Biologia
Arrain-haztegietako arrain-multzoen jokabide-aldaketak on line monitorizatzeko metodologia bat ikertu du Harkaitz Eguiraun ingeniariak, UPV/EHUko Plentziako Itsas Estazioan egin duen doktoretza-tesian: “Arrainak sentsore biologiko gisa erabil daitezke, kanpo-perturbazioen eraginez euren portaeran gertatzen diren aldaketak modu ez-inbaditzailean neurtu daitezkeelako”. Ikerketak hiru fase izan ditu. Lehendabiziko fasean, erabilitako tresna garatu zuten (irudiak ateratzeko prozedura, aztertzeko modua, etab.). Bigarrenean, kanpo-perturbaziorik eragin gabe arrain-multzoek zer egoera dinamiko duten ikusi zuten: “Ezinbestekoa da operazio-puntua zehaztea, monitorizazio-tresna doitzeko eta perturbazioak eta egoera ‘normala’ bereizi ahal izateko”. Ikerketan aztertzen dena ez da estresa zerk eragiten duen, baizik eta animaliek nola erreakzionatzen duten eta hori izan da hirugarren pausoak garatutako ideia.
Animalien erreinuarekin jarraituz, Amaia Portugalek honako albistea dakarkigu: Arratoi, saguzar, primate eta bestelakoek eragindako zoonosien mundu mapa osatu dute. Hau da, gizakioi gaitzen bat kutsatzeko ahalmena duten espezieak non bizi diren zehaztu dute. Emaitzen artean badaude ezustekoak: espezie biodibertsitate ugariena duten zonalde tropikalak ez dira, proportzioan, transmisio handiena dakartenak. Orain arte giza-kutsatze horiek non eman diren aztertu dute Ekosistema Ikerketen Cary Institutuko eta Georgiako Unibertsitateko (AEB) hiru ekologok. Guztira, 27 ordenetako 5.007 ugaztun espezie basati bildu dituzte egindako atlasean.
Biologiari jarraiki, ugaztunen gantz-ehun mota biak (gantz nabarra eta gantz zuria) izan dira mintzagai artikulu honetan. Gantz zuria energia-erreserba izatea da bere eginkizuna animalietan. Gantz nabarraren kasuan, beroa sortzea da. Metabolismo-jarduera azkarreko ehuna da gantz nabarra. Ugaztun jaioberrietan, adibidez, garrantzi handiko zeregina betetzen du. Ume jaioberrietan gorputzaren masa osoaren % 5 gantz nabarra izan daiteke. Txikiak izanik, gorputz-azalera handia dute eta beraz, bero gehiago galtzen dute gizon-emakume handiek baino. Burua oso handia dute eta hori da bero gehien galtzen duen gorputz-ataletako bat. Muskuluak ez dituzte garaturik eta beraz, ez dute dar-dar egiteko ahalmenik. Gero, hazterakoan,haurrek dardaratzeko ahalmena eta bestelako muskulu-jarduerarako gaitasuna eskuratzen dute eta, horrekin batera, gantz nabarra galdu egiten dute. Baina ez guztiek. Izan ere, duela gutxi aurkitu dute gizon-emakume heldu batzuek ez dutela gantz nabarra galtzen (edo guztiz galtzen).
Astronomia
Izarrarteko hodei batean kiralitatearen ezaugarria duen molekula baten arrastoa atzeman du zientzialari talde batek. Sagittarius B2 izeneko hodeia aztertu dute, Esne Bidean dagoen gas eta hutsezko hodei handienetakoa da. Galaxiaren zentrotik gertu dago eta lehenagotik ere bertan hainbat molekula atzeman dituzte zientzialariek. Molekularen ezaugarririk nabarmenena da kiralitatea propietatea baduela. Juanma Gallego kazetariak azaltzen digu zer den hori: “Haien ispilu-irudiaren aurrean jartzerik ez dagoenean hitz egiten da kiralitateaz”. PRIMOS proiektuaren barruan egin da aurkikuntza, molekula prebiotikoak atzematea helburu duen egitasmoan. Adituek uste dute molekula horiek rol garrantzitsua izan zutela biziaren sorreran.
