Adinduen erorketa guztiak ez dira berdin sendatzen

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Aldakako eta eskumuturreko hausturek adineko pertsonetan zer eragin duten neurtzeko asmoz, etorkizuneko azterketa bat egin dute UPV/EHUko Medikuntza Prebentiboa eta Osasun Publikoa saileko ikertzaileek. Aurkeztutako ikerketaren arabera, adineko pazienteen suspertze funtzionala ez da hausturaren ezaugarrien oso mendekoa. Izan ere, adinekoek haustura batetik suspertzeko duten gaitasuna, haien egoera fisiko eta sozialarekin lotura handiagoa du, gaitzarekin baino.

adinduen erorketak
Irudia: UPV/EHUko ikerketa baten arabera, adinekoek erorketa baten ondorioz izandako haustura batetik suspertzeko duten gaitasunak haien egoera fisiko eta sozialarekin lotura handiagoa du, gaitzarekin baino.

Pertsona adinduen erorketak eta hauek eragindako ondorioak osasun publikoko arazo handia dira egun, gero eta ugariagoak baitira eta menpekotasun-egoera ugari sorrarazten dituzte. Aldakako eta eskumuturreko hausturek adineko pertsonetan zer eragin duten neurtzeko asmoz, etorkizuneko azterketa bat egin dute Gaixotasun Kronikoen Osasun Zerbitzuak Ikertzeko Sareko ikertzaileek (REDISSEC-ISCIII). Itziar Vergara ikerketa-sare horretako ikertzaileak dionez, “Ikusten genuen horrelako hausturen ondorioak ez direla berdinak pertsona guztietan, eta saiatu ginen ikusten eboluzio txarra izango duten pertsonen profila zehazterik ba ote zegoen”.

Faktore askok eragiten dute haustura baten ondorioz gaitasun funtzionala mugatuta gelditzea. Azterketan ikusi ahal izan dutenez, aldakako eta eskumuturreko hausturetan, eragina handiagoa da adinez zaharragoak diren gaixoetan, gaixotasun gehiago dituztenetan, eta hezkuntza-maila txikiago eta babes-sare sozial txikiagoa duteengan. Bestalde, nabarmentzekoa da suspertze funtzionala ez dagoela lotuta ez hausturaren ezaugarriekin, ez emandako tratamenduarekin. “Guk egiten dugun interpretazioa da gure inguruan, EAEn, eta, zehazki, Osakidetza osasun-sistema publikoan (handik jaso baititugu datuak), hezurren bat hautsitako pazienteak artatu eta tratatzeko gaitasun profesionala eta teknologikoa hain handia dela, non gai baitira hausturaren ezaugarriak edozein direla ere kasu guztietan pareko emaitzak lortzeko —gaineratu du—. Hori kontuan hartuta, azkenean haustura baten ondorioz pertsona jakin baten menpekotasunean eragiten duena da pertsona horrek haustura izan zuenean zer-nolako egoera zuen“, adierazi du Vergarak.

Osasun publikoaren ikuspuntutik duten garrantzia dela eta, aztertutako haustura guztiak multzo bakarrean elkartu zituzten ikertzaileek, eta “ikusi genuen erorketen ostean suspertze txarra duten pertsona gehienek bat egiten dutela azkenaldian adineko ahul deritzon profilarekin“, azpimarratu du Itziar Vergara ikertzaileak. Adineko pertsonak dira, eta beren egunerokoan autonomoak izaten jarraitzen badute ere, oso ahulduta daude, bizi-kalitate kaskarra dute osasunari dagokionez, zenbait gaixotasun kroniko dituzte eta botika asko hartzen dute, eta inguruan babes-sare mugatua dute.

Vergararen ustez, oso garrantzitsua da sailkapen hori kontuan hartzea asistentzia sanitarioko zerbitzuen hasierako balorazioan: “Gaur egun balorazio konplexuak egin arre, hausturak izan dituzten adinduak ez dira ahul edo sendo gisa sailkatzen. Merezi du adineko ahul deritzon etiketari arreta jartzea, jakin baitakigu okerrera egingo duten pertsonak direla, eta merezi du haien beharrei erantzun integrala ematea”.

Hala, “bilatuko litzateke zer elementuk bihurtzen duten pertsona bakoitza ahul, eta haiek gainditzen saiatuko litzateke, konponbideak bilatzen, susperraldia ahalik eta arrakastatsuena izan dadin”, gaineratu du ikertzaileak. “Erizainek, medikuek edo geriatria-langileek erabateko ahalmena dute balorazio hori egiteko. Ez dira baliabide gehiago behar, adineko pertsonentzat garrantzitsuak diren gauzetan jarri behar da arreta, besterik ez”, ondorioztatu du.

Erreferentzia bibliografikoa:
Vergara I., Vrotsou K., Orive M., García S., González N., Las Hayas C., Quintana JM. ‘Wrist fractures and their impact in daily living functionality on elderly people: a prospective cohort study’. BMC Geriatrics (2016) 16:11
http://bmcgeriatr.biomedcentral.com/articles/10.1186/s12877-015-0176-z

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Adinekoak haustura batetik suspertzeko gaitasuna, haien egoera fisikoaren eta sozialaren araberakoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.