Asteon zientzia begi-bistan #182

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Osasuna

Dengea zein zika transmititzen ditu Aedes aegypti eltxoak. Dengeak 400 milioi lagun inguru kutsatzen ditu urtero. Gehienek ez dute ia sintomarik izaten, baina gutxi gorabehera bi milioi lagunek sukar hemorragikoa izaten dute birusaren eraginez, eta azkenerako, 25.000 hiltzen dira urtero. Arazoari aurre egiteko, zergatik ez jo eltxo horien kontra? Zilegi al da espezie horiek behin betiko iraungitzea? Juanma Gallego kazetariak galdera bota du Berrian: “Ziztada hilgarrien aurkako lasterketa” artikuluan. Eta erantzuna bilatu nahian, besteak beste, Roger Eritja entomologoari luzatu dio gaia. Honen ustez, “eltxoen edo gaixoen kopuruak apalduta, aurre egin dakioke gaixotasunari. Beraz, ez da beharrezkoa espezie bat guztiz akabatzea”.

Zientziak baditu emaitza bitxiak plazaratzen dituen ikerketak eta horrelako bat ekarri digu Josu Lopez-Gazpio kimikariak. Abiapuntua Robert Alan Kloner medikuak eta ikertzaileak 1999. urtean egin zuen ikerketan daukagu. Bihotzarekin lotura zuten arazoen heriotza-tasa izan zuten aztergai eta frogatu zuten neguan udan baino heriotza gehiago gertatzen direla, gehienak abendutik urtarrilera. Antza, neguan tenperaturak hotzagoak izaten direnez horrek azal zezakeen heriotza-tasa hori baina beste kontu batekin egin zuten topo: azaro bukaeran heriotzak handitzen hasten ziren, Gabonetako oporren inguruan maximora iristen ziren eta ondoren berrio jaisten hasten ziren. Zergatik ordea? Azalpen guztiak Gabonetako oporraldiak osasunean duen kaltea artikuluan.

Biologia

Flora aloktonokoa da tokikoa edo jatorrizkoa izan ez arren ohikoa bilakatu den espeziea. Horrelako espezieak ikus daitezke Nansa (Kantabria) eta Bidasoa (Gipuzkoa-Nafarroa) ibaien arroen artean. Izan ere UPV/EHUko ikertzaile batek denera 156 espezie detektatu dira zonalde horietan eta, horrez gain, ikusi du espezie horien %40 puntu bakar batean agertzen dela. Horren adibidea da, esaterako, Urumea ibaian aurkitu den Ipar Amerikako Muhlenbergia schreberi graminearen populazio naturalizatuak (hainbat ziklotan zehar -10 urte gutxienez- haien kabuz populazioa mantentzeko gai diren kanpoko espezieak). Datu guztiak Kantauriar ibaietako espezie exotikoak artikuluan.

Jatorriz Asiakoa den baina 2004an Frantziara iritsi zen Vespa velutina liztorra arazo larriak sortzen ari da Europako erlauntzetan. 2006. urtean antzeman zuten lehen aldiz Frantziako Lot-et-Garonne departamenduan eta handik aurrera Europan inoiz izan den liztor-inbasiorik arrakastatsuena izan da ziur aski velutinaren inbasioa. Erle europarrak harrapatzen dihardu ordutik hona liztor erle-hiltzaile honek. 2010ean Gipuzkoako zenbait erlategitan aurkitu izan zirenez Asiako liztor honen aleak, erlezaintzaren munduaren inguruan kezka handia zabaldu da honek izan dezakeen eragin kaltegarriari dagokionez. Espezie honen ezaugarriak eta jokaera azaldu digute Juan Ignacio Pérez Iglesias eta Miren Bego Urrutia biologoek: David vs Goliat?

Hegaztien behaketen datuak biltzen dituzten hainbat webgune ditugu eskura. Esaterako, Aranzadi Zientzia Elkarteak kudeatzen duen Ornitho webgunea daukagu. Bertan faunan behatzen diren animalien datuak biltzen dira, besteak beste, hegaztienak. Ornitho.eus 2015ean sortu zen eta jada 100.000 behaketa baino gehiagoren datuak ditu. Datu-base hau Euro Bird Portal erakusleiho handiagoan integratzen da. Asier Sarasua biologoak Sustatun Euro Bird Portalen aukera berriak azaldu ditu egunotan. Izan ere, hegaztien joan-etorriak erakusten dituzten mapak sortu daitezke. Milaka ornitologoren datuak bildu eta mapa dinamikoen bidez erakusten dituzte: Hegaztien migrazioa irudikatzen duten mapa animatuak.

Emakumeak zientzian

Ziortza Guezuraga kazetariak genero berdintasuna eta lidergoa batzen dituen Homeward Bound nazioarteko egitasmoaren berri eman digu asteon. Hamar urtean 1.000 emakume zientzialariren kolaborazio sarea sortu nahi du Homeward Boundek, planetan eragina duten politiketan eta erabaki-hartze guneetan eragina izan dezaten. Horrez gain, beste ildo bat du egitasmoak: aldaketa klimatikoari irtenbidean laguntzea. Xehetasun guztiak Ama naturak bere alabak behar ditu artikuluan.

Astrofisika

2069. urtean gizakia Ilargira ailegatu zenaren mendeurrena izango dugu. Urte hori hautatu du NASAk beste urrats handi bat emateko: Izarrarteko lehen misioa gauzatzeko. Sustatu agerkarian eman dizkigute NASAren asmoen berri. Antza, 2069rako aurreikusten du NASAk izarrarteko lehenengo misioa, Alpha Centauri izar sistemara iritsiko litzatekeena, gugandik gertuen dagoen izar sistema.

Fisika

Duela 50 urte aurreikusitako materiaren egoera berria egiaztatu dute zientzialariek, bereizmen handiko elektroskopia erabilita. Illinoisko Unibertsitateko (AEB) ikertzaileek aurrenekoz elektroi baten eta elektroi horrek berak atzean utzitako hutsunearen arteko egoera existentzia frogatzea lortu dute: eszitonioa. Titanio diselenioa (TiSe2) konposatuaren azterketa baliatu dute egoera horren existentzia frogatzeko. Orain topatu berri duten egoera honen ezaugarriak arretaz aztertuko dituzte, bertatik atera daitezkeen aplikazio teknologikoak garatu ahal izateko. Datu guztiak Juanma Gallegoren eskutik: Jaun-andreok: hona hemen eszitonioa, materiaren egoera berria.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.