Iberiar penintsulako antzinako biztanleen historia genetikoa berreraiki dute
Institut de Biologia Evolutivak (IBE, CSIC-UPF), Museu de Ciéncies Naturals de Barcelonak, Harvard Unibertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) elkarlanean egindako ikerketa bati esker, Iberiar penintsularen K.o. I. eta VIII. mendeen bitarteko historia genetikoa berreraiki dute, 31 aztarnategitan atzeman diren antzinako 243 genoma abiapuntu hartuta.
Iberiar penintsula izan zen Erromaren lehen konkista handienetako bat. Atlantikoaren eta Mediterraneoaren artean egoteak eta baliabide natural ugari izateak inperioaren lurralde garrantzitsu bihurtu zuten Hispania. Mende batzuk geroago, erromatar boterearen ahultzearen ondorioz, alano, bandalo eta sueboak iritsi ziren K.o. 409. urtean.
Mendebaldeko Erromatar inperioa erori ondoren, talde germaniar horiek eta beste batzuek erreinu berriak ezarri zituzten Europako hainbat lurraldetan, horien artean zegoelarik bisigodoen erreinua, 507. urtetik aurrera finkatua. Erreinu berri horietako batzuek luze iraun ez bazuten ere, guztiek izan zuten eragina Erdi Aroko identitate politikoan eta, epe luzera, etorkizuneko Europako estatuen mapa eratzeko prozesuan.
Hala eta guztiz ere, indarrean jarraitzen zuen eztabaidak; migrazio horien eragin politiko eta kultural sakonarekin batera, gertatu ote zen neurri bereko eraldaketa demografikoa ere?

Orain, Institut de Biologia Evolutivak(IBE) (Ikerketa zientifikoen goi kontseiluaren [CSIC] eta Pompeu Fabra Unibertsitatearen [UPF] zentro mistoa), Museu de Ciéncies Naturals de Barcelonak, Harvard Unibertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) elkarlanean egindako nazioarteko ikerketa baten arabera, ondorioztatu da inperio erromatarrak Iberiar penintsula konkistatu izanak aldaketa demografiko handia eragin zuela. Aitzitik, Antzinaro berantiarreko suebo, bandalo, alano eta bisigodoen migrazioek eragin txikiagoa izan zuten Hispaniako genetikan.
Mintzagai dugun ikerketak (Cell aldizkarian argitaratu da) 31 aztarnategi arkeologikotan atzemandako antzinako 243 genoma aztertu ditu, lehendik ezagutzen ziren datu genomikoak ere ardatz hartuta. Ebidentzia genetiko eta arkeologikoen konbinazioak aukera ematen du K. o. I. eta VIII. mendeetan penintsulan bizi ziren biztanleen historia berreraikitzeko.
Erromak Mediterraneoko mosaiko genetiko bilakatu zuen Iberia
Garai hartan oinarrituta dagoen eskala handiko lehendabiziko analisi arkeogenomiko sistematikoa da aipatutako ikerketa, eta agerian uzten du Iberiar populazioa sakonki aldatu zela erromatarren nagusitasuna sendotu ahala. Burdin Aroko homogeneotasun genetiko erlatiboarekin alderatuta, askoz ere anitzagoa zen K.o. I. eta IV. mendeetako gizabanakoen jatorria.
Erromatarren nagusitasunak Mediterraneo ekialdeko eta Afrika iparraldeko jatorria zuten pertsonen etorrera erraztu zuen, eta horrek gizarte heterogeneoago bati bide eman zion, Mediterraneoko giza sareekin lotura areagotuta.
“Erromanizazioa ez zen eraldaketa politiko, linguistiko eta kultural hutsa izan. Eskura ditugun datuek agerian uzten dute eraldaketa demografikoa ere izan zela; hau da, erromanizazioak lotu egin zituen tokiko populazioa eta Mediterraneoko leku desberdinetan sortutako giza mugimenduak”. Halaxe mintzo da Carles Lalueza-Fox, Museu de Ciències Naturals de Barcelonako egungo zuzendaria, ikerketaren erantzukide eta IBEko (CSIC-UPF) ikertzaile nagusi ere badena.
Elite germaniko berriek aztarna utzi zuten, bai; baina ez zuten tokiko populazioaren genetika errotik aldatu
Ikerketaren arabera, V. mendetik aurrera, erdialde nahiz iparraldeko Europako populazioa agertuz joan zen bereziki talde politiko berriei lotutako testuinguru arkeologikoetan. Hala eta guztiz ere, komunitate gehienek eutsi egin zioten populazio hispano-erromatarraren aniztasunari.
“Gehien harritu gaituena prozesu bien arteko kontrastea izan da. Erromak jendarte zeharo anitza sortu zuen Mediterraneoan zehar izandako populazio mugimenduen ondorioz. Horren osteko migrazioek ere jatorri berriak erakarri zituzten, baina eragin demografikoa askoz ere txikiagoa izan zen” azaldu du Pablo Carriónek, ikerketaren lehen egileak, IBEn (SCIS-UPF) doktoretza egin ondoren egun Leipzig-eko Max Planck institutuan doktorego ondoko ikertzaile diharduenak.
