Fourierren Analisia edo Analisi Harmonikoa analisi matematikoko arlo bat da. Beroaren ekuazioa ebaztean planteatutako serie eta integralak dira Joseph Louis Fourier matematikariaren analisi honen abiapuntua. XX. mendearen erdialdean asko garatu zen arloa da eta, ondorioz, gaur egun oso esparru zabala da.
Funtzioak aztertzen ditu Fourierren Analisiak, baina azterketa hau egiteko erabiltzen den ikuspuntua honakoa da: funtzioak seinaleak dira, eta seinaleak, berriz, uhin sinpleen elkarketaren bidez adierazten dira. Matematikarien hizkeran, denbora-espaziotik maiztasun-espaziora transformatu behar da funtzioa, eta urrats hori emateko behar den prozedura matematikoa da Fourierren transformatua.
Fourierren Analisian eta bere aplikazioetan sakontzeko, UPV/EHUko matematika saileko irakasle agregatu eta ikertzaile den Osane Oruetxebarriarekin hitz egin dugu.
“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.