Ura, bizitzarako ezinbestekoa

Animalien aferak · Dibulgazioa

oxigenoa

Ura

Bizitzarako ezinbestekoa da ura. Eta animalia askorentzat ura lortzea izaten da buruhauste handienetako bat. Ura lortzeko edo ura aurrezteko animaliek garatu dituzten estrategiak ikusiko ditugu hemendik aurrerako artikuluetan, eta oso egoera desberdinetan ikusiko ditugu, gainera. Baina hasi, kontrako arazoa duten animaliekin hasiko gara gu, hau da, ura sobera duten animaliekin.

drop-of-water-545377_1280
1. irudia: Ura oxigeno atomo bat eta bi hidrogeno atomoz osatua dago eta bizitzarako ezinbestekoa da. Izan ere, ba al dago urik gabe bizi den izaki bizidunik?

Ur gezetan bizi diren animaliek ez dute ur arazorik, edo, hobeto esanda, ur larregi izatea izan daiteke haien arazoa, eta, beraz, ura neurriz kanpo irabazteari aurre egin behar diote. Animalia hauekin hasiko gara, hain zuzen ere, beren gorputzetatik ura kanporatzen arduratu behar dutenekin.

“Mira cómo beben los peces en el río”

Beste garai batean oso ezaguna zen Gabon-kanta batekoak dira izenburuko hitzak. Testuinguru zabalagoan jarrita, ondoko hau da Gabon-kantak dioena: “Pero mira cómo beben los peces en el río, pero miran cómo beben al ver a Dios nacido, beben y beben y vuelven a beber, los peces en el río al ver a Dios nacer”. Bertsoaren kalitate poetikoaz aritzeko asmorik ez dugunez, albo batera utziko ditugu gogoeta literarioak eta bertsoaren edukiaz arituko gara, Gabon-kantak ez baitu asmatu: ibaietako arrainek ez dute urik edaten.

Akuarioetan edo urmaeletan, edo ibai zein aintziretan ikusten ditugunean, eta ahoa zabaltzen ikusten ditugunean, arrainak ez dira edaten ari. Arnasa hartzen ari dira, ez besterik. Izan ere, kalte egiten die ura edateak ur gezetako arrainei. Ur gezetan bizi direla, ur gezarena baino askoz altuagoa da arrain horien gorputz-likidoen gatzen kontzentrazioa. Hori dela eta, urak gorputzean sartzeko joera handia du. Kontuak horrela, urari sartzen utziko baliote, urez beteko lirateke eta lehertzera ere hel litezke bai gorputza bera bai eta haren zelulak ere.

Beraz, ur-sarrera saihestu behar dute ur gezetako arrainek, eta horretarako bi bide erabiltzen dituzte. Batetik, gorputz-azala oso iragazgaitza dute eta, bestetik, ez dute ia urik edaten edo oso gutxi edaten dute. Digestio-hodiak, elikagaien xurgapenerako azalera izanik, iragazkorra izan behar du ezinbestez. Beraz, digestio-hodia uraren sarbidea izan ez dadin, ur gutxi edatea da aukerarik egokiena[1].

2. irudia: Ibaietako arrainek brankietatik xurgatzen dituzte ezinbestekoak dituzten gatzak; itsasokoek, ordea, brankietatik kanporatzen dituzte soberan dituztenak.
2. irudia: Ibaietako arrainek brankietatik xurgatzen dituzte ezinbestekoak dituzten gatzak; itsasokoek, ordea, brankietatik kanporatzen dituzte soberan dituztenak.

Uraren sarrerari oztopo handiak jarri arren, hain da handia ura sartzeko joera osmotikoa, ezen nolabaiteko ur-bolumena etengabe sartzen baita. Ur gutxi edanez, beraz, murriztu egiten da arazoa, baina ez guztiz konpontzen. Hortaz, nahi gabe sartu den ura kanporatu beharra dute eta horretarako, gernu-bolumen handiak ekoitzi behar dituzte. Izan ere, ibaietako animaliak dira gernu-bolumen handienak ekoizten dituzten animaliak. Akuarioetan hain ohikoa den Carassius auratus urre-arrainaren gernu-ekoizpena, esaterako, 0’144 ml/h-koa da, eta horretatik, 0’005 ml/h da edanez barneratzen dena[2]. Beste guztia (% 95) nahi gabe sartzen zaio gradiente osmotikoak eraginda.

Gernu-bolumen handia ekoizteak, hala ere, badu kontrakorik. Ur gazietako animalia gehienek beren plasma iragaziz ekoizten dute lehen gernua deritzoguna. Beraz, lehen gernu horrek plasmaren ioi-konposizio berbera du. Kanporatzen dena gernu hori izango balitz, gatz asko galduko litzateke: batetik, oso gatz gutxi duen likidoa sartzen da eta, bestetik, gatz asko duena irteten. Gatzen balantzea, beraz, negatiboa izango litzateke. Hori dela eta, gernua kanporatu aurretik, gatz kantitate handiak birxurgatzen ditu giltzurrun-epitelioak eta horri esker, kanporatzen den gernuaren gatz-kontzentrazioa plasmarena baino askoz ere baxuagoa izaten da. Beraz, gernu-bolumen handiak bai, baina oso gernu diluitua da kanporatzen dena, hau da, kontzentrazio osmotiko apaleko gernua.

Eta hori ez da nahikoa. Aipatu ditugun prozesuen balantzea negatiboa da gatzei dagokienez. Hau da, kanpoko uraren gatz-kontzentrazioa gernuarena baino baxuagoa denez, gatzen galera garbia ekartzen du uraren sartu-atera horrek. Hori konpondu ahal izateko, beste bide batetik jo behar izaten dute ur gezetako arrainek: giltzurruna ez diren organoetatik xurgatu behar dituzte gatzak, eta brankiak dira horretarako organo aproposak. Hau da, arnas funtzioa betetzen duen epitelioak bigarren funtzio garrantzitsu hori ere bete behar du.

Ikusi ahal izan dugunez, korapilatsu samarra da ibaietan bizitzea. Ur gezetako arrainak aztertu ditugu hemen, baina arrainez gain, beste animalia asko bizi dira ibai eta aintziretan, eta guztiek egin behar izaten diote aurre ur-sarreraren eta gatzen galeraren arazoei. Funtsean, arazo horiei aurre egiteko eta ezinbestekoa duten gatz-kontzentrazioaren orekari eta uraren eduki egokiari eusteko, bide berdinak erabiltzen dituzte guztiek.

Oharrak

[1] Gutxi, bai, baina apur bat edan behar dute ioi dibalenteak eskuratzeko.

[2] 10 g-ko arrain bati dagozkio datu horiek.


Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@JIPerezIglesias) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.


Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

3 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.