RNA mezulari txertoa
COVID-19aren pandemiak mundu osoaren arreta erakarri zuen RNA mezularian oinarritutako txertoetara. Teknologia hori, ordea, ez zen bat-batean sortu: hamarkadetako ikerketaren emaitza da, eta immunologiaren alorrean mugarri handietako bat bihurtu da. Azido erribonukleikoa (RNA) zelula prokarioto eta eukariotoetan dagoen molekula da, baita RNA genoma duten birus batzuetan ere, SARS-CoV-2an kasu. Besteak beste, gure zelulek proteinak ekoizteko behar duten informazioa garraiatzen du. Erribosomek, zelulen proteina-fabrika txikiek, RNA mezularian dagoen informazio hori erabiltzen dute proteinak sortzeko.
RNA mezulariaren mekanismo natural hori baliatuz, txertoek zelulei antigeno jakin baten proteina ekoizteko jarraibideak ematen dizkiete. Horrela, sistema immunitarioak proteina hori ezagutu eta haren aurkako defentsak garatzen ditu, birus osoa organismoan sartu gabe. COVID-19aren aurkako RNA txertoek teknologia horren potentziala erakutsi dute, eta etorkizunean beste gaixotasun infekzioso batzuen aurkako txertoak garatzeko eta, ikerketa klinikoen bidez, minbizi mota batzuen tratamendurako aukera berriak aztertzeko ere baliagarria izan daiteke.
XXI. mendeko mugarri zientifikoak bideo sortak azken hamarkadetako aurkikuntza eta aurrerapen zientifiko handienak azaltzen ditu. Atal hau Órbita Laika (@orbitalaika_tve) eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren arteko elkarlanaren emaitza dira.