Ama naturak bere alabak behar ditu

Ziortza Guezuraga

Antartika ildo hartuta, eta zientziaren arlotik, klima-aldaketa, genero berdintasuna eta lidergoa batzen dituen nazioarteko ekintza da Homeward Bound.
Mundu osoko emakume zientzialariak bildu eta urtebetez lidergo tekniketan, taldeen kudeaketan, nazioarteko harremanetan eta proiektuen finantzazioan trebatzea, besteren artean, da proiektuaren helburu nagusia. Hamar urtean 1.000 emakume zientzialariren kolaborazio sarea sortu nahi du Homeward Boundek, planetan eragina duten politiketan eta erabaki-hartze guneetan eragina izan dezaten.

1. irudia: Klima-aldaketaren ondorioak nabarmenen izaten ari dira Antartikan.

Zientziaren alorrean emakumeak duen egoera dago proiektuaren oinarrian. I+G alorrean emakumeen errepresentazio maila %29koa da batez beste mundu mailan Unescoren datuen arabera. Mendebaldeko Europan eta Ipar Amerikan %32ra igotzen da portzentaia.

Europar Batasunari dagokionez ere, ikertzaileen %33 dira emakumeak Komisio Europarraren She Figures txostenak adierazten duenez. Estatu mailan %39an dago emakumeen portzentaia, ekonomia ministerioaren Científicas en cifras 2015 txostenaren datuei begira. Euskadiko datuei erreparatuta emakumeen portzentaia %35ean dagoela ikus daiteke Zientzia 2017 txostenean.

Ikertzaile karreran aurrera egin ahala, baina, beheranzko joera du emakumeen portzentaiak. Hala, ikertzaile karreraren maila apalenetan emakumeen kopurua gizonen parekoa edota gehiago bada ere, karreran aurrera eta postuetan gora egin ahala emakumeen portzentaia jaitsi egiten da, dela estatu mailako unibertsitate eta OPISetan:

2. irudia: Emakumeen portzentaia ikertzaile karreran estatu mailako unibertsitate eta OPISetan.

Dela CSICen:

3. irudia: CSICko ikertzaile-karreraren eboluzioa sexuaren arabera.

Edo UPV/EHUko ikertzaile eta irakasleen banaketa:

4. irudia: UPV/EHUko ikertzaileen eta irakasleen banaketa sexuaren arabera.

Edota BERCetakoa:

5. irudia: BERCetako banaketa sexuaren arabera.

Kasu guztietan patroi bera errepikatzen da: karreran aurrera egin ahala emakumeen portzentaia behera egiten du. Aurten bertan Rosa María Menéndez izendatu dute CSIC erakundearen historiako lehen presidente emakumea. Euskal unibertsitate pribatuetan egoera ezberdina da; kontuan izan behar da, hala ere, karrera profesionala bestelakoa dela, ez duela bide bera jarraitzen eta, beraz, ez direla konparagarriak.

Emakumeek zientzian duten egoera irauli nahi du Homeward Bound programak. Horretarako lau ataletan banatutako programa garatu dute:

  1. Urtebeteko iraupena duen lidergo formakuntza birtuala.
  2. 12 eguneko formakuntza intentsiboa lidergoan eta estrategian.
  3. 6 eguneko formakuntza berezitua aldaketa klimatikoan.
  4. Hiru asteko espedizioa Antartikara.
Antartikara espedizioa

Programaren baitan Antartikara espedizioa egitea ez da ausaz hartutako erabakia. Esplorazioaren paradigma izateaz gain, klima-aldaketaren gaian, Homeward Bound programaren ildo nagusietako bat, erreferente da Antartika.

Klima-aldaketaren ondorioak Antartikan (eta baita Antartidan ere) dira nabarmenen, Eñaut Izagirrek azaldu bezala, glaziarrak klimaren indikatzaile sentikorrak dira. Hori hala, klima-aldaketaren eboluzioaren ikerketan Antartika gehien ikertzen den puntuetako bat da. NASAren Global Climate Change: Vital Signs of the Planet programak (klima-aldaketaren jarraipena egiten duen programa), esaterako, Antartikaren izotz masa du aldaketa klimatikoaren egoeraren adierazle moduan.

6. irudia: Landare bizitza lurrazalean eta ozeano azalean, 1997ko irailetik 2017ko irailera arteko satelite behaketez osatutako animazioa. (Iturria: NASA)

Klima-aldaketari erantzun azkarrenetarikoak ematen ari dira Antartikaren zenbait zonaldek eta hauek zuzenean ikertzeaz gain, Homeward Bound proiektuan parte hartzen duten emakumeen arteko harremanak bultzatzea da bertara joateko beste arrazoietako bat. Klima-aldaketaren aurka emakume zientzialarien sare kolaboratiboa sortzea.

Emakumeak zientzian duten papera indartzeko, emakume zientzialarien arteko harremanak sustatzeko eta klima-aldaketari aurre egiteko asmoa du Homeward Bound nazioarteko proiektuak. Zientziaren baitako emakumeen inpaktua eta influentzia handitu planetan eragina duten politiketan eta erabakietan egungo egoerari aurre egiteko.

Zientziak gaur egun dituen erronketako biri, emakumeak zientzian duten egoerari eta aldaketa klimatikoari irtenbidean laguntzeko asmotan sortutako ekimena da Homeward Bound.

Erreferentziak:

———————————————————————–

Egileaz: Ziortza Guezuraga kazetaria eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaboratzailea da.

——————————————————————

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>