Zelula amen kriobabeste geldoa

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Zelula ama mesenkimalen ezaugarri onuragarriak babes daitezke tenperatura baxuetan gordeta, NanoBioCel taldeko Haritz Gurrutxagaren ikerketaren arabera.

1. irudia: Haritz Gurruchaga ikertzaileak kriobabeste geldoa ikertu du. Argazkia: Nuria González.

Zenbait metodo daude zelulak biomaterialetan babesteko eta horietako batean zentratu da ikerketa: kriobabeste geldoan. Laginak aldez aurretik tratatu eta profil zehatz bati jarraiki izozten dira, laginak desizoztu eta gero beren eginkizuna eta ezaugarriak berreskuratu ahal izateko.

Paziente ezberdinetako laginak erabili dira matrize bizia osatzeko eta hiru atal izan ditu ikerketak:

  1. Lehenik eta behin, Vitoria-Gasteizko Vithas San Jose Ospitaleko Kirurgia Artroskopikoa Unitateak (UCA) optimizatutako matrizea zelula ama mesenkimalak babesteko egokia dela frogatu zen.
  2. Ikerlanaren bigarren zatiak irtenbide horren osaera hoberena zehaztea zuen xede eta molekula ezberdinak konbinatuz, izoztean zehar babeste propietate bikainak dituzten soluzio ezberdinak lortu dira.
  3. Azkenik, biosistema babestu ahal izateko konbinaziorik onena zein den zehaztasun osoz jakin ahal izateko, saiakera zehatzagoak egin dira ehunak berreskuratzeko ardura izango duten zelulen funtzionalitatea zehazteko helburuarekin, tenperatura baxuetan gordeta zeuden bitartean beren ezaugarriak galtzen ez zituztela baieztatuz.

Horrekin guztiarekin baieztatu ahal izan denez, posible da zelulen eta beren ostatu den matrizearen ezaugarri onuragarriak babestea. Lan honek ate berria ireki dio zelula ama mesenkimalen babesteari, prozedura berri eta erraz bat proposatuta, bai prozesuen kostua zein konplexutasuna gutxituz.

Zelula ama mesenkimalak

Zelula heldu eta pluripotenteak (ehun mota ezberdinak sortzeko gai) dira zelula ama mesenkimalak. Morfologia fibroblastoidea dute eta zelula linu ezberdinetan (kondrozito, osteozito eta adipozitoak, besteak beste) bereizteko gaitasuna ere.

2. irudia: Irudiko fibroblastoen morfologia dute zelula ama mesenkimalak.

Asko areagotu da zelula ama mesenkimalen erabilera hainbat izaerako gaixotasunak tratatzeko. Aplikazio horietako bat Osteoartritisaren tratamendua (saiakera klinikoko fasean oraindik) da aplikazio horietako bat, kartilago artikularraren eta bere inguruko ehunaren endekapen geldia dakarren gaixotasuna. Azken ikerketek iradokitzen dutenez, zelula ama mesenkimalek kaltetutako ehuna berreskuratzeko eta handitutako ehunaren inguruko komunikazioa aldatzeko gaitasuna dute, gaixotasunaren ondoriozko mina gutxituz.

Vitoria-Gasteizko Vithas San Jose Ospitaleko UCAk zelula ama mesenkimalak erein eta hezteko oso propietate onuragarriak agertzen dituen matrizea garatu du. Plaketetan aberatsa den plasma, likido sinobiala eta paziente berberaren likido sinobialetik ateratako zelula ama mesenkimalak dira matrizearen osagaiak.

Behin baino gehiago jaso behar dute tratamendua osteoartritisa duten pazienteek eta, frogatu denez, zelula ama mesenkimalek zenbait ezaugarri onuragarri galtzen dituzte gaixoaren adinak gora egin ahala. Zelula ama mesenkimalak daramatzan aldamioa babesteak, beraz, potentzial terapeutiko handia izan dezake etorkizunean paziente bakoitzaren osteoartritisa tratatzeko.

Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Zelula amen kriobabestea.

Erreferentzia

Gurruchaga, Haritz et al., (2017). Cryopreservation of Human Mesenchymal Stem Cells in an Allogeneic Bioscaffold based on Platelet Rich Plasma and Synovial Fluid. Scientific Reports, Vol 7 (1), 15733. DOI: https://doi.org/10.1038/s41598-017-16134-6

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.