Kimika
Zerez eginda dago pintura? Zerk ematen dio kolorea? Bi osagai ezagutu behar ditugu aurretik: pigmentuak eta aglutinatzaileak. Lehenengoak kolorea duten partikula solidoak dira; aglutinatzaileak, berriz, partikula horiek elkarri loturik mantentzen dituzten substantziak, normalean likidoak. Egun erabiltzen diren aglutinatzaileak sintetikoak dira ohikoenak baina aurretik jatorri naturaleko baliabideak erabili izan ohi dira: olioa, arrautza edo argizaria, esaterako. Bi osagai hauen xehetasun gehiago artikulu honetan aurkituko dituzu, ez galdu!
Fisiologia
Hipotalamoak oroimenaren mekanismoetan funtsezko zeresana duela frogatu du Mazahir T. Hasan ikertzaileak gidatutako taldeak. Elhuyar aldizkariaren bidez jakin dugunez, optogenetika baliatu dute beldurrarekin lotutako oroimena ikertzeko arratoietan. Horretarako, oxitozina ekoizten duten neuronetan jarri dute arreta.
Farmakologia
Txinako sendabelarren osagai bioaktiboen mekanismo molekularra aztertu dute hainbat gaixotasun sendatzeko duