Zefalopodoen iruzur taktikoa, goi mailako gaitasun kognitiboen adierazle?
Gezurra, publizitate iruzurtia, zurrumurruak, iruzurra eta desinformazioa gure eguneroko bizitzan daude. Gizakiak iruzur egiteko gai gara, beste animaliek baino gaitasun kognitibo askoz handiagoa dugulako. Egia da naturan informazio faltsuaren adibide ugari dugula. Kukua beste txori batzuez aprobetxatzen da bere kumeak ateratzeko, bestearen kaltean. Bates-en mimetismoa da espezie arriskutsu edo desatsegin bat imitatzea, harrapakariei iskin egiteko. Drongoak sofistikatuagoak dira, beste espezie, hegazti edo surikaten alarma-soinuak imitatzen baitituzte Afrikako hegazti hauek, haiek uxatu eta janariarekin gelditzeko.
Adibide horiek guztiak iruzur egiteko estrategia finkoak dira, espezie bakoitzaren portaeraren errepertorioan daudenak. Hala eta guztiz ere, bada iruzur “gizakiago” bat, malguagoa eta inguruabarretara gehiago egokitu daitekeena. Iruzur “taktikoa” esaten zaio eta portaera “zintzoa” erabiltzen da, testuinguru desberdin batean, beste banako batzuk saihesteko. Iruzur taktikoan norbere ikuspegia eta behatzailearena ebaluatu behar izaten dira. Epe laburreko eta luzeko memoria ere erabili behar dira, baita ikaskuntza eta testuinguruaren ebaluazioa ere. Eta horiek guztiak izateko goi mailako trebezia kognitiboak behar dira, jakina.
Iruzur taktikoa ikusi da gure ahaiderik gertukoenetan: primateetan. Geladek (Afrikako zerkopitekoa) estalketako ohiko soinurik ez dute egiten ar nagusiak entzun ez ditzan, honek bikotea ezin badu ikusi, baina entzuteko gai bada. Beste zerkopiteko batek harrapakariekin erabiltzen duten iruzurreko alerta soinua egiten du bere espezieko baten erasoa gelditzeko. Adibideak ugariagoak dira tximino handietan, batez ere txinpantzeetan. Hemen horietako batzuk.
Ugaztunetan ez ezik, korbidoetan ere ikusi da iruzur taktikoa. Beleek janaria ezkutatu ohi dute. Beste beleren bat begira badute, janaria tokiz aldatzeko plantak egiten dituzte, baina aurrez lapurtu badiete baino ez dute egiten horrelakorik. Horrek esan nahi du norberarena ez den ikuspegian kokatzeko gaitasuna dutela eta ikasteko gaitasun ona ere bai.
Gai honi buruz ari gara, Cambridgeko Unibertsitateko ikertzaileak duela gutxi argitaratu baitute zefalopodoen iruzur taktikoari buruzko berrazterketa bat. Ezagunak dira animalia horien trebezia kognitiboak, ornodunekin aldera baitaiteke beren garuna tamaina erlatiboari eta konplexutasunari dagokionez. Hipotesi batzuen arabera, gaitasun horiek garatu ziren moluskuen ohiko oskola murriztu zelako; horren ondorioz, batetik, jarduera harrapakari efikaza egin ahal izan zuten, baina bestetik balizko harrapakin bihurtu ziren.

Azterketan hainbat adibide deskribatzen dira. Beharbada harrigarriena da sepia arrak gai direla gorputzaren bi aldeetan kolore desberdineko bi patroi izateko (1. irudia). Emeari begira dagoen aldean arren gorteiatzeko ohiko patroia eta beste aldean ar bat baldin badago, emeen patroi aizuna agertzen da, beste arra gorteiatzean sartu ez dadin.
Beste batzuetan ikusi da sepia ar gazte batek emeen koloreko patroiak hartzen dituela, ar handiago batek babestutako emeengana gerturatzeko. Ar nagusia distraitzen denean, “travestitutako” sepia ar bezala agertzen da eta estalketa egiten saiatzen da, eta batzuetan lortu ere bai. Halaber, sepiek gorputzaren atzeko aldean bi begi dituztela dirudien patroi bat era dezakete harrapakari bat engainatzeko. Hain zuzen ere, harrapakariak harrapariak hautemateko ikusmena erabiltzen duenean egiten dute hori, baina ez detekzioa kimikoa edo elektrikoa denean, karramarroek edo marrazoek egiten duten bezala. Hau da, iruzur egiteko estrategia testuinguruaren araberakoa da eta mehatxua ezagutzearen arabera egoten da.
Azterketan aipatzen den beste kasuetako bat txipiroi nanoa da (Idiosepius paradoxus). Espezie horrek, beste txipiroi batzuek bezala, tinta hodeiak erabiltzen ditu mehatxutik ihes egiteko, baina baita harrapakinak harrapatzeko ere. Bideo honetan ikus daitekeenez, tintarekin pantaila bat sortzen da biktimaren aurrean, eta pantaila horretatik zehar erasotzen du; bestela, biktima distraitzen dute tinta horrekin, beste alde batetik eraso egiteko.
Txipiroi nanoak (Idiosepius paradoxus) tinta erabiltzen du, erasoan harrapakina nahasteko. Sato et al. (2016) doi: 10.1007/s00227-016-2833-y.
Cambridgeko taldearen azterketak galdera interesgarri batzuk ditu amaieran. Zefalopodoak egiaz ari dira iruzur taktiko benetakoa egiten, hau da, behatzailearen nortasunaren eta portaeraren mendeko estrategia malguak erabiltzen? Animalia hauei zenbateraino aplika dakieke “gogamenaren teoria” kontzeptua, hau da, norberari eta besteei egoera mentalak antzemateko gaitasuna (asmoak, nahiak, ezagutzak)? Gaitasuna hori soilik gizakiona ote den edo beste animalia batzuek ere ba ote duten (primateek, korbidoek) askotan eztabaidatzen den gaia da gaur egun.
Erreferentzia bibliografikoa:
Drerup, Christian; Garcia-Pelegrin, Elias; Wilkins, Clive; Herbert-Read, James E.; Clayton, Nicola S. (2025). Tactical deception in cephalopods: a new framework for understanding cognition. Trends Ecol. Evol., 40, 8. DOI: 10.1016/j.tree.2025.04.016.
Egileaz:
Ramón Muñoz-Chápuli Oriol Animalien Biologiako Katedraduna (erretiratua) da Malagako Unibertsitatean.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2025eko irailaren 8an: “El engaño táctico en cefalópodos sugiere capacidades cognitivas de alto nivel“.
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.