Marteko metano isuriak berretsi dituzte, baina misterioak argitzeke jarraitzen du

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Duela hainbat urtetik ezagutzen da Marten metano isuri txikiak badirela, baina konposatu horren aztarnak jarraitzea oso zaila da. Orain, eta aurrenekoz, bi tresna desberdinekin egiaztatu ahal izan dute halako isuri bat gertatu dela.

2013ko ekainaren 16an izandako metano isuria atzeman dute Marteko Gale kraterretik gertu, planeta orbitatzen duen Mars Express zundaren bitartez. Ekuadorretik gertu dago Gale, eta duela milioika urte bertan aintzira bat egon zen. Tartean, arrazoi horregatik dago bertan Curiosity roverra, 2012tik. Besteak beste, SAM izeneko tresna du robotak, laser espektrometro bat, hain zuzen. Tresna horri esker, egun bat lehenago Curiosityk metanoa neurtu zuen inguruan, baina neurketa horrek zalantza batzuk sortu zituen, guztiz argia ez zelako. Atzemate berri honekin, beraz, isuri hori benetan gertatu zela egiaztatu ahal izan dute, baieztapen independentea delako. Nature Geoscience aldizkarian argitaratu dituzte gertaera hori berresten duten datuak.

“Datu hauek oso interesgarriak dira, bi misiok aldi berean isuri bat detektatzen duten aurreneko aldia delako”, azaldu dio Zientzia Kaierari ESAko Mars Express misioko zientzia operazioetako arduradun Alejandro Cardesin ingeniariak. “Gainera, kasu honetan eremuaren azterketa oso zehatza egin da, bai atmosferari zein geologiari dagokienez, eta metano isurketari lotuta egon daitezkeen eremuak identifikatu ahal izan ditugu”.

1. irudia: Marteko metanoaren jatorria argitu nahi dute zientzialariek; bereziki, horren atzean prozesu geologikoak edo biologikoak ote dauden aurkitzeko. (Argazkia: NASA)

Aspalditik ezagutzen da Marten metanoa dagoela, baina konposatua aurkitzea zaila da, oso kopuru txikietan dagoelako. “Metanoaren analisia egitea arras konplexua da, eta zientzialariek 15 urte inguru daramate behaketak aztertuz”, dio Cardesinek. 1999an aurkitu zen aurrenekoz planeta gorrian, eta handik lau urtera Lurreko teleskopioen bitartez baieztatu zen. Urtebete geroago, Mars Express misioak garrantzizko lehen isuriak detektatu zituen. Ondorengo urteetan zientzialariak behaketa horiek osatzen saiatu direla azaldu du zientzialariak. “Baina beti egon da eztabaida handia, datuak interpretatzeko dauden zailtasunengatik. Orain, behingoz, baieztatutako lehen behaketa dugu”.

Marten metanoa aurkitzeko hain tematuta egoteak badu atzean zergati bat: zientzialariek ez dakite nola sortzen den, ezta zergatik desagertzen den ere. Gainera, aldizkako isurien bitartez askatzen da konposatu hori. Eta horrek inplikazio garrantzitsuak izan ditzake, bai geologiari dagokienez zein astrobiologiari dagokionez.

Terrazentrismoa eman dezake, baina metanoak irudimena pizten du: izan ere, Lurrean dagoen metanoa biziaren jardunari oso lotuta dago –zientzialarien hizkeran, biogenikoa da–. Adibidez, animalia askoren hesteetan edo aintziretan bizi diren bakterioek sortu ohi dute metanoa, oxigenorik gabeko ingurunetan, hain zuzen. Hortik sortzen da metano gehiena, baina jatorri geologikoa izan dezake ere Lurrean, sumendien bitartez.

Momentuz, Marten ez dugu aurkitu ez bakteriorik ezta sumendi aktiborik ere, baina badago zerbait noizean behin metanoa sortzen duena, eta beharko lukeena baino askoz azkarrago desagertzen da metano hori, Lurrean ezagutzen dugun kimikaren arabera, bederen. Lurrean, Eguzkiaren argiak metanoaren molekula apurtzen du atmosferaren goiko aldean, fotolisiaren bitartez. Beheragoko atmosferan, berriz, batez ere oxidazioagatik desagertzen da konposatua. Lurrean ikusitako logikari jarraituz, Marten ehunka urtez egon beharko litzateke metanoa, baina –eta datu zehatzik ez badago ere– urtebete eta ordu batzuen arteko tartea proposatu dute hainbat zientzialarik.

