Menopausiak materia grisaren galera geldiarazten du

Dibulgazioa · Kolaborazioak

4 min

Menopausiak materia grisaren galera geldiarazten du

Pubertaroan eta haurdunaldian ez bezala, zientzialariak konturatu dira etapa horretan ez dela garuneko materia grisa galtzen, horren zergatia ezagutzen ez badute ere.

Zientzialarien artean kuriositatea pizten duen fenomenoa da menopausia, baina, tamalez, kuriositate hori ez da beti ase egin benetako ikerketekin. Sarri aipatzen da bizidunen artean, txinpantzeak, zenbait balea espezie eta gizakiak direla menopausia duten bakarrak, eta, gizakien kasuan bederen, arrazoi ebolutiboak bilatu zaizkio egoera horri. Ospetsuenetakoa da amonaren hipotesia: horren arabera, gero eta zailagoa duten ugalketara bideratu beharrean, adineko emakumeek aukera ebolutibo gehiago izango lukete beren iloben zaintzara bideratuz, horrek ahalbidetzen dielako beren geneen % 25 ziurtatzea. Edozein arrazoi dela ere, gizakien bizi itxaropena luzatzen den heinean, gero eta emakume gehiago sartzen da bizitzaren etapa horretan, eta horrek, noski, fenomenoa aztertzeko beharra handitzen du.

materia grisa
1. irudia: menopausiaren aurretik edo menopausia pasata egon diren emakumeek materia grisa galdu dute, menopausia betean daudenek ez bezala. (Argazkia: Look Studio / Unsplash).

Emakumeek hiru etapa hormonal garrantzitsu izaten dituzte bizitzan zehar: pubertaroa, haurdunaldia eta menopausia. Trantsizio horiek eragin handia dute garunean, baina orain arte ikerketa gehienak lehen bi etapetara bideratu dira, menopausiaren gaineko ikerketak urriagoak izan diren bitartean. Ikerketa horiei esker ezagutzen zen, adibidez, haurdunaldian materia grisa nabarmen gutxitzen dela.

Hilabetez hilabete materia gris osoa zein kortikala gutxitu egiten da lehen trantsizioetan. Bi kasuetan kortex prefrontalean, parietalean eta tenporalean antzeko kopuruetan gutxitu da materia grisa, baina trantsizio bakoitzak beste zenbait eremutan ere izan ditu berezko jaitsierak.

Gai horretan sakondu nahian, Amsterdameko Unibertsitateko Sophie van ’t Hof eta Elseline Hoekzema zientzialariek gidatutako ikertzaile talde batek azterketa bat abiatu du, eta Nature Communications aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean ezagutzera eman dituzte emaitzak.

Neuroirudien bitartez hartutako datuetan oinarritutako ikerketa izan da, 200 parte hartzailerekin baino gehiagorekin. Zehazki, erresonantzia magnetiko bidez hiru etapetako emakumeei egindako azterketetan oinarritu dute azterketa: 34 nerabe, 70 haurdun eta menopausian zeuden 120 emakume, hain zuzen. Horiek alderatu dituzte antzeko adinean egonda ere trantsizio horietatik kanpo zeuden emakumeez osatutako hiru kontrol talderekin -zehazki, 108, 49 eta 723 parte hartzaileren datuekin-. Egileek aldarrikatu dutenez, aurreneko aldia da neuroirudi tekniken bitartez hiru uneak batera aztertu direna.

Emaitzek erakutsi dutenez, menopausian emakumeen garunean gertatzen diren aldaketak ezberdinak dira pubertaroan eta haurdunaldian gertatzen direnekiko. Esan dugunez, pubertaroan zein haurdunaldian materia gris kortikalaren bolumena gutxitu egiten da. Menopausian zehar, ordea, materia grisa bere horretan mantentzen da. Orokorrean, adinarekin, emakume osasuntsuetan materia grisa beherantz doa, baina, orain argitu dutenez, jaitsiera hori ez da modu agerian gertatu menopausian, kontrol taldeekin alderatuta, bederen.

materia grisa
2. irudia: emakumeek hiru trantsizio hormonal handi izan ditzakete: pubertaroa, haurdunaldia eta menopausia. (Argazkia: Bence Halmosi / Unsplash).

Lehen hilekoarekin batera, jaitsiera hau batez ere kortexean gertatzen da. Haurdunaldian, berriz, bolumenaren galera batez ere atzeko eremu parietal eta eta goiko tenporaletan erregistratu da.

Halere, menopausiaren aurretik edo menopausiaren ostean jarraipenean zehar erresonantzia magnetikoa jaso duten kontrol taldeko emakumeek materia grisa galdu dute. Hots, oraindik ezagutzen ez den arrazoi batengatik, menopausian zehar zahartzearekin batera gertatzen de galera hori nolabait izoztu egiten da. Beraz, badirudi emakumeen bizitzan izaten den aldaketa hormonalek ez dutela eragiten garunaren berrantolaketa bakar bat; aitzitik, etapa bakoitzaren arabera eraginak desberdinak dira.

Egileek onartu dute ikerketak hainbat gabezia dituela. Horietako bat da menopausia egoera parte hartzaileek berek adierazitakoan oinarritu dutela, eta kohorte guztietan datu hormonalak faltan izan dituztela. Hots, ondorioak erresonantzietan eskuratutako datuetan oinarritu dituzte, baina aldaketa hormonalak aintzat hartu gabe. Gainera, erresonantzia guztiak ez dira gailu berean egin, desberdinetan baizik.

Halere, proposatu dute fenomenoaren arrazoia izan daitekeela hormona sexualen gutxitzea. Izan ere, bai pubertaroan zein haurdunaldian hormona horiek –estrogenoak eta progesterona– asko igotzen dira, eta aurreko zenbait ikerketek gorakada hori materia grisaren beherakadarekin lotu dituzte. Onartu dute, halere, ikerketa gehiago beharko direla ustezko harreman kausal hori konprobatzeko: menopausiaren kasuan, harreman hori argitzeko dagoen kontua da, momentuz.

Modu berean, ebazteko dagoen beste kontu bat da ea atzemandako aldaketa horiek eraginik ote duten garunaren gaitasun funtzional edo kognitiboan. Egileek ohartarazi dute honetaz jabetzean badagoela nolabaiteko isuri kognitibo bat. Horren arabera, garun bolumena galtzea berez txarra den zerbait dela pentsa daiteke; eta, kontrako norabidean, bolumen mantendu izana, ona. Diotenez, ez da zertan hala izan, eta susmoa dute hori egokitzapen funtzio bat izan daitekeela.

Bigarren oharpen bat ere egin dute: menopausian masa grisean bolumena ez galtzeak ez du zertan esan garunean bestelako aldaketarik ematen ez denik. Adibidez, gerta daiteke neuronak beste modu batean komunikatzea, baina neuroirudi batek ez du hori erakutsiko. Ez da edonolako oharpena, emakume askok menopausian memoria galerak dituztela esaten dutelako. Gauzak konplikatzeko, adinaren faktorea ere badago, memoria galera horiek gizonezkoen artean ere gertatzen direlako.

Erreferentzia bibliografikoa:

Van ’t Hof, Sophie R.; Bos, Marieke G. N.; Straathof, Milou; Crone, Eveline A.; Hoekzema, Elseline A. (2026). Puberty, pregnancy, and menopause show shared and distinct structural changes across the lifespan. Nature Communications, 17, 9360. DOI: 10.1038/s41467-026-76755-2


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.