Asteon zientzia begi-bistan #136

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

tree-838667_1280

Neurozientzia

Ikerketa berri baten arabera, garunaren eremu batek hazten jarraitzen du helduaroan ere. Orain arteko teoriak dio haur jaioberri baten garunak baduela jada helduaroan izango duen neurona-kopuru bera (90.000 milioi inguru neurona). Horren arabera, haurra hazten doan heinean, bere garuna ere hazten doa, baina ez neurona gehiago sortzen dituelako, baizik eta neuronen tamaina eta mielinazko estaldura handitzen doazelako. Elhuyarren azaltzen digute nerabezarora iristean aukeraketa bat gertatzen dela: gutxi erabiliak eta ahulak diren neuronen arteko sinapsiak galdu egiten dira, eta gehien erabiltzen direnak sendotu. Hori dela eta, nerabezaroa hartzen zen garuna hazteko muga gisa. Orain, ordea, ikusi dute eremu batean hazten jarraitzen duela, eta gainera, neurona gehiago sortzearen ondorio dela.

Ekologia eta biologia

Datu triste batekin hasi dugu albisteen errepasoa: 7.100 gepardo baino ez dira geratzen lurrazalean. Gainera, bere bizitokien hedapena murriztu da. Amaia Portugalek kontatu digu gepardoen egoeraz inoiz egin den azterketa sakonena dela, eta Londresko Zoologia Elkartea, WCS eta Panthera erakundeak aritu direla elkarlanean. Sarah Durant ikertzaileak azaltzen du, animalia iheskorra dela eta hari behatzea zaila dela. “Orain arte ez gara ohartu zeinen ataka estuan dagoen. Gure aurkikuntzen arabera, gepardoak gune oso zabalak behar dituenez (200 eta 1.000 kilometro karratu artean) eta eremu basatian askotariko mehatxuak jasaten dituenez, desagertzeko duen arriskua guk uste baino handiagoa da”. Afrikan daude gepardo ia guztia; Asian ale eskas geratzen dira. Orain, guztira, 7.100 ale baino ez egoteaz gain, oso sakabanatuta daude.

Animaliekin jarraituz, bitxia da jarraian datorrena: Antartidako itsaso izoztuetan bizi diren Channichthydae familiako arrainek ez dute ez hemoglobinarik odolean, ezta mioglobinarik ehunetan. Horregatik dira zurixkak eta ia gardenak. Autoreek azaltzen digutenaren arabera, benetan bitxia da talde hori ornodunen artean, ornodunen ezaugarrietako bat odoleko hemoglobina-kontzentrazio altua ohi baita. Dirudienez, hemoglobinarik ez izatearen arrazoia ß-globinaren sintesirako beharrezkoa den gene funtzionalaren gabezia da. Zergatik galdu dute arrain horiek hemoglobina eboluzioan? Ez ote dute hemoglobinarik behar oxigenoa zeluletara eramateko?

Zergatik egiten dugu lo? Loaren garrantziaz jabetzeko, zenbait ikerketa egin dira eta horiek bildu ditu artikuluaren autoreak. Lehenik, dietaren eta ondo ala gaizki lo egitearen arteko lotura aztertu du Marie-Pierre St.-Ongek gidatzen duen ikerketan. Emaitzek dieta ez-kontrolatuak lo sakon eta indar-berritzailearen iraupena murrizten duela adierazten dute. Londresko King’s College izenekoan Gerda Potek zuzendutako ikerketa-taldeak loaren eta gure gorputzaren pisuaren arteko harremanari buruzko datu berri bat jakinarazi du. Argitaratutako hamaika ikerlanen meta-azterketa egin ondoren, gutxi lo egiteak (hiru ordu eta erdi eta bost ordu eta erdi bitartean) egunean 385 kcal gehiago irenstea dakarrela ondorioztatu dute. Alabamako unibertsitateak jakitera eman du beste ikerketa baten bitartez 5 ordu baino gutxiago edo 9 ordu baino gehiago lo eginez gero, arazo kognitiboak pairatzeko arriskua handiagoa dela erakusten dute.

Osasuna

Bitamina eta gehigarriak hartzeko ohitura asko zabaldu azken urteotan. Eskura ditugu honakoak hainbat tokitan. Baina benetan onuragarriak al dira. Berrian Edu Lartzangurenek gaia jorratzen du. Antioxidatzaile, azido foliko edo resveratrol pilulak hartzea baliagarria da zerbaitetarako? Zientziak erakutsi du belar denda, parafarmazia, gimnasio eta supermerkatuetan denen eskura dauden elikagai gehigarriak hartzeak ez duela, askotan, osasun onurarik ekartzen. Adituek argi dute auzia: egoera berezietan ez bada, gehigarriok ez dira beharrezkoak, ez dute onurarik ekartzen eta, arriskuak, ordea, badituzte.

