Arrain arrantzaleen eboluzioa (Lophiiformes)

Dibulgazioa · Kolaborazioak

5 min

Arrain arrantzaleen eboluzioa (Lophiiformes)

Arrain arrantzaleak (Lophiiformes) arrain teleosteo harraparien taldea dira, eta harrapakinak ehizatzeko metodo berezia garatu dute: beita jarrita duen “arrantzarako kanabera” moduko bat. Aristotelesek ere, Animalien historia lanean, ezaugarri hori nabarmendu zuen itsas zapoetan, eta “igel arrantzale” izena eman zien. Berrikuntza horrek arrakasta ebolutiboa ekarri die arrain horiei. Izan ere, itsasoko 400 espezie baino gehiago dituzte, gutxi gorabehera 14 familiatan banatuta (1. irudia).

arrain arrantzaleak
1. irudia: ezkerrean, lofiformeen lau subordenetako ordezkariak: (A) Lophioidei, (B, C) Antennarioidei, (D) Chaunacoidei, eta (E) Ogcocephaloidei. Eskuinean, ur sakonetako Ceratioidei subordeneko zazpi familiatako ordezkariak: (A) Centrophrynidae, (B) Ceratiidae, (C) Himantolophidae, (D-F) Diceratiidae, (G) Melanocetidae, (H-I) Thaumatichthyidae, (J) Oneirodidae. (Argazkia: Miya, M. et al. (2010) – CC BY-SA 2.0 lizentziapean. Iturria: BMC Evolutionary Biology, doi: 10.1186/1471-2148-10-58)

Lofiformeen edo arrain arrantzaleen “arrantzarako kanabera” ilizioak osatzen du; hau da, bizkar hegaleko lehen erradioak, luzera handiagoa edo txikiagoa izan dezakeenak. Ilizioaren oinarria euskarriari lotuta dago; horri esker, alboko mugimenduak nahiz mugimendu zirkularrak egin ditzake (2. irudia). Ilizioaren muturrean ehun bigun bat dago, forma eta tamaina oso aldakorrekoa. Ehun horri eska deitzen zaio eta latinetik dator; elikagaia, bazka edo beita esan nahi du.

arrain arrantzaleak
2. irudia: Ilizioaren artikulazioa (I, bizkar hegaleko lehen erradioa) eta haren euskarria (P). Ilizioaren oinarriaren urkila formari esker, norabide guztietan mugitzen da. D2: bigarren bizkar hegala. (Argazkia: De Maile eta Davies (2026) – CC BY 4.0 lizentziapean. Iturria: Ichthyology & Herpetology, doi: 10.1643/i2025018)

Hiru eska mota daude:

  • Mekanikoak: eska mekanikoak beita gisa funtzionatzen dute, eta zizareen edo beste itsas ornogabeen itxura hartzen dute. Itsas zapoek erabiltzen duten eska mota da (Lophius generoa).
  • Kimikoak: eska kimikoek guruinak dituzte, eta ornogabe sarraskijaleak erakartzen dituzten substantziak jariatzen dituzte. Hori esperimentuen bidez frogatu da, nahiz eta oraindik ez den ezagutzen zer substantzia zehatz sortzen dituzten. Eska kimikoak saguzar arrainetan (Ogcocephalidae) eta Antennarius striatus generoan baino ez dira aurkitu, nahiz eta litekeena den beste espezie batzuek ere beita kimikoak erabiltzea.
  • Luminiszenteak: eska luminiszenteek argia islatzen duten ehun bereziak izan ditzakete, kanporako igorpena handitzeko. Gainera, argi igorpena erregula dezakete, zuloak ireki edo itxiz. Bestalde, argiaren ekoizpena oxigenoaren mende dagoenez, litekeena da arrainak argiaren intentsitatea erregulatzea, bakterioei oxigeno gehiago edo gutxiago emanez (dena den, hori ezin izan da oraindik frogatu).

Eska mekanikoek harrapakinek ikus ditzaketenean baino ez dute funtzionatzen; hau da, argia iristen den itsas hondoetan. Hala ere, lofiformeen espezie asko (Ceratiidae) sakonera handietan bizi dira, argirik gabeko ingurune pelagikoetan (1. irudia). Arrain horiek hirugarren eska mota garatu dute: eska bioluminiszenteak. Eska horiek hutsak dira barrutik, eta bakterioak dituzte barruan, gehienetan Vibrium motakoak, eta argi berde-urdinxka sortzen dute (argia luziferinaren molekula organikoaren oxidazio erreakzio baten bidez sortzen da, luziferasa entzimak katalizatuta. Ipurtargiek ere luziferina-luziferasa sistema erabiltzen dute, baina haien sistemaren jatorri ebolutiboa independentea da). Badakigu itsas sakoneko lofiformeen eskak bakterio horiek kolonizatzen dituztela, baina ez dakigu nola iristen diren bertara. Duela gutxi, bakterio luminiszente horien genoma oso mugatuta dagoela (% 50 inguru) eta zenbait bide metabolikotarako ezinbestekoak diren geneak falta zaizkiela aurkitu da. Horrek esan nahi du bakterioak ostalariak ematen dizkien mantenugaien mende daudela, eta harekin harreman sinbiotikoa ezartzen dutela.

