Garunek ez daukate generorik

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Ezin da burmuin bat gizon batena edo emakume batena den asmatu, soilik haren ezaugarri anatomikoak aztertuta. Hala ondorioztatu du nazioarteko ikerketa talde batek, 1.400 garunen eskanerrak behatu eta gero.

Gizonek eta emakumeek badituzte desberdintasun fisikoak, eta batzuk oso agerikoak dira. Adibidez, txikitatik irakasten zaigu mutilek zakila dutela, eta neskek, alua. Geroxeago ikasi dugu gauzak ez direla beti beltz ala zuri, eta badirela zakilarekin jaiotzen diren neskak, bai eta alderantziz ere. Hala ere, gehien-gehienetan, sexu organoen araberako bereizketa hori bete egiten da.

Baina garunean, ba al da halako sailkapen anatomiko bat egiterik? Badirudi ezetz. Burmuinean ez dago zuri ala beltz garbirik, askotariko grisak baizik. Hala egiaztatu dute, Daphna Joel Tel Aviveko Unibertsitateko ikertzaileak zuzendutako nazioarteko lan batean. Garun askoren eskanerrei erreparatuta, ikusi dute badaudela gizonen artean gehiago errepikatzen diren ezaugarri batzuk, bai eta emakumeen artean maizago agertzen diren beste batzuk ere. Ez dago, ordea, sexuak baldintzatutako patroi bat eta bakarra; ez dago garunak, besterik gabe, bi generoren arabera bereizterik. Hala azaldu dute, PNAS aldizkarian argitaratutako artikulu batean.

1. irudia: Guztira, 1.400 garunen eskanerrak aztertu dituzte lan honetan. (Argazkia: Tel Aviveko Unibertsitatea)
1. irudia: Guztira, 1.400 garunen eskanerrak aztertu dituzte lan honetan. (Argazkia: Tel Aviveko Unibertsitatea)

Zehazki, 1.400 burmuinen erresonantzia magnetiko bidezko irudiak (MRI) baliatu dituzte ikerketa hau egiteko. Gai grisa, gai zuria, lotura neuronalak eta garunaren kortexaren lodiera izan dituzte aztergai, ezaugarri anatomiko bereizgarriak bilatze aldera. Baina ez dute topatu gizon edo emakume guztien garunetan ageri den elementu komunik, eta beraz, garbi dago ezin dela burmuin baten jabea sexu batekoa edo bestekoa den asmatu, soilik haren buruaren eskanerrari begiratuta; nahiz eta oso zorrotz eta atalez atal begiratu.

Hala ere, garunaren zonalde batzuetako ezaugarri zenbait maizago ageri dira emakumeen artean, eta beste zenbait gizonen artean. Hori horrela, eskanerretan generoaren araberako kontraste handiena erakutsi zuten hamar atalak hartu, eta azterketa sakonagoa egin zuten ikertzaileek horien inguruan. Adibidez, ezker hipokanpoa dago zonalde horien artean. Izan ere, oro har, memoriarekin zerikusia duen atal hori handiagoa da ikertutako gizonen burmuinetan, emakumeenetan baino.

Baina hamar zonalde horiek bereizita ere, ikertzaileek ez dute sexuaren araberako patroi bereizgarri nabarmenik ikusi. Izan ere, emakumeen garunek bat egiten zuten emakumeen artean maizago ikusi diren ezaugarri batzuekin, baina ez guzti-guztiekin. Eta gizonekin, beste hainbeste gertatu zen. Hau da, ezker hipokanpoaren adibideari jarraituz, gizonek oro har hipokanpo handiagoa izateak ez du esan nahi kasu guztietan hala denik: emakume batzuena gizonen batez bestekoa baino nabarmenagoa da, eta gizon batzuena, berriz, emakumeen batez bestekoa baino txikiagoa.

Garuna
2. irudia: Datuek erakusten dutenez, garunak ezin dira sexuaren arabera bereizi. (Argazkia: Tel Aviveko Unibertsitatea)

Bestela esanda: garunean, grisak dira nagusi. Oso kasu gutxitan metatzen dira hamar zonalde horietan identifikatu dituzten ezaugarri femenino edo maskulino guzti-guztiak: aztertutako gizonen garunen %1ean eta emakumeenen %10ean baino ez. Izan ere, normalean, nahasketa gailentzen da: ezaugarri batzuk arruntagoak dira emakumeen artean, eta beste batzuk gizonen artean, baina bi emakumeren edo bi gizonen garunetan, ez dira zertan ezaugarri guztiak modu eta neurri berean errepikatu. Hain zuzen, gehienetan ez da hala izaten.

Hori horrela, giza garuna ezaugarrien “mosaiko” bat dela diote ikertzaileek artikuluan: “Ezaugarri batzuk arruntagoak dira emakumeen artean gizonen artean baino, beste batzuk arruntagoak gizonen artean emakumeen artean baino, eta beste batzuk ohikoak dira emakume zein gizonen artean. Baina giza garunak ezin dira bi kategoriatan sailkatu. Ez dago garun maskulino edo femeninorik”.

Erreferentzia bibliografikoa:
Daphna Joel et al. Sex beyond the genitalia: The human brain mosaic. PNAS November 30, 2015. Published online before print, November 30, 2015, doi: 10.1073/pnas.1509654112


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.