Lurrikarekiko piramidea handiak duen erresistentziaren jatorria

Dibulgazioa · Kolaborazioak

4 min

Lurrikarekiko piramidea handiak duen erresistentziaren jatorria

Keops faraoiaren piramidearen 37 puntutan dardarak neurtuz, zientzialariak konturatu dira eraikinak lurrikaren aurrean berezko egonkortasuna daukala.

Milurtekoetan zehar, askotariko ezbehar eta arazoen aurrean zutik mantendu da Gizako piramide handia. Antzinateko zazpi mirarietatik gaurdaino iritsi den bakarra da. Laugarren dinastiako Keops edo Khufu (egiptoerazko izenari jarraiki) faraoiarentzat eraiki zuten, eta oraindik lilura sortzen du XXI. mendeko gizakion artean.

Inguruetako eraikin asko —tartean beste hainbat tenplu eta piramide— desagertu dira. Besteak beste, lapurrek egindako arpilatzeak eta basamortuko hautsa nozitu ditu eraikinak. Horrez gain, egiturak narriadurak nozitu ditu, noski. Kasurako, eraikin erraldoia estaltzen zuten harri distiratsuak desagertu dira. Baina, funtsean, bere horretan tinko gailendu da historiaren gertakarien aurrean.

piramidea
1. irudia: milurtekoetan zehar narriadura nozitu duen arren, oraindik bere horretan tinko mantentzen da Keopsen piramidea. (Argazkia: Juanma Gallego)

Beste ezein giza egiturarekin gertatu ohi den bezala, lurrikarak ere arazo handia izan daitezke piramidearentzat. Egia da eremua ez dela sismikotasun handikoa, baina duela 4.600 urte inguru eraiki zenetik, lurrikara asko jasan ditu Keopsen piramideak. Halere, ez du egiturazko kalte handirik nozitu lurrikara horien ondorioz.

Dauden erregistroen artean, 1847an 70 kilometrora (Fayumetik gertu) gertatu zen lurrikara izan zen indar gehiago izan zuena, 6,8 puntuko magnitudearekin. 1992an gertatu zen azkena, berriz, ez zen horren handia, eta 5,8ko magnitudea izan zuen. Goiko aldeko estalduraren parte ziren hainbat harri erori ziren lurrikararen ondorioz.

Ikertzaile talde batek argitu nahi izan du ea zein izan den erresistentzia sismiko horren arrazoia; horretarako, eraikina eta haren inguruak arakatu dituzte. Besteak beste, barruko ganbaretan, eraikitzeko erabili izan ziren blokeetan eta inguruko lurrean sentsoreak jarri dituzte neurketak egin ahal izateko. Modu honetan, ikertzaileen piramidearen eta inguruko eremuen bibrazioak entzun dituzte. Besteak beste, inguruan modu naturalean sortzen diren bibrazioak neurtu dituzte. Dardara txiki horien jatorria haizea, trafikoa edota bestelako giza jarduerak izan daitezke.

Eraikina ukitu gabe neurketak egiteko, zientzialariek HVSR Horizantal to Vertical Spectral Ratio (Horizontaletik Bertikalera doan Ratio Espektrala, baita Nakamura metodo bezala ere ezaguna adituen artean) izeneko teknika baliatu dute. Horren bidez, posible da zenbatestea lurzoru eta egituretan dauden frekuentzia nagusiak.

Scientific Reports aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean ezagutzera eman dutenez, ondorioztatu dute piramidearen egiturak ezkutu babesle bat bezala funtzionatzen duela, eta erresonantzia efektua sortzea ekiditen duela.

piramidea
2. irudia: piramidearen barruko pasabideetan ere neurketak egin dituzte, egoeraren irudi orokor bat eskuratu aldera. (Argazkia: A. Salama / Scientific Reports)

Gakoa eraikinaren oinarrizko frekuentzian datza. Kontzeptuak adierazten du objektu guztiek bibratzeko berezko modua dutela; erritmo baten arabera objektu hori bultzatuz gero, bultzada bakoitzarekin sistema horrek energia eskuratzen du, eta mugimendua handitzen da.

Horrela ikusi dute piramide osoak 2,3 Hz-eko frekuentzia batean bibratzen duela. Hori diseinu orekatu eta trinko baten adierazle da, ikertzaileen arabera. Inguruko zoruan, berriz, frekuentzia hori 0,6 Hz-ekoa da. Al-Mamun kalifaren garaian eraiki zen tunel baten frekuentzia, berriz, 1,3 eta 1,4 Hz artekoa da. Asimetria horren ondorioz, uhin sismikoak ez dira anplifikatzen: alde horiek direla eta, lurra eta piramidea ez daude sinkronizatuta. Modu horretan, energia transferentzia saihestu egiten da, ondorioz, erresonantzia izateko arriskua gutxituz.

Erresonantzia arazo handia izan daiteke azpiegiturentzat. Adibide ezagunetako bat Tacomako zubiaren kolapsoa da —adituek ohartarazi dute erresonantzia arazo bat izan zela hasieran, baina, ondoren, fenomeno konplexuagoek eragin zutela zubiaren behin betiko kolapsoa—.

Lurrikaretara bueltatuz, parekotasun eza erabakigarria izan daiteke kalteak arintzeko. Horren arrazoia da zorua eta eraikina antzeko frekuentzietan mugitzen baldin badira, mugimendua handitu daitekeela, eraikinaren kalterako. Kasu honetan, ordea, eraikin erraldoiaren egiturak ekiditen ditu uhin sismikoen anplifikazioa.

Ez da, ordea, arrazoi bakarra. Piramideak deskarga espazioak ditu, eta horiek eraikuntzaren egonkortasuna handitzen dute, egiturazko kalteak izateko arriskua nabarmen gutxituz. Erregearen Ganbararen gainean daude ganbara horiek. Adituek uste dute egiturek eraikinaren kargak banatzeko funtzioa dutela, piramidea osatzen duten harri pisutsuetatik hilobia bera babestuz. Baina, horrez gain, orain konturatu direnez, piramidearen barruan dauden hutsune horiek bibrazioak saihesteko funtzioa betetzen dute, interruptore edo isolagarri baten moduan.

Dena dela, egileek argi utzi nahi izan dute ezin daitekeela ondorioztatu Antzinako Egiptoko eraikitzaileek erresistentzia sismikoaren aldeko ezaugarri horiek nahita aukeratu zituztenik. “Egiptoko arkitekto zaharrek lurrikararen aurkako nahita egindako optimizazioei buruzko edozein iradokizun espekulatiboa baino ez da, eta ezin da geofisika neurketen bidez bakarrik egiaztatu”, idatzi dute zientzia artikuluan.

Erreferentzia bibliografikoa:

ElGabry, Mohamed; Hamed, Ayman; Yoshimura, Sakuji; Hussein, Hesham M.; Maklad, Mohamed; Salama, Asem (2026). Architectural and geotechnical aspects affecting earthquake resilience for the antique Egyptian Khufu pyramid. Sci Rep, 16, 14032. DOI: 10.1038/s41598-026-49962-6


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.