Orain hamarkada bat detektatu zuten lehenengoz irrati eztanda azkar bat, eta horien jatorriaz ezer gutxi dakigu. Orain, baina, eztanda horietako baten iturri kosmikoa kokatzea lortu dute ikertzaile batzuek. Aztertu duten hau hiru mila milioi argi urtetara dagoen galaxia batetik dator. Neutroi izar jaioberri batek sortua izan daiteke, baina badaude bestelako hipotesiak ere.
Irrati eztanda azkarrak uhin oso bizkor eta laburrak dira, haien iraupena segundo milarenetan neurtzen baita. Gisa honetako irrati uhin bat 2007an identifikatu zuten lehenbizikoz, eta horien jatorria misterio hutsa da, gaurtik gaur. Kolapsatutako izarrak, lurrundutako zulo beltzak… bai eta seinale estralurtarrak ere. Horra hor, zabaldu izan diren hipotesietako batzuk.
Haien frekuentziaren ondorioz, badakigu hedapen erraldoia dutela, eta gas kantitate oso handiak zeharkatzen dituztela galaxietan luze eta zabal, gurean antzematerako. Horrenbestez, Esne Bidetik at eta oso urrutitik datozela badakigu, baina ezer gutxi gehiago. Orain, baina, irrati eztanda azkar baten iturri kosmikoa kokatzea lortu dute aurrenekoz, uhina bete-betean harrapatuta. Cornwell Unibertsitateak (New York, AEB) gidatu du ikerketa, eta aztergai izan duten eztanda zehatz honek hiru mila milioi argi urtetara dagoen galaxia batean du jatorria. Hala azaldu dute, Nature aldizkarian argitaratutako artikuluan.
Areciboko Behatokian (Puerto Rico) detektatu zen lehen irrati eztanda azkarra izan dute ikergai, zehazki. Laura Spitler doktoretza ondoko ikertzaileak aurkitu zuen 2012ko azaroan, eta horregatik, FRB 121102 du izena. Bere berezitasuna zera da, beste kasu batzuetan ez bezala, irrati eztanda azkar hau gehiagotan antzeman dutela gero; jarraitua dela, alegia. Horrenbestez, haren jatorriak ezin du, adibidez, izar baten eztanda izan, fenomeno egonkorrago bat baizik. Jarraikortasun horrek, aldi berean, ikerketa honetarako hautagai egoki bihurtzen du, aukera gehiago ematen dituelako bere jatorriaren bila aritzeko.
FRB 121102 Auriga konstelazioan dago, Orion baino aurreraxeago, baina hori jakiteak ez du bilaketa nahi beste errazten. “Zeruko gune zehatz batetik datorkigu seinalea, eta gune horren diametroa arku-minututan neurtu daiteke. Ehunka balizko iturri daude hor. Izar, galaxia eta bestelako gauza mordoa“, esan du Shami Chatterjee artikuluaren egile nagusiak.
Areciboko irrati teleskopioak ez du hain begi zorrotza, ordea, haren bereizmena Ilargiaren diametroaren hamarrenaren parekoa baita (edo hiru arku-minutu). Horrenbestez, bereizmen handiagorako ahalmena duen Karl G. Jansky Behatokira (Mexiko Berria, AEB) jo zuten ikertzaileek. 80 orduz aritu ziren harekin lanean, eta hala, FRB 121102 bete-betean harrapatzea lortu zuten. Mundu osoko bestelako teleskopio batzuk ere baliatu zituzten lan osagarria egiteko; esaterako, irrati eztanda azkar horren argi espektroa definitzeko. “Hidrogenoaren, oxigenoaren eta beste elementu batzuen kolore oso bereizgarrien seinale detektagarria dauka”, dio Chatterjeek.
Irrati eztanda azkar horren jatorria zer distantziara eta zer galaxiatan dagoen kokatu dute, beraz. Baina zerk sortzen du, zehazki? Hori argitzea litzateke hurrengo urratsa. “Uste dugu neutroi izar jaioberri bat izan daitekeela, eremu magnetiko erraldoia duena. Edo, agian, galaxia nano bateko nukleo galaktiko bat izan daiteke. Edo litekeena da bi ideia horien arteko konbinazioa izatea, eta horrek azalduko luke zergatik den, nolabait, arraroa, ikusten ari garen hau”, gaineratu du ikertzaileak.
Erreferentzia bibliografikoa
S. Chatterjee et al. A direct localization of a fast radio burst and its host. Nature, 541, 58–61 (05 January 2017). DOI:10.1038/nature20797
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.
1 iruzkina
[…] batean sortu zela seinale hori, eta bertan izar berri asko jaiotzen ari direla. 2016an aurrenekoz aurkitu zuten errepikapen hori, eta handik hasita bi inguru hilabetez berriro lau aldiz jaso zuten seinalea. […]