Jatorri argirik gabekoa

Marteko metanoaren jatorria azaltzeko hainbat teoria proposatu dira, baina, momentuz ez dago ezer garbirik. Horietako bat ia-ia alde batera utzi da, bereziki iaz Science aldizkarian aurkeztu ziren datu berrien argitara. Teoria horrek zioen meteorito txikiek Marteren kontra jotzean eramandako materia organikoaren narriaduran egon litekeela metanoaren abiapuntua. Baina, esan bezala, iaz aurkitu zuten metano isurien eta Marteko urtaroen arteko korrelazio indartsu bat, eta arraroa litzateke meteoritoetan ekarritako materiak horrekin zerikusirik izatea.

2. irudia: Orain ezagutarazi dute 2013an Europako Espazio Agentziaren Mars Express zundak (irudian) ere detektatu zuela NASAren Curiosity roverrak aurreko egunean detektatutako metano isuria. (Irudia: ESA / D. Ducros)

Zenbait mineraletan gertatzen den prozesu bat ere jarri izan da adibidetzat: zehazki, olibinoaren serpentinizazioren prozesuan jarri da arreta Marten gertatzen dena azaltzeko. Mineral hau urarekin kontaktuan jartzean serpentina sortzen du, eta metanoa askatzen da bidean. Horretarako, baina, ur likidoa beharrezkoa da. Bertako atmosferaren egoera dela eta, ura ez da egonkorra lurrazalean, baina bai posible da lurrazpian, eta duela gutxi baieztatu da, gainera, Marten ur likidoa badagoela.

Azalpen geologikoen alorrean, seguruenera babes gehien duen hipotesia klatratoena da. Sare moduko estruktura bati esker, barruan beste molekula bat gordetzeko ahalmena duten sustantziak dira horiek. Lurrean gertatzen den modu berean, Marteko klatratoen barruan duela milioika urte gordetako metanoa egon liteke barruan. Klatrato horiek, presio eta tenperatura zehatzetan, desegonkortuko lirateke, eta hor askatuko litzateke metanoa. Hasiera batean ikusita, ematen du hipotesi hori bateragarria litzatekeela urtaroen araberako isuriekin, baina guztiz bat ere ez datoz, eta prozesu hori azaldu ahal izateko, zientzialariek uste dute erdian beste prozesu bat egon beharko litzatekeela. Dena dela, hipotesiak arazo are handiagoa dauka: orain arte ez da demostratu Marten klatratorik daudenik.

Azkenik, —eta zalantzarik gabe ilusio gehiago pizten duena—, jatorri biologikoaren hipotesia dago: Marteko lurrazpian bizi diren balizko bakterioek askatuko lukete metano hori. Dena dela, nabarmendu beharra dago momentuz hipotesi hau babesteko inolako frogarik ez dagoela; ez bada, behintzat, zomorrotxo horiek askatuko luketen metanoa bera. Horregatik, hein handi batean, zientzialariak hain modu tematsuan ari dira metanoaren jatorriaren bila.

Aukera horretaz galdetuta, ohiko zuhurtzia darabil Cardesinek. “Oraindik goiz da ebazteko metano horren jatorria biologikoa ala geologikoa ote den, baina garrantzitsuena da azkenean badugula non bilatu. Lurrazpiko izotza duten hainbat eremu identifikatu dira planetan, eta bertan metanoa egon liteke harrapatuta; agian faila tektonikoek gas hori askatuko lukete, noizean behin”.

Gauzak horrela, gutxienez ikerketa eremu interesgarria zehaztu dute orain ezagutarazi diren neurketa berriek. “Ikerketa berri honi esker badakigu non bilatu”, dio ESAko adituak. “Hortaz, eremu hauek aztertzen hasi gara dagoeneko, doitasun handiarekin. Modu horretan, isuri gehiago detektatzen saiatzen ari gara, martxan egon litezkeen prozesu geologiko edo eta astrobiologikoak ulertu ahal izateko. Gainera komunitate zientifikoa irrikan dago eskuratzeko ExoMars programaren TGO zundaren emaitzak. Iaz hasi zen lanean zunda hori, eta planeta osoan atmosferan dauden metano mailen hurbilpen bat emateko moduan egongo da”.

Erreferentzia bibliografikoa

Giuranna, Marco et al. (2019). Independent confirmation of a methane spike on Mars and a source region east of Gale Crater. Nature Geoscience, 12, 326–332. DOI: https://doi.org/10.1038/s41561-019-0331-9


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.