Biokimika

Bizia sortu ahal izateko molekula kimikoak nola elkartu ziren aztertzen dihardu UPV/EHUko ikertzaile-talde batek. Gantz eta aminoazido sinpleetatik tiraka, bizia nola sortu zen argitzeko lanean ari dira. DNA, RNA, proteinak, mintzak, azukreak… asko dira bizidunen zelulak osatzen dituzten osagaiak. Biologiaren alorrean, eta, zehazki, biziaren sorrerari buruzko ikerketetan, oso ohikoa da molekula-mota horietako bati bakarrik erreparatzea, eta haien mekanismo espezifikoak aztertuta bizia nola sortu zen proposatzea. “Ikerketa horiek, oinarrian, ‘biziaren molekula’ bilatzen dute, hau da, bizia sortu ahal izateko molekula garrantzitsuena zein izan zen argitzea”, esan du Kepa Ruiz Mirazo UPV/EHUkoBiofisika Unitateko eta Zientziaren Logika eta Filosofia saileko ikertzaileak. Kontuan hartuta “bizia molekula eta osagai askoren arteko joko bat dela, azken urteetan ikuspegi-aldaketa bat gertatzen ari da, eta gero eta gehiago egiten ari dira ikerketak molekulen multzoak kontuan hartuta. Sistemen kimika esaten zaio beste horri”, gaineratu du. Gantz-azidoen eta aminoazidoen arteko sinergia frogatzeaz gainera, oso garrantzitsutzat jotzen du Ruiz-Mirazok ikerketak oinarrizko osagai kimikoekin egin izana, alegia, aitzindari molekularrekin: “Biziaren sorrera oinarrizko molekula horietatik abiatuta gertatu zen; hortaz, biziaren sorrera ikertzeko ezin gara abiatu gaur egungo mintzetan aurkitzen ditugun fosfolipido konplexuetatik.

Argiak egin dio elkarrizketa Aitana Oltra zientzialariari. Herritar zientziari buruz mintzatu dira, batik bat. Haren iritziz, zientzialariek ez ezik, herritar arruntek ere espezie arrotz inbaditzaileen hedapena neurtu dezakete, herritar zientzia deritzona eginez. Oltra urteak daramatza CSICen barruko Blaneseko Ikerketa Aurreratuen Zentroan (CEAB) tigre eltxoen ezaugarriak eta hedapena ikertzen. Mosquito Alert proiektuan zientzia eta parte-hartzea uztartu nahi dituzte.

2016ko aurrerapen esanguratsuak

Juanma Gallegok aurten izandako aurrerapen esanguratsuenak bildu ditu bilduma interesgarri honetan. Lehenik, Advanced Ligo behatokiak grabitazio-uhinen aurkikuntza egin zuen. Duela 1.300 milioi urte bi zulo beltzek egindako talkaren seinalea izan zen atzemandakoa. Albert Einsteinen teorien baliagarritasuna frogatzeaz gain, unibertsoa aztertzeko ate berri bat ireki du grabitazio-uhinen aurkikuntzak. Bigarrenik, CRISPR-Cas9 izeneko teknikaren bidez eraldatutako geneak gizaki batean txertatu zituztela gogoratzen du. Guztira, hamar bat lagunengan egingo dute saioa. Orain arte ez dute jakinarazi sendabide gisa arrakastatsua izan ote den. Erresuma Batuak, bestalde, tresna giza enbrioietan erabiltzeko aukera ireki du. Hirugarrenik, astronautika pribatua dugu. Apirilean, SpaceX enpresak Nazioarteko Espazio Estaziora bidalitako suziri batek itsasoan zegoen oholtza batean lurreratzea lortu zuen. Zerrenda honetan ere, planeta gorriaren lurrazalera egin diren bidaiak aipatu ditu autoreak. ESA Europako Espazio Agentziaren Exo Mars 2016 misioa, adibidez. Ez galdu zientzian izan diren aurrerapenak 2016.urtean zehar.

Astrofisika

Ospea iragankorra da. Niri zenbakiek sariek baina gehiago inporta didate. Etorkizunean astronomoek nire datuak erabiltzen jarraitzen badute, hori izango da nire ohorerik handiena.” Vera Rubin (1928-2016)

Vera Rubin 2016ko abenduan zendu zen. Astrofisikaria aitzindaria izan zen. Berorrek neurtu zuen lehen aldiz izarren errotazioa galaxia barruan. Neurketa horren emaitzekin materia iluna bazegoela frogatu zuen. Aurkikuntza honez gain ibilbide oparoa egin zuen Vera Rubinek. Nobel saria jasotzeko beste ekarpen egin bazituen ere ez zuen eskuratu inoiz. Beste hainbeste bezala Gorka Zozaia kimikariak Gaur8 gehigarrian azaltzen digu, sukaldeko lana egin dutela Vera bezalako zientzialariak “iluna” argitzen.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.