Eska argitsuak harrapakinak erakartzeko erabiltzen dira, bistakoa denez, baina bigarren funtzio garrantzitsu bat ere badute. Zeratido arrek ez dute eska argitsurik, baina ez dute horren beharrik ere; izan ere, haien funtzioa eme bat aurkitzea eta haren gorputzari itsastea da, parasito sexual gisa. Uste da emeen argi seinaleek, substantzia kimikoen jariaketarekin batera, arrak erakartzen lagun dezaketela.

Kirsten eta Joachim Jakobsenek Azore uharteen inguruan, 800 metroko sakoneran, grabatutako bideo ikusgarri honetan, Caulophryne jordani espezieko eme bat ikus dezakegu, bere ar parasitoarekin batera. Espezie horrek gorputza inguratzen duten harizpien sare konplexua garatzen du, eta harizpi horiek luminiszenteak dira.

Ilizioetan eta esketan oinarritutako arrantza sistema horrek arrakasta ebolutibo handia ekarri zion taldeari. Horregatik, ez da harritzekoa lofiforme guztietan mantendu izana… batean izan ezik. Ceratiidae familiako arrak alde batera utzita (salbuespen berezia direlako), Neoceratias spinifer generoak ez du “arrantzarako kanabera” hori erabiltzen. Arrain txikiak dira (emeek 6 cm inguru neurtzen dituzte), eta barailen kanpoaldean hortz luzeak dituzte (3. irudia).

arrain arrantzaleak
3. irudia: Neoceratias spinifer, iliziorik eta eskarik ez duen lofiforme bakarra. Hortzak barailen kanpoko gainazaletik ateratzen dira. Ar parasito arra isatsari itsatsita ikus daiteke. (Argazkia: P. Pappenheim (1914) – II. Die Tiefseefischeren jatorrizko ilustrazioa – CC BY 4.0 lizentziapean. Iturria: CSIRO-Australian National Fish Collection)

Oraingoan, lofiformeei buruz ari gara, Estatu Batuetako ikerketa-talde batek arrain horien eboluzioari buruzko azterlan osoa argitaratu berri duelako. Ezaugarri morfologikoen eta genetikoen analisiak erabiliz, haien historia berreraiki ahal izan dute (4. irudia).

4. irudia: lofiformeen eboluzioa. Sinboloek hiru eska motak adierazten dituzte. Nabarmentzekoa da familien dibertsifikazio azkarra, Eozenoan itsas sakonetara igaro ondoren gertatu zena. Egindako ikerlanean, Caulophryne arrain familiak eska bioluminiszenterik ez duela adierazten da, nahiz eta beste behaketa batzuek kontrakoa iradokitzen duten. (Argazkia: De Maile eta Davies (2026) – CC BY 4.0 lizentziapean. Iturria: Ichthyology & Herpetology, doi: 10.1643/i2025018)

Lofiformeak Kretazeoaren amaieran agertu ziren, duela 70 milioi urte inguru. Eska mekanikoak izan ziren jatorrizko harrapaketa sistema; eska kimikoak, berriz, modu independentean agertu ziren bi familiatan: saguzar arrainen familian eta Antennarius generoan. Itsas sakoneko ingurune pelagikoetarako eta eska argitsuetarako trantsizioa duela 43 milioi urte inguru gertatu zen, Eozenoan, eta horrek Ceratiidae familiaren eboluzio azkarrari eman zion hasiera. Hain zuzen ere, lofiformeen 14 familietatik 11 sakonera handiko ingurune horien kolonizaziotik sortu ziren, eta horrek itsas hondo abisaletan ornodun talde dibertsifikatuenetako bat eratu zuen.

Erreferentzia bibliografikoa:

Maile, Alex J. eta Davis, Matthew P. (2026). The Evolution of Lures in Anglerfishes (Acanthuriformes: Lophioidei): Investigating Nature’s Tackle Box. Ichthyology & Herpetology, 114 (1), 103-118. DOI: https://doi.org/10.1643/i2025018


Egileaz:

Ramón Muñoz-Chápuli Oriol Animalien Biologiako Katedraduna (erretiratua) da Malagako Unibertsitatean.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2026ko maiatzaren 4an: “La evolución de los peces pescadores (Lophiiformes)“.

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.