Oporrak behar dituzu? Lasai, zientziak ulertzen zaitu (I)
Oporrak behar dituzu? Horixe baietz… Noiz erantzungo zenuke galdera hori ezezko batekin? Bada, joan gaitezen harago. Oporrak behar dituzun galdetu beharrean, zenbat opor-egun behar dituzun galdetuko banizu? Horrek erantzun zailagoa du; izan ere, zein da oporraldi ezin hobearen iraupena? Bada, agian ados egongo zara AEBko presidente errepublikano batek esan zuenarekin, baina… Zer da zientziak dioena?
Zientziak dioenaren arabera, oporrak beharrezkoak dira; baina zer dira eta zergatik egiten ditugu oporrak? Oporrek ohiko jarduera bat etetea dakarte; hortaz, definizioz ─jo dezagun Harluxet Hiztegi Entziklopedikora─ langileek eta ikasleek izaten dituzten atseden-egunak dira oporrak. Hori bera ere eztabaidagarria da, eta ikasketetatik zein lanetik harago, ohiko jarduera bat etetea ere oporraldia izan daiteke. Kontrara, lanera ez joan behar izate hutsa ez dira «oporrak» izango askorentzat. Eztabaidak eztabaida, oporrek aisialdirako denbora dakarte, eta denbora hori modu desberdinetara erabil daiteke. Zein da, baina, oporraldi idealaren iraupena?

Artikulu honetan, nagusiki langileen oporretan jarriko dugu fokua, eta Jessica de Bloom, Sabine A. E. Geurts eta Michiel A. J. Kompier ikertzaileen lanen ondorioak xehetuko ditugu. Ikertzaile talde horrek lan interesgarri baten emaitzak argitaratu zituen 2013an Journal of Happiness Studies aldizkarian. Jada hamar urte baino gehiago igaro diren arren, ikerketa horren emaitzen gaurkotasuna eztabaidaezina da, eta antzeko ondorioak iradoki dituzte lan horren ondoren argitaratu direnek ere.
Abiapuntua William Howard Taft AEBko 27. presidentearen ─1909-1913─ hitzetan dago. Ez naiz ni izango AEBko alderdi errepublikanoko presidente baten hitzekin bat datorrena, baina idatzita gelditu zen moduan, Taftek New York Times egunkarian esan zuen langile batek hiru hilabeteko oporraldia izan beharko lukeela oporretatik energia eta eraginkortasun egokiarekin itzultzeko. Bada, hiru hilabete gehiegi izan daitezkeela diotenei erantzuteko, behar-beharrezkoak dira ikerketak. Lan horri ekin zioten, bada, De Bloomek eta haren lankideek.
Lehenik eta behin, gauza jakina da lana egiteak nekatu egiten duela, gehien bat estres-maila handiko zereginetan ari bagara. Hortaz, ezinbestekoa da egoera horretatik atera eta indarrak berreskuratzea. Horrela egiten ez bada, osasunean eta ongizate orokorrean ondorio negatibo larriak ager daitezke. Muturreko adibide bat den arren, Japonian badute hitz bat «lan gehiegi egiteagatik hiltzea» esateko: karōshi. Esan beharrik ez dago atsedena eta deskonexioa ezinbestekoak direla lana eraginkortasunez egin ahal izateko. Alabaina, uste horiek ba ote dute babesik zientzia-komunitatean? Bai, jakina. De Bloomen eta haren lankideen emaitzen aurretik beste lan batzuk ere argitaratu ziren eta. Hortaz, badakigu oporraldia bizitzarekiko gogobetetze-maila altuagoekin lotzen dela, aldarte hobearekin eta osasun-arazo gutxiagorekin, besteak beste. Alabaina, De Bloom bera sinatzaileen artean duen beste lan batean jada frogatu zen oporraldiaren efektu positiboa berehala deuseztatzen dela lanera itzultzean.
Oinarri teorikoen analisian, 2013an argitaratutako lanean egileek diote aurreko ikerketetan oporraldi laburrak aztertu direla, oro har. Hain zuzen, 7-14 opor-egun aztertzea izan zen ohikoena aurreko ikerketetan. Dena den, badirudi egun kopuru hori txikiegia izan daitekeela, eta oporren iraupena taxuz ikertzeko oporraldi luzeagoak ere kontuan hartu behar direla ─agian, zaila izango zen Taft presidenteak aipatutako hiru hilabeteko oporraldia duten langileak topatzea─. Aipatzen dutenez, 2013ra bitarte egindako ikerketetan ez zen sakonki aztertu oporraldiaren iraupenaren eta osasunaren zein ongizate orokorraren arteko lotura.
Gauzak horrela, ikertzaileek hiru ikerketa-galdera nagusi planteatu zituzten. Alde batetik, osasunean eta ongizatean oporraldi luze batek denboran zehar dituen ondorioak aztertu nahi izan zituzten. Oporraldi luze gisa, 14 egun baino gehiagoko oporrak hartu zituzten aztergai. Aldiz, osasuna eta ongizatea neurtzeko galdetegi bat diseinatu zuten. Ikerketari sendotasuna emateko, boluntarioek galdetegi batzuk oporraldian zehar erantzun beharko zituzten, eta ez lanera itzulitakoan. Beste alde batetik, oporren kalitatea ere neurtu nahi zuten; izan ere, ikertzaileentzat oporraldia ez da bakarrik lana egiten ez den denbora-tarte bat, baizik eta bestelako jarduerak egiteko garaia ere bada. «Ezer ez egitea» edo pasibotasuna ere jarduera horien baitan kokatzen dute ─eta puntu hori oso interesgarria da, aurrerago ikusiko dugun bezala─. Azkenik, azterketan garrantzi berezia eman nahi zioten loari; izan ere, De Bloomek eta haren lankideek uste zuten kalitatez lo egiteko aukera dela oporraldiak eragiten dituen onuren gakoa.
Hori guztia ikertzeko galdetegi mamitsua diseinatu zuten, eta hainbat boluntariorekin egin zuten lan, haiek oporretan zeuden bitartean. Ikerketaren metodoa, emaitzak eta ondorioak zein diren jakin nahi baduzu, zuk ere itxaron egin beharko duzu; izan ere, nik ere oporrak behar ditut.
Erreferentzia bibliografikoa:
De Bloom, Jessica; Geurts, Sabine A.E. eta Kompier, Michiel A.J. (2013) Vacation (after-) effects on employee health and well-being, and the role of vacation activities, experiences and sleep, Journal of Happiness Studies, 14, 613-633. DOI: 10.1007/s10902-012-9345-3
Egileaz:
Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, zientzia dibulgatzailea eta GOI ikastegiko irakasle eta ikertzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.