasketa Automatikoa eta Ikasketa Sakona, praktika klinikoa iraultzen ari dira aplikazio berritzaileekin. Teknologia hori gai da irudiaketa historia klinikoak aztertuz ahoko hainbat gaixotasunen diagnostiko goiztiarra egiteko, tratamenduak planifikatzeko (ortodontzian edo inplanteak jartzeko kirurgia gidatuan), klinika kudeatzeko, ikasleen edo odontologiako profesionalen prestakuntzan laguntzeko, txatbot-en bidez pazientearen arretan asistentzia eskaintzeko eta materialen eta tekniken garapenean laguntzeko. Bestalde, odontologian adimen artifiziala ezartzeak erronkak ere aurkezten ditu; besteak beste, pazienteen datuen konfidentzialtasuna mantentzea, segurtasuna bermatzea, prozeduren gardentasuna eskaintzea eta dentistek teknologia hau erabiltzeko eduki dezaketen mesfidantza gainditzea. Dena den, odontologian adimen artifizialaren etorkizuna itxaropentsua dela dirudi, teknologia hori gero eta gehiago garatuko baita, aplikazio berriak eskainiz eta gaur egun egiten dituen funtzioak hobetuz.
- Egilea: Jon Fernández-Bonet
- Argitaletxea: EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 59-81
- DOI: 10.1387/ekaia.26972
Egileaz:
Jon Fernández-Bonet EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Estomatologia Saileko ikertzailea da.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
