Isurialde atlantikoa mediterraneoa baino gehiago altxatu da

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

4 min

Isurialde atlantikoa mediterraneoa baino gehiago altxatu da

EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko eta Geologia Saileko ikertzaileek, USALeko Geologia Saileko ikertzaileekin batera, lehenbizikoz kuantifikatu dute Castro Valnera menditik (Burgos eta Kantabriako mugan) Pirinioetaraino doan mendikatearen bi isurialdeen artean zer erliebe-diferentzia dagoen. Mendikatea sortu zenetik, bi isurialdeak desberdin higatu dira, eta horrek eragin du isurialde atlantikoko lurrazala gehiago altxatzea isurialde mediterraneokoa baino.

Zama kentzen zaienean itsasontziek ur gainean gora egiten duten antzera egiten du lurrazalak gora, gaineko arroken zama galtzen duenean. Mendikateak sortzeko, plaka tektonikoen arteko talkak gertatu behar dira, baina, gerora, erliebeak gora egiten jarraitzen du. Izan ere, plaka tektonikoak mantuaren gainean flotatzen ari dira astenosferan (lurrazalaren oinetik hasita, hau da, 100 kilometrotik hasita, 660 km-ko sakonerara dagoen geruzan), eta, “plaka tektonikoen gaineko karga arintzen denean, erliebeak gora egiten du pixkanaka, itsasontziek bezala, oreka bat lortzeko”, azaldu du Iván Martín Martín EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko ikertzaileak. Horri doitze isostatiko esaten zaio. Fenomeno hori oso nabarmena da glaziarrak desagertzen diren lurraldeetan, adibidez.

Isurialde
Irudia:Eusko-Kantauriar mendilerroko isurialdeen mapa. (Iturria: EHUko prentsa bulegoa)

Doitze isostatikoa nola gertatzen den ulertzea funtsezkoa da itsas mailan izan diren aldaketak eta lurreko paisaiaren bilakaera ulertzeko. Eusko-kantauriar mendikateak Iberiar penintsularen iparraldeko bi ibai-sistema bereizten ditu, Kantauri itsasoan itsasoratzen dena eta Mediterraneo itsasoan itsasoratzen dena. Mendikateak, beraz, bi isurialde oso bereizien banalerroa osatzen du: isurialde atlantikoa eta mediterraneoa. Bi isurialde horien arteko kontrasteak azaldu nahian ari dira EHUko ikertzaileak.

Hala, Iván Martínek kalkulatu du Eusko-kantauriar mendikatea sortu zenetik gaurdaino mendikatearen isurialde atlantikoan 2.019 km3 arroka higatu dela, eta mediterraneoan, 1.408 km3. “Higadura diferentzial bat gertatu da; isurialde atlantikoa gehiago higatu da eta horrek altxamendu isostatiko handiagoa eragin du bertan —dio EHUko ikertzaileak—. Gutxi gorabehera, erliebea 255 m altxatu da isurialde atlantikoan, eta 167 m mediterraneoan. Beraz, mendikatearen bi isurialdeen arteko altxamenduan 88 m-ko aldea dago”. Ikertzaileak azaldu duenez, “higadura handia bada ere, oraindik higaduragatiko deskarga bat gertatuko da, hau da, arroka gehiago higatuko dira gainazaletik, eta, horrenbestez, erliebea gehiago altxatuko da”.

Bi isurialdetako 35 arrotako ibaiak aztertu dituzte (13.190 km2), metodologia klasikoak eta modernoak erabiliz. “Orain arte mundu mailan ez da horrelako ikerketa asko egin. Batez ere eremu glaziarretan egin dira. Hemen gertatu den doitze isostatiko ia guztia ibaien higadurak eragindakoa da, eta ibaiek eragindako higadurarekin lotutako ikerketarik ez da ia egin”, aipatu du.

Kontraste ebolutibo oso handia, lur-eremu txiki batean

Horren guztiaren adierazgarri dira Jaizkibeleko eta Punta Galea lurmuturreko itsaslabarrak edota Nerbioi ibaiaren ur-jauzia: “Oso ondo ikusten da han erliebeak nola egin duen gora”, dio. EHUko ikertzailea liluratuta ageri da: “Oso eremu txiki batean, 40 edo 50 km-ko distantzian adibidez, sekulako kontrastea ageri da topografiaren eboluzioan”.

Ikerketa honetan, lehenbizikoz kalkulatu dute bi isurialdeetan zer deskarga gertatu den, eta nolakoa izan den erantzuna. Eta, horrekin, “ulertu dugu alde bateko zein besteko ibaiak nola garatu diren; erliebea nola aldatu den; zergatik dauden bi isurialdeen artean halako diferentziak; zergatik diren isurialde atlantikoko ibaiak zeharkakoak, eta, aldiz, zergatik diren luzetarakoak isurialde mediterraneokoak; zergatik dauden zabalguneak kota jakin batean eta ez kota baxuagoan, eta abar”, azaldu du Iván Martínek.

Iberiak eta Eurasiak talka egin zutenean sortu zen Eusko-kantabriar mendilerroa, itsas sedimentu tolestuz osatua. “Ibaiak gorputzeko zainak bezain sentikorrak dira, erraz desorekatzen dira; haiei gertatzen zaizkien aldaketa guztiek beren marka uzten dute”, dio. Jakina da isurialde atlantikoko ibai-sarea garatuago dagoela mediterraneoa baino; ibaiak motzagoak dira, malda handia daukate eta, gainera, euri gehiago egiten du eremu horretan. Horrez gainera, “oso garrantzitsua da jakitea Lurraren historian itsas mailak nola aldatu diren —azaldu du EHUko ikertzaileak—. Azken finean, itsas maila jaisten denean, ibaiak desorekatu egiten dira, malda handitu egiten da eta gehiago higatzen hasten dira. Mediterraneo itsasoa urrunago dagoenez, isurialde horretan higadura ez da hainbestekoa izan; baina duela 6 milioi urte inguru Mediterraneo itsasoa lehortu egin zen (Messiniar garaiko gatz-krisia deitzen zaio), itsas maila kilometro bat baino gehiago jaitsi zen, eta ikusi dugu garai hartan isurialde mediterraneoko ibaietan higadura handia izan zela”.

Bestalde, altxatzearen baskulazioari jarri dio arreta ikertzaileak: “Egia da altxatze bat izan dela, baina igoera hori ez da erabat bertikala izan: baskulatuta dago. Oro har, dena dago mendebalderantz baskulatuta. Esan daiteke erdialdeko eremuan (Bilbo eta Gasteiz hartzen duena, Zadorra eta Nerbioi ibaia dauden eremuan) altxamendua horizontal samar dagoela. Bestalde, ikusi dugu arro txikietan altxatze isostatikoa areagotu egiten dela; izan ere, oso zaila da ibai handiak aldatzea, baina txikiak erraz aldatzen dira. Oso interesgarria izan da ikustea ibai txikiak kontrako aldera baskulatzen direla”.

Iturria:

EHU prentsa bulegoa: “Eusko-kantauriar mendikatearen isurialde atlantikoko lurrazala isurialde mediterranokoa baino 88 m gehiago altxatu da“.

Erreferentzia bibliografikoa:

Martín-Martín, Iván; Silva, Pablo G.; Tarriño, Antonio; Sarrionandia, Fernando (2026). Drainage evolution, fluvial denudation and differential uplift of the Atlantic/Mediterranean watersheds, inferred from geomorphic metrics (Northern Spain). Geomorphology. DOI: 10.1016/j.geomorph.2026.110406

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.