Alkimia, kimika, medikuntza eta beste zenbait zientziaren aurrekaritzat hartu ohi da. Alkimiak, metal arruntak urrea edo zilarra bezalako metal preziatuak bilakatu zitzakeen filosofoen harria edota bizitza amaigabea izatea lortuko lukeen elixirra aurkitzea zuen helburu, besteak beste. Gaur egun ez genuke zientzia bezala sailkatuko; hala ere alkimisten lanak zenbait ekarpen egin zituen eta hainbat aurkikuntza garrantzitsu egin ziren. Horietariko bat fosforoaren aurkikuntza izan zen.
Fosforoa Henning Brandek (Hanburgo 1630) aurkitu zuen. Brand XVII. Mendeko alkimista izan zen. Uste da jatorri xumekoa zela; gaztetan beiragile bezala lan egin zuen eta 30 urteko gerran armadan aritu zen. Armada utzita, emakume aberats batekin ezkondu zen eta horrek alkimian aritzea ahalbidetu zion.
Berak, metal arruntak metal preziatu bilakatuko zituen harria bilatzea zuen helburu, eta lan horretarako, gernua erabiltzen zuen. Esaten da bere esperimentuetarako milaka litro gernu erabili izan zituela urte haietan guztietan zehar. Ez dago argi ordea nondik ateratzen zuen gernu hori guztia, baina badirudi senideei eta lagunei eskatzen ziela.
Filosofoen harria lortzeko, gernua eguzkitan uzten zuen pare bat egunez, eta ondoren irakin eta likido likatsu bat lortzen zuen. Zenbait destilazio eta berotzeren ondoren, pasta zuri bat lortzen zuen. Pasta horrek ilunetan distira egiten zuen hain zuzen ere fosforoak eraginda. Izena grekotik dator: phõs argia eta phoros eramaile.
Hasiera batean konposatu hau lortzeko metodoa ezkutuan mantendu bazuen ere, azkenean bai Johan Kunckel kimikaria eta bai Robert Boyle kimikaria ere fosforoa sintetizatzeko gai izan ziren. Mende bat beranduago 1777an Antonie Lavoiserrek, hain zuzen ere kimika modernoaren sortzaileak, fosforoa elementua zela aitortu zuen.
Elementu hau XVIII. mendera arte medikuntzan erabili izan zen baina bere aplikazio eremua nahiko murritza zen, kantitate txikitan lortzen zelako. Ondoren elementua fosfatoan aberatsak ziren harritik lortzen hasi zirenean, bere aplikazioak nabarmen ugaritu ziren, kantitate handian lortzeko aukera izan zutelako, eta pospoloetan erabiltzen hasi ziren. Pospoloetan fosforo zuria erabiltzen zen. Hau fosforoaren alotropo bat da; alotropoak elementu berdinaz eginak daude baina atomoak modu desberdinetan kokatuta daude, eta ondorioz atomo-egitura desberdinak eta propietate fisiko desberdinak dituzte. Fosforo zuria pozoitsua da eta hori dela eta, berarekin lotutako gaitzak pairatu zituzten pospoloak egiten zituzten langileek: fosfonekrosia funtsean. Masailezurra kaltetzen zuen eta hilgarria izan zitekeen garaiz neurriak hartzen ez baziren. Ondorengo urteetan, gaitza desagertu egin zen babes-neurri egokiak hartuta.
Garai batean aplikazio militarretan erabiltzen zen lehergailu bezala eta baita nerbio-gas bezala. Fosforo zuria sukoia da eta ke asko sortzen duelarik, mota hauetako aplikazioetarako egokia da. Bigarren Mundu Gerran fosforo zuria erabili zen hiri asko bonbardatzeko.
Hau guztia bere botere suntsitzaile eta pozoigarriarekin batera Deabruaren elementu bezala ezagutzea eragin zuen.
Gaur egun beste aplikazio batzuk ditu: pospoloetan, garbigarrietan, su artifizialetan eta pestizida eta ongarrietan erabiltzen da.
Hala ere bizirako ezinbestekoa da: DNA, RNA, ATP eta fosfolipidoetan fosfatoak daude eta landareentzat ezinbesteko nutrientea da. Giza gorputzean 700 g fosforo daude gutxi gorabehera, batez ere hezur eta hortzetan fosfato gatz bezala. Egunero, 0.5 g fosforo kontsumitzea gomendatzen da.
Beraz fosforoak badu bere alde iluna, pozoigarria eta suntsitzailea izan baitateke, baina aldi berean bizirako beharrezkoa da.
Erreferentzia bibliografikoa
Ashley, K., Cordell, D., Mavinic, D., (2011). A brief history of phosphorous: From the philosopher´s stone to nutrient recovery and reuse. Chemosphere, 84(6), 737-746. DOI: https://doi.org/10.1016/j.chemosphere.2011.03.001
Iturriak
- Chemicool.com: Phosphorus Element Facts
- Periodic Table: http://www.rsc.org/periodic-table/element/15/phosphorus
Egileez: Ainara Sangroniz eta Leire Sangroniz UPV/EHUko Kimika Fakultatearen, Polimeroen Zientzia eta Teknologia Saileko ikertzaileak dira Polymat Institutuan.