Kiñuren begirada: txertoak
Gure gorputzak badu gaixotasunen aurka borrokatzeko sistema propio bat: immunitate-sistema. Baina, nola ikasten du gure organismoak patogenoak ezagutzen eta haiei aurre egiten? Gaur, gure kirikiñoak immunitate-sistemaren entrenatzaile berezi batzuen errepasoa egingo digu txertoekin. Txertoek immunitate-sistema entrenatzen dute, birusak, bakterioak eta beste mikroorganismo batzuk identifikatzen ikas dezan, benetako infekzio bati aurre egin behar izan aurretik.
Txerto guztiek helburu bera dute, baina ez dute bide bera erabiltzen: batzuek mikroorganismo osoak baliatzen dituzte, beste batzuek haren zatiak edo material genetikoa. Txertoen teknologiak, gainera, bilakaera handia izan du urteetan zehar. COVID-19aren aurkako Pfizer eta Moderna txertoek, esaterako, teknologia genetikoa erabili zuten, gure zelulek patogenoaren antigeno bat sortzeko beharrezko informazioa jasotzen baitzuten. Baina hori txerto mota askoren adibideetako bat besterik ez da. Gaur, Kiñuk txertoen funtzionamendua eta gure gorputza gaixotasunen aurrean prestatzeko erabiltzen diren estrategia desberdinak azalduko dizkigu.

Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.
Egileaz:
Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.