Gastroenterologiako Espainiako Elkarteak duela gutxi saritu dituen bi lanetan parte hartu du UPV/EHUko Medikuntzako irakasle eta Biodonostia Institutuko Luis Bujanda ikertzailearen ikerketa taldeak. ‘Ezkutuko odolaren test immunologikoaren ziurtasun diagnostikoa urdail-hesteetako klinika duten pazienteentzat’ izenburuko ikerlanak ahozko komunikazio kliniko onenaren saria jaso du, eta ‘GSK3aren inhibitzaileak TRAILarekin konbinatuta, pankreako minbizian apoptosia eragiteko estrategia gisa’ izenburukoari ahozko komunikazio oinarrizko onenaren saria eman diote. Bi ikerlanok onartu egin dituzte Colorectal Disease eta Cell Death Disease nazioarteko zientzia aldizkarietan.
Lehenengoan aztertu da, digestio aparatuko kontsultako 787 pazienterengan, ea ezkutuko odolaren test immunologikoa (SOHi) sentikorragoa eta espezifikoagoa ote den koloneko minbizia detektatzeko, Erresuma Batuko National Institute for Clinical Excellencek (NICE) edo SIGN gidak erabiltzen dituzten irizpide klinikoak baino. Gaixo guztiei datu kliniko eta analitikoak hartu zaizkie eta kolonoskopia egin zaie. Koloneko minbizia duten 97 paziente detektatu dira. Ikerlanak erakusten du ezkutuko odolaren test immunologikoaren 100 ng/ml-tik gorako emaitzak koloneko minbizia detektatzeko %87,6ko sentikortasuna eta %77,4ko espezifikotasuna dituela. Balio horiek askoz hobeak dira NICEk eta SIGN gidak erabiltzen dituzten irizpide klinikoei jarraituz lortutakoak (hurrenez hurren %61,9-%65,2 eta %82,5-%42,7) baino. “Gure azterlanak iradokitzen du koloneko minbiziaren susmoa dagoenean SOHi testak minbizi mota hori detektatzeko ziurtasun diagnostiko handiagoa duela goian aipatutako beste bi irizpideek baino”, adierazi du Bujanda irakasleak.
Saritutako bigarren ikerlaneko datuek frogatu egiten dute pankreako minbiziaren tratamendurako terapia eraginkorra dela tumore-zeluletako GSK3 (glikogeno sintasa kinasa 3) entzimaren jarduera blokeatzen duten konposatu kimikoen eta zeluletako TRAIL proteina naturalaren konbinazioa. “Pankreako adenokartzinoma duktala (PDA) -azaldu du ikerlan horretako ikertzaile nagusiak, Marta Herreros-Villanuevak- egungo kimioterapiarekiko erresistentzia handiena duten tumoreetarikoa da. TRAILa erabili izan da zelulen apoptosi edo heriotza programatua eragiteko, estrategia terapeutiko gisa, hainbat saiakuntza klinikotan, eta horietariko batzuk pankreako minbiziari buruzkoak izan dira. Hala ere, pankreako tumoreek tratamendu horren aurkako erresistentzia intrintsekoa dute eta lehenbailehen bilatu behar dira terapia berriak, tumore-zelulei apoptosiaren eragileekiko sentikortasuna emango dietenak. Ikerketa honen bitartez jakin nahi genuen ea, GSK3aren inhibitzaileak erabilita, TRAILak eragindako apoptosiarekiko sentikortasuna sortu ahal zitzaien zelulei, eta, gure emaitzen arabera, konbinazio hori tresna baliagarria da pankreako minbiziaren tratamendurako”.
Erreferentziak
Cubiella J., Salve M., Díaz-Ondina M., Vega P., Alves M.T., Iglesias F., Sánchez E., Macía P., Blanco I. & Bujanda L. (2014). Diagnostic accuracy of faecal immunochemical test for colorectal cancer in symptomatic patients: comparison with NICE and SIGN referral criteria, Colorectal Disease, n/a-n/a. DOI:10.1111/codi.12569
Zhang J.S., Herreros-Vilanueva M., Koenig A., Deng Z., de Narvajas A.A.M., Gomez T.S., Meng X., Bujanda L., Ellenrieder V. & Li X.K. (2014). Differential activity of GSK-3 isoforms regulates NF-κB and TRAIL- or TNFα induced apoptosis in pancreatic cancer cells, Cell Death and Disease, 5 (3) e1142. DOI:10.1038/cddis.2014.102