Geologia
Vesuvio Ponpeiako hondamendiari lotuta dago gehienbat baina sumendi aktibo eta bortitz honen historia zabala da oso. Egun, munduko sumendi arriskutsuena dela uste da, Napoliko badiaren inguruan hiru milioi pertsona bizi direlako. Artikuluan azaltzen da plaka tektoniko afrikarrak eta eurasiarrak bat egiten duten gune horretan duela 400.000 bat urte hasi zela jarduera bolkanikoa, eta sumendia duela 25.000 urte eratu zela. Artikuluan suntsiketa horien berri izango duzue.
Emakumeak zientzian
Emakume ikertzaileak 2016 izeneko txostena argitaratu berri du CSIC erakundeak. Datuek honako hau eman dute aditzera: ibilbide zientifikoan aurrera egin ahala, emakumeen ehunekoa txikitu egiten da. Europako beste herrialdetan ere kontu bera gertatzen da azken urteetan unibertsitate- eta doktore-titulua duten emakumeen ehunekoa hazi den arren. Adibidez, doktoretza-aurretik formatzen ari direnen eta doktoretza-ondorengoa egiten ari diren ikertzaileen artean desberdintasuna dago: aurretik % 56,69 dira, eta ondoren, % 32. Bestalde, Espainiako ikerketa-proiektuetan, Ikertzaile Nagusi izendapena duten emakumezkoen ehunekoa % 35, 98 da, eta nazioarteko proiektuetan, % 34,67. Gainontzeko datuak ezagutzeko, jo ezazue artikulura. Txosten osoa eskuragarri izango duzue ere bertan.
Kimika
Polimeroak zer diren azaldu digute artikulu honen bitartez Zientzia Kaieran: errepikatzen diren atomo askoz osaturiko kate luzeak dira eta handia da horiek eguneroko bizitzan duten garrantzia. Adibidez, automobilgintzan, etxe-tresnetan, medikuntzan, aeronautikako industrian, ehungintzan, etab. Horretaz gain, hainbat kontsumo-ondasunen ontziratze eta paketatzean polimeroek duten garrantzia nabaria da. Material hauek zenbait abantail aurkezten dituzte: arinagoak dira, garraio-kostuak txikiagoak dira eta oro har, beren ekoizpena energetikoki merkeagoa da. Ezaugarri hauei esker, polimero biodegradagarriek interesa piztu dute azken urteotan. Horiek bakterio, onddo eta alga bezalako mikroorganismoen bidez deskonposatzen dira, eta karbono dioxidoa, ura, metanoa, konposatu ezorganikoak edota biomasa ematen dute. Polimero biodegradagarriei buruz gehiago jakiteko, artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu.
Farmakologia
Zikari aurre egiteko txerto eraginkorra garatzeko asmoa duten Inovio eta GeneOne Life Science farmazia-konpainiek gizakietan lehen proba klinikoak egiteko baimena jaso dute. DNA-txerto sintetiko bat da eta animalia-eredu txikietan zein handietan emaitza onak eman ditu. Zikaren aurkako antigorputzak eta T zelulak sortzea eragin du txertoak. Lehen fasean 40 boluntariok parte hartuko dute; denak gizonezkoak eta osasuntsuak. Txertoa segurua, onargarria eta eraginkorra dela frogatzea da helburua. Halaber, zenbait aldizkaritan argitara eraman dituzte txertoarekin lotutako artikulu ugari. Horien artean, ikerketa baten berri eman dute. Horren arabera, dengearen birusarekiko espezifikoak diren bi antigorputz Zikaren aurrean ere eraginkorra direla frogatu dute.
Biomedikuntza
Haizea Estomba Iturriza ikertzaileari egin diote elkarrizketa Unibertsitatea.net atarian. Biomedikuntza arloan ikerketan dihardu, ugalkortasun maskulinoa arloa ardatz. Doktorego-tesia defendatu berri du. Animaliekin egindako ikerketaren bidez gizonen emankortasuna kontrolatzen duten mekanismo molekularren inguruko informazioa jasotzea izan da erronketako bat. Sagu arrekin, egindako ikerketen bidez lortutako emaitzek gizonen emankortasunaren inguruko informazioa gehitzen lagundu dutela dio. Halaber, opioideek espermatozoideen eraketan duten paperaz mintzatu da ikerlari gaztea: “Espermatozoideen eraketan, edo espermatogenesian, peptido opioideek funtzio garrantzitsua betetzen dutela esan liteke. Izan ere, hauekin bat egiten duten hartzaileen, hau da, opioide-hartzaileen presentzia eraketa fase osoan zehar topatu dugu”.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.