Listu-biomarkatzaileak: hanturazko gaixotasunak diagnostikatzeko tresna ez-inbaditzailea

Argitalpenak · Dibulgazioa

3 min

Listu-biomarkatzaileak: hanturazko gaixotasunak diagnostikatzeko tresna ez-inbaditzailea

Listua listu-guruinek jariatutako fluido biologiko konplexua da. Bere osagai nagusia ura izan arren (% 99), listuan molekulen espektro zabala dago, hala nola, ioi ez-organikoak, DNA, RNA mezularia, mikroRNA, lipidoak, proteinak (zitokinak, entzimak, kimiokinak, immunoglobulinak…), elektrolitoak eta metabolitoak. Zenbait egoera patologikoetan molekula hauen kontzentrazioan aldaketak gertatzen direnez, molekula hauek biomarkatzaile gisa erabil daitezke ahoko gaixotasunak edo gaixotasun sistemikoak detektatzeko.

Hantura gaixotasun kronikoen aurreko erantzun fisiologikoa da eta prozesu horretan parte hartzen duten molekulak goiz detektatzeak gaixotasun horien diagnostiko goiztiarra egitea ahalbideko luke. Honetarako gehien erabili den metodoa odol-analisia da. Hala ere, listu-laginak biltzeko teknika erraza, arina, segurua, ez-inbaditzailea eta erreproduzigarria da eta, odolarekin alderatuz, biosegurtasun-sailkapen baxuagoa eskatzen duenez, listu-analisia ohiko odol-analisiaren ordezko erakargarria bihurtu da. Gainera, listuan detekta daitezkeen hantura-biomarkatzaileak, batzuetan, kontzentrazio plasmatikoak baino handiagoak dira eta honek listua odolaren ordezko fidagarria eta baliagarria bihurtzen du.

Listu-biomarkatzaileak
Irudia: listu-lagin bilketa, prozesatzea, biltegiratzea eta analisia. Irudian, modu eskematikoan erakusten dira listu-lagina jaso eta listu-biomarkatzaileak analizatu arte jarraitu beharreko urratsak. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Listuan bi lagin mota bereizten dira: listu osoa edo mistoa eta listu-guruin espezifikoa. Listu-bilketa, aldi berean, estimulatua edo ez-estimulatua izan daiteke, listu osoko laginketa metodorik arruntena eta ez-inbaditzaileena izanik. Listu-laginak biltzeko teknika ugari dauden arren (txistu-teknika, gailu xurgagailuak, kanulazioa, xurgapena, iragazki-papera, kolektore kustomizatuak…), lerde pasiboaren teknika “urrezko patroi gisa” hartzen da, fluxu-abiadurak listuaren konposizioan duen eragina baztertzen eta listu-guruin espezifikoen jariaketa lokalizatua saihesten baititu. Listu-lagina lortu eta zentrifugazioa, dialisia, ultrasoinuak, iragazketa edo ultra-iragazketa metodoen bidez prozesatu ondoren, prest dago metodo immunologikoekin, kromatografikoekin, elektrokimikoekin, mikrobiologikoekin edo polimerasaren kate-erreakzio teknikekin analizatzeko.

Listuan, biomarkatzaileen funtsezko hiru kategoria azter daitezke: fase akutuko proteinak, hantura-markatzaileak eta estres oxidatiboaren adierazleak. Hauen analisiari esker, ahoko hainbat gaixotasunen diagnostiko goiztiarra egin daiteke, hala nola, txantxarra, periodontitisa, periinplantitisa, zelula ezkatadunen ahoko kartzinoma, masailezurreko osteonekrosia, ahoko leukoplasia, ahoko liken planoa, aho sutsuaren sindromea eta aho-esku-oin gaixotasuna, besteak beste. Halaber, hainbat gaixotasun sistemiko diagnostikatzeko ere baliagarriak dira, haien artean, neuroendekapenezko gaixotasunak, minbizia, diabetes mellitusa, Sjögren sindromea, asma, hesteetako hanturazko gaixotasunak eta gaixotasun kardiobaskularrak.

Beraz, listua ohiko metodo gisa erabiltzeko etorkizun handiko diagnostiko-tresna izan daiteke, ahoko zenbait gaixotasun eta gaixotasun sistemiko askoren detekzio goiztiarra egiteko, horien progresioa ikuskatzeko eta tratamenduen eraginkortasuna ebaluatzeko. Teknikek hobera egin ahala, listuan oinarritutako diagnostikoak funtsezko tresna bihur litezke praktika klinikoan, eta ikuspegi errentagarria eskaini, medikuntza pertsonalizatua eta osasun-arreta prebentiboa bermatuz.

Hala ere, kontuan izan behar da biomarkatzaile bakoitzaren sentikortasuna eta espezifikotasuna alda egin daitekeela gaixotasunaren eta larritasunaren arabera, baita beste faktore askoren arabera ere (adina, sexua, farmakoen kontsumoa, ariketa fisikoa, listu-guruinen tamaina…). Beraz, ikerketa gehiago behar dira gaixotasun bakoitzaren biomarkatzaileen profila ondo definitzeko eta fase goiztiarrean ematen diren aldaketak diagnostikatzeko duten gaitasuna neurtzeko.

Artikuluaren fitxa:

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 48
  • Artikuluaren izena: Listu-biomarkatzaileak: hanturazko gaixotasunak diagnostikatzeko tresna ez-inbaditzailea
  • Laburpena: Listua gero eta informazio iturri baliotsuagoa da ahoko gaixotasunak eta gaixotasun sistemikoak diagnostikatu eta kontrolatzeko. Fluido biologiko konplexu honek gorputzaren egoera fisiologiko eta patologikoa isla dezaketen hainbat biomarkatzaile ditu. Listuaren eta odol-korrontearen artean ematen den substantzien trukaketari esker, gaixotasunekin lotutako aldaketak detektatzeko bitarteko aberatsa bihurtzen du listua. Listuaren abantailarik nabarmenetako bat bilketa-prozesua da — erraza, ez inbaditzailea eta fidagarria —, eta, beraz, ohiko odol-analisien alternatiba erakargarria da, batez ere maiz monitorizatzeko. Hantura gaixotasun kronikoen aurreko erantzun fisiologikoa da eta arlo honetan listu-markatzaileak bereziki baliagarriak izan daitezke. Listu-biomarkatzaileak aztertuz, gaixotasunen detekzio goiztiarra, horien progresioa ikuskatzea eta tratamenduen eraginkortasuna ebaluatzeko gai gara. Gaur egungo ikerketak listu-biomarkatzaileak hainbat gaixotasunetan ari dira aztertzen, gaixotasun periodontaletik hasi eta diabetesa eta gaixotasun kardiobaskularrak edo neuroendekapenezko gaixotasunak bezalako nahasmendu sistemikoetaraino. Teknikek hobera egin ahala, listuan oinarritutako diagnostikoak funtsezko tresna bihur litezke praktika klinikoan, eta ikuspegi errentagarria eskaini, medikuntza pertsonalizatua eta osasun-arreta prebentiboa bermatuz.
  • Egileak: Unai Fernández, Teresa Morera-Herreras eta Ane Murueta-Goyena
  • Argitaletxea: EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 147-160
  • DOI: 10.1387/ekaia.27192

Egileez:

Unai Fernández EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Farmakologia Saileko ikertzailea da.

Teresa Morera-Herreras EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Farmakologia Saileko eta Biobizkaia Osasun Ikerketa Institutuko Gaixotasun Neurodegeneratiboen taldeko ikertzailea da.

Ane Murueta-Goyena EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Neurozientziak Saileko ikertzailea da.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.