Asteon zientzia begi-bistan #197

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Biologia

Euskaldunek harrapatzen zuten baleari euskaldunen balea esaten zioten. 60 tonako pisua zuten, 15-17 metrokoak ziren eta 270 balea-bizar zituzten. Europako merkatuan oso preziatua zen “sain” delakoa, baleen gantza, hain zuzen. Eraikinak argiztatzeko eta berotzeko erabiltzen zen. 1059.ekoak dira euskal balea-arrantzaleei buruzko lehen idatziak, Baionan eginak, eta zetazeo honen okelaren salmentari buruzkoak. Jakina denez, euskaldunek Ternuan bakailao eta baleak harrapatzen zituztela XVI. mendetik aurrera baina izan daiteke lehenagotik ere egitea. XVI. mende osoan zehar, 15-20 itsasontzi iristen ziren udan Ternuara, eta Euskal Herrira itzultzean, 9.000 barril ekartzen zituzten. Egun, zaila da zenbat gelditzen diren jakitea; euskaldunen balea nekez aurkitzen da Ipar Mendebaldeko Atlantikoan eta Ipar Amerikan, eta are urriagoa da Ipar Ekialdeko Atlantikoan.

Narra-txakurrek parte hartzen duten lasterketak “The Copper Basin 300” izena du; 490 km-ko distantzia egiten dute horretan eta 70 orduko iraupena du, atsedena barne. 7 km h-1-koa da txakurren batez besteko abiadura. Lasterketa -35 °C eta -10 °C tartean alda daitezkeen tenperaturetan burutzen da. Txakurrek eguneko 47.100 kJ-ko energia-gastua egiten dute lasterketa-egunetan. Narra-txakurren gastua hiru bider handiagoa da baldintza artikoetan aritzen diren soldadu eta Frantziako Tourrean aritzen diren ziklistekin alderatzen badugu!

Emakumeak zientzian

Itziar Urizarrek Biologia ikasi zuen hiru urtez, bi urte gehiago eman zituen Biokimikako adarrean; horrela lortu zuen lizentziatura. Ondoren, masterra eta orain tesia egiten dabil, bere bizitza bilakatu dena. Urizarrek dio: “Betidanik gustatu zaizkit natura, animaliak… eta uste dut asmatu nuela Biokimika aukeratzean”. Azken finean, ikertzea gustuko du, “galderei erantzuna ematen saiatzea”. Halere, etorkizuna ilun samar ikusten du: “Lehia handia dago gure artean, eta gutxi batzuk baino ez dute lortzen aurrera egitea. Horretarako, ezinbestekoa da curriculum ona izatea, eta hori lortzeko, edo kontratu bat duzu edo kanpora joan behar duzu. Hortaz, tesia bukatutakoan, agian atzerrira joan beharko dut”. Gaur gaurkoz, lagundutako ugalketan espermatozoideen hautaketa hobetuko duen biomarkatzaileen bila dabil lanean. Zehazki, hartzaile opioideen inplikazioa ikertzen du, giza espermatozoideen ahalmen ugalkorrean.

Ana Galarragari egin diote elkarrizketa eta bertan bere lanaz eta izanaz mintzatu da. Lanbidez, zientzia komunikatzailea da Elhuyarren; ikasketaz, berriz, albaitaritzan eta elikagaien zientzia eta teknologian lizentziatua da. Zientziak duen erakargarritasuna nabarmendu du tartean baina era berean gustatzen ez zaizkion gauzak aipatzen ditu: “Adibidez, ez zait gustatzen hierarkizatua dagoelako, neurri handi batean klasista delako eta matxista, gizarte guztia bezala. Asko gustatzen zait, ordea, ez delako dogmatikoa. Beste arteek ez bezala, mundua ulertzeko egia bilatzen du zientziak; mundua ulertzeko metodo bat dauka, eta metodo horren onena da ez dela norberarena. Zientzian bidea da garrantzitsuena, eta norbaitek erakusten badu aurrekoarena oker dagoela, atzera botatzen da; ez da erlijio bat. Hori gustatzen zait”.

Hizkuntzalaritza

Zenbat eta hizkuntza gehiago jakin, bigarren edo hirugarren hizkuntzan jarduteko antsietatea txikiagoa dela ebatzi du Alaitz Santosek ‘Sorry about my English’ tesian. DREAM taldean ikertzaile dabil, eta irakaslea da Hezkuntza, Antropologia eta Filosofia Fakultatean, Donostiako UPV/EHUko campusean. Hizkuntzak ikasteko prozesuan beharrezkoa da lotsa kentzea eta horietan mintzatzea. Izan ere, Santosek dio garrantzitsuena “komunikatzeko gaitasuna garatzea” dela. Hori egitera ausartzen ez direnak, ikertzailearen esanetan, “blokeatu egiten dira, eta isilik gelditzen dira, edo urduri jarri: hori komunikazio antsietateagatik da”. Generoak badu honetan zerikusia: “Ikusi dugu emakumeen jarrera hizkuntzen inguruan positiboagoa dela gizonezkoena baino, motibatuago sentitzen direla hizkuntzak ikasteko garaian; baina, aldi berean, antsietate maila handiagoa dute”.

Informatika

Gero eta ohikoagoa da Hezkuntza alorrean teknologian oinarritutako tresnak erabiltzea, hala nola Moodle moduko ikasketa kudeatzeko sistemak. Domeinu-modulua da Teknologian Oinarritutako Hezkuntzarako edozein tresnaren muina, hark adierazten baitu ikasleek ikasi beharreko ezagutza guztia. Hori sortzea, baina, ez da hain erraza. Lan honetan, LiDom Builder plataforma-informatikoa analizatu dute. Domeinu Modulu Eleaniztunak testuliburu elektronikoetatik era automatikoan erauztea ahalbidetzen du.

Bertsoen melodiez osatutako bilduma edo corpus batetik abiatuta doinu berriak automatikoki sortzeko metodo bat garatu du Izaro Goienetxea UPV/EHUko ikertzaileak. Bestalde, musika-piezak errepresentatzeko modu berri bat aurkitu du, eta horretan oinarrituta, musika automatikoki sailkatzeko metodo berri bat aurkeztu. Proiektu honen inguruko xehetasunak PLOS ONE zientzia aldizkarian eman ditu.

Kimika

Juan Manuel Madariaga Kimika katedradunari egin dio elkarrizketa Berriak, izan ere, 2020an Martera joango den tresna baten eraikuntzan parte hartzen ari da UPV/EHUko IbeA kimika analitikoko ikerketa taldeko zuzendaria. Tramankulu txiki baten barruan mineral bat dago: kaltzita laranja bat. Horrelako materialak baliatuko dituzte planeta gorrian bizi aztarnak bilatuko dituen tresna kalibratzeko. Kimikariak azaltzen du: “Guztira, halako 24 lagin joango dira kalibrazio txartelean. Marte aztertzeko erabiliko den tresna multi-espektroskopikoak erreferentzia zehatzak behar ditu analisia egin baino lehen baldintzak nolakoak diren zehazteko. Lagin honek duen osaketa kimikoa ezaguna denez, horren arabera tresna kalibratu ahal izango dugu”. Horrek guztiak badauka helburu bat: bizi zantzuak bilatu nahi dituzte. “Besteak beste, oxalatoak bilatuko ditugu. Ez dago animalia jatorria ez duen oxalatorik. Beraz, Marten oxalatoak topatuz gero, bertan bizia egon den froga lortuko genuke”, azaltzen du Madariagak.

Ponpeiako aztarnategiko muralak hondatzen dituzten mikroorganismoen aurkako biozida natural bat patentatu du UPV/EHUko ikerketa talde batek. Horretaz gain, degradazio biologikoarekiko erresistentea den berriztapen morteroa ere garatzen dabiltza. Ponpeiako etxeetan erabilitako materialak eta muraletan erabili ziren pigmentuak analizatu dituzte ikerketan. Helburu bat ere badute: jatorrizko erromatar formulazioan oinarritutako berriztapen mortero bat garatzea.

Medikuntza

Ikertzaile talde batek proposatu du zenbait haurdunalditan goragaleak eta oka asko egitea eragiten dituen hipermesiaren atzean GDF15 eta IGFBP7 geneak daudela. Goragaleek eta okek haurdun diren emakumeen %50-80ri eragiten diete. Gainera, sintoma desatsegin horiek arazo larri bilaka daitezke: hiperemesia izenaz ezagutzen da eta haurdunaldien %0,3-2tan nozitzen da. Gaixotasun horrek dakartzan ondorioak ez ditu bakarrik amak pairatzen, kasu batzuetan gaitza haurtxoarentzat kaltegarria izan daiteke. Besteak beste, erditze goiztiarra, garapen neurologikoaren atzerapena eta K bitamina faltak eragindako enbriopatia eragin ditzake. Orain, ikertzaileek genetikan aurkitu dute erantzuna: GDF15 eta IGFBP7 geneek eragiten dute hiperemasia.

Teknologia

Denok egin dugu noizbait gure familiaren zuhaitz genealogikoa. Teknologiak egun baditu aplikazio ugari hori egiteko. Ezagunena geni.com (My Heritage) da, 86 milioi erabiltzaile dituena. Zehazki erabiltzaile horien datuak elkarren artean lotu dituzte eta orain arte egin den zuhaitz genealogiko zabalena sortu dute. 5 milioi erabiltzaileren datuak jasotzen ditu eta 11 belaunalditako 13 milioi pertsona konektatzen dituen zuhaitz erraldoia da, 1.650tik 2.000. urtera bitarteko datuak biltzen dituena. Lortutako datuetatik hainbat ondorio atera dituzte, hala nola, ezkontza-ohiturak, bizi-itxaropena, eta abar. Heriotzei dagokienez, ondorioztatu dute genetikak baduela nolabaiteko eragina (familia-adar batzuetako itxaropena beste batzuena baino handiagoa izan da historian zehar), baina alde hori %15 ingurukoa besterik ez da. Gainontzeko ondorioak artikuluan dituzue irakurgai.

Zenbait proba egin dituzte eta aste honetan azkenean, Kalifornian erabat legezkoa izango da gidaririk gabeko auto bat errepideetara ateratzea, alboan gizakirik izan gabe (orain arte egin duten moduan). AEBko beste estatu batzuetan proba asko egin badituzte ere, Kalifornia izan da arautu duen lehenengoa.

Zientziaren historia

1689an Isaac Newton Erresuma Batuko Lorden Ganberako kide izendatu zuten. Zientzialariak parlamentuan esan zituen lehenengo hitzak gogoratu ditu Argiak. Izan ere, denbora asko egon zen bere eserlekuan isilik, baina egun batez altxa eta hitza eskatu zuen. Hitzaldi gogoangarria espero zutenek sorpresa handia eraman zuten: “Eskuineko leiho hori ixteko erregutzen dizuet, haize-laster izugarria sartzen baita”. Goi ganberan bistan da ezetz, baina laborategian ekarpen handiak egin zituen Newtonek.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.