Menstruazio aurreko sintomak eta tratamendua gure inguruko emakumeengan
Menstruazio aurreko sindromea (MAS) obulazioarekin batera ziklikoki agertzen diren sintomen multzoa da. Sintomen espektrua oso zabala da, sintoma somatiko deitzen ditugunen artean abdomeneko hantura eta mina, bularretako sentikortasun handitua, buruko mina eta neke orokortua aurki daitezke. Sintoma afektiboen artean, antsietatea, suminkortasuna, interes galera eta sintoma depresiboak dira gehien agertzen direnak. Sintoma larrienak dituzten emakumeen artean, azken hauek dira gailentzen diren sintomak. Sintoma hauek menstruazio-zikloarekin erlazionatzen dira, obulazioaren ondoren hasi eta menstruazioa hasi eta egun batzuetara desagertzen baitira. MASak emakumeen bizitzan eragin negatiboa izan dezake, eguneroko bizitza, ikasteko eta lanerako ahalmena bai eta harreman pertsonalak mugatuz.
MASaren prebalentzia oso aldakorra da ikerketaren arabera. Emakume askok MASak tratamendurik behar ez duela pentsatzen dute edota profesionalen laguntzarik gabe hartzen dituzte neurriak, beharbada, emakume askok hilekoaren mina eta umore aldaketak normaltzat jotzen baitituzte.

EHUko langile eta ikasleen artean burututako lan honetan, gure inguruko emakumeen MASaren prebalentzia eta honi emandako tratamenduari buruzko datuak bildu ziren. Jasotako 118 parte-hartzaileen erantzunekin, gai honi buruzko argazki bat izan dezakegu, nahiz eta lagin-tamaina txikia eta galdetegiaren mugek datuak zuhurtasunez analizatzea eskatzen duten. Gure laginaren % 61k egin izan zion noizbait medikuari kontsulta menstruazioarekin batera agertzen diren sintomei buruz. Aldiz, MAS diagnostikatu zitzaion laginaren ehunekoa oso bestelakoa zen (% 8).
Tratamenduari begira, mota bateko antidepresiboak, serotoninaren birxurgapenaren inhibitzaile selektiboak dira sintoma larriak tratatzeko lehen aukerazkoak. Galdetegian, gogo-aldartea hobetzeko farmakoei buruz galdetu zen, antidepresiboetaz gain beste farmako batzuk ere aintzat hartzeko. Hala ere, aztertutako populazio osotik % 18ak soilik hartu zituen gogo-aldartea hobetzen duten farmakoak, eta hauetatik % 9ak baino ez MAS hobetzeko helburuarekin. Datu hauek galdetutako emakumeen sintoma afektiboak oso larriak ez zirela iradoki dezakete. Baina, beste arrazoi batzuk ere kontuan har daitezke, hala nola, medikuak edo pazienteak farmako hauek erabili nahi ez izatea. Gainera, farmako hauek hartu zituzten % 24ak soilik adierazi zuen MASaren hobekuntza.
Orokorrean, aho bidezko antisorgailuen kontsumoa askoz handiagoa izan zen. Populazio osoaren % 48ak hartu zituen noizbait, eta hauetatik, heren batek MAS hobetzeko hartu zituen. MAS diagnostikoa zuten emakumeen artean % 89k aho bidezko antisorgailuak hartu zituen inoiz. Antisorgailuak hartu zituzten emakumeen artean % 58k erantzun zuen antisorgailuekin hobetu zirela sintoma hauek. Datu hauen arabera, aho bidezko antisorgailuen erabilera handiagoa litzateke bai eta eraginkorrak direnaren pertzepzioa. Menstruazioarekin erlazionatutako sintomentzako beste terapiarik preskribatu ote zen galdetzerakoan, lagin osoaren % 20ak ariketa fisikoa aipatu zuen. Emakume kopuru hau noizbait menstruazioarekin batera agertzen diren sintomengatik kontsulta egin duten emakumeen kopuru osotik (% 61) urrun dago. Gainera, ariketa fisikoak duen eraginkortasuna eta kostu baxua oinarritzat hartuta, interesgarria litzateke bere erabilera sustatzea. Fitoterapia lagin osoaren % 14ari preskribatu zitzaion, paziente eta medikuen onargarritasuna iradokitzen duena.
Lan honek gure inguruko emakumeen MAS eta bere tratamenduari buruzko datu garrantzitsuak eskaintzen ditu. Izan ere, gure inguruan burututako gai honi buruzko ikerketa lanak oso gutxi dira, mundu mailan gehienak Ekialde Hurbileko herrialdeetan egin baitira. Gure laginaren erantzunek argi uzten dute, gure inguruko emakumeen ehuneko handi batek menstruazio aurreko sintomengatik kontsultatzen duela medikuarenean. Honen harira, interesgarria izango litzateke lehen arretako profesionalen MAS eta bere tratamenduaren inguruko ezagutza neurtzea.
Artikuluaren fitxa:
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 48
- Artikuluaren izena: Menstruazio aurreko sintomak eta tratamendua gure inguruko emakumeengan.
- Laburpena: Menstruazio aurreko sindromea (MAS) obulazioarekin batera ziklikoki agertzen diren sintoma somatiko eta afektiboen multzoari deritzo. Fisiopatologia guztiz ezaguna ez den arren, sexu-hormonaren eta serotoninaren garrantzia proposatu da. Sintoma arinak dituzten emakumeentzat psikoterapia eta neurri ez-farmakologikoak gomendatzen dira. Sintoma larriagoen tratamendua dira serotoninaren birxurgapenaren inhibitzaile selektiboak (SBIS) eta ahozko antisorgailu konbinatuak (AAK). Gure inguruan MASaren prebalentzia eta sintoma horiei ematen zaien tratamenduaren inguruan datuak biltzeko gauzatu da ikerketa-lan hau. Galdetegi anonimo baten bidez, 118 emakumeren erantzunak lortu ziren. Laginaren erdiak baino gehiagok (% 61) egin zion kontsulta medikuari menstruazio aurreko sintomak zirela eta, baina MAS diagnostikoa % 8k izan zuen soilik. Laginaren % 18k hartu zituen gogo-aldartea hobetzeko farmakoak, baina soilik horien % 5ean izan zen MASa hobetzeko helburuarekin. Ahozko antisorgailuen erabilera zabalagoa izan zen (emakume guztien % 48a), nahiz eta soilik % 33k hartu MASa hobetzeko. Menstruazio aurreko sintomei buruzko kontsulta egin zutenen artean, gogo-aldartea hobetzeko farmako eta antisorgailuen erabilera % 24 eta % 60koa izan zen, hurrenez hurren. Sintomen hobekuntzari begira, gogo-aldartea hobetzeko farmakoak hartu zituztenen % 24k eta antisorgailuak hartu zituztenen % 58k bere sintomak hobetu zituen. Emaitzen arabera, emakume askok dituzte kezkak menstruazio aurreko sintomei dagokienez. Hala ere, diagnosi-tasa baxuak mugatu lezake tratamendu egokien eskuragarritasuna. SBISak MASaren tratamendurako lehen aukera diren arren, gure laginaren sintomen arintzeko ahozko antisorgailuen preskripzioa gailendu zen, eta pazienteek aurkezten zituzten sintomak hobetu zituzten gogo-aldartea hobetzeko farmakoek baino hobeto. Ikerketa-lan honek, bere mugak dituen arren, gure inguruko MASaren diagnostiko eta tratamenduari buruzko informazioa biltzen du. Interesgarria litzateke lehen arretako profesionalen MASaren inguruko ezagutza neurtzea eta diagnostiko eta tratamendu estandarizatuak dituzten ezagutzea..
- Egileak: Nerea Sáinz eta Guadalupe Rivero
- Argitaletxea: EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 83-100
- DOI: 10.1387/ekaia.27128
Egileez:
Nerea Sáinz eta Guadalupe Rivero EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Farmakologia Saileko ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