Gizatalde horien ekarpena % 12 eta % 22 bitartekoa izan zen, nahiz eta aldaketarik baden eskualdearen eta testuinguru sozialaren arabera. Tokiko biztanleekin nahasteko prozesua mailakatua izan zen, eta ez zuen paisaia genetikoa errotik aldatu; Britania eta Balkanetan, ordea, erromatarren garaiaren osteko migrazioek inpaktu demografiko handiagoa izan zuten.
Harvard Unibertsitateko ikertzaile nagusi eta ikerketaren erantzukide den David Reich-ek azaldu duenez, “Iberiar penintsularen historia genetikoa oso bestelakoa da, erromatarren osteko Europako beste eremu batzuetako historiarekin alderatzen badugu. Migrazioa eta jatorri berrien agerraldia hor daude, bai; baina ez zuten populazio jakin bat ordeztu edota eskala handiko inpaktu demografikorik eragin”.
Familia baten historia migrazio, aliantza eta botere borroken isla
Populazio mugimendu handi horien guztien atzean, badira hainbat historia indibidual eta familiar, analisi genomikoari esker azaleratu direnak. Elkarrengandik 725 kilometrora lurperatuta zeuden bi anaia identifikatu zituen ikertaldeak; egungo Meridan –garaiko Augusta Emérita– zegoen bata, eta Castellón bestea, Ildum izeneko bizitegi erromatarrean –Vía Augustaren parean–. Europa erdialdeko jatorria zuten biek ala biek, eta lehen belaunaldiko migratzaile zirela uste da.
Deskubritu den ahaidetasunari eta testuinguru arkeologikoari esker (ehorzketa aberatsen zantzuak), sueboen balizko migrazio ibilbide bat identifikatu ahal izan da. “Ez ditugu maiztasun genetikoak soilik aztertzen; artean ere Erromatar Inperioaren azpiegituren bidez konektatuta zegoen penintsulan barrena lekualdatutako familiak identifikatzen saiatzen gara” azaldu du Iñigo Olaldek, ikerketaren egilekide eta EHU nahiz Ikerbasqueko irakasle-ikertzaile denak.
Halaber, “printzesa suebo” deritzenen aurkikuntzak agerian utzi zuen prozesu horren beste alderdi bat. Nahiz eta atzemandako arreo aberatsek pentsarazi zuten inperioaren mugetatik at iritsitako eliteetako kideak zirela, deskubritu zen haietako bat berta-bertakoa zela. Aurkikuntza horrek agerian utzi ditu familia sueboen eta hispano-erromatarren arteko ezkontza aliantzak. Baliteke emakume horietako batzuk garai berean hil izanak lotura zuzena izatea hautapenezko monarkia batean gertatutako oinordekotza gatazkekin.
“Emakume horien gaineko informazioak agerian utzi du genetikak nola alda dezakeen iraganeko eliteen interpretazioa: migrazio talde jakin bateko kide gisa identifikatzeak (bisigodoak nahiz sueboak izan) ez zuen esan nahi pertsona horrek atzerriko jatorria zuenik nahitaez, baizik eta identitate hori familia, politika nahiz kultura arloko aliantzen bidez ere eskura zitekeela” gaineratu du Pablo Carriónek.
Osatzeke dagoen historia genetikoa
Antzinaro berantiarreko iberiar populazioak gaur egungoak baino heterogeneoagoak ziren. Horrek esan nahi du ondare genetikoa berriro eraldatu zela Erdi Aroan eta Erdi Aro osteko garaian, garai hartako ezaugarri nagusi zirelarik bisigodoen agintaldia, konkista islamikoak, barne mugimenduak eta kristau erreinuen hedapena.
“Erdi Aroko eta Erdi Aro osteko genomen inguruan egingo diren ikerketak funtsezkoak izango dira penintsulako antzinako biztanleen eta egungo populazioen arteko lotura ezartzeko, eragina izango dutelarik maila historiko, kultural nahiz politikoan” azpimarratu du Lalueza-Foxek. Gainera, ikertaldeak nabarmendu du zein beharrezkoa den laginketa handitzea, bereziki penintsularen iparraldean eta Afrika iparraldean.
Orobat, artikuluak agerian utzi du aldaketa politiko sakonek ez zutela zertan neurri bereko ondorio demografikorik eragin. Erromak sakonki eraldatu zuen iberiar jendartearen osaera eta egitura; Antzinaro berantiarreko eliteek, ordea, eragin politiko eta kultural iraunkorra izan zuten, populazioa ordeztu gabe.
Iturria:
EHU prentsa bulegoa: “Suebo, alano eta bisigodoen iritsierak ez zuen Hispania erromatarraren aztarna genetiko sakona deuseztatu“.
Erreferentzia bibliografikoak:
Contrasting demographic impacts of Roman colonization and early medieval migrations in the Iberian Peninsula. Cell. DOI: 10.1016/j.cell.2026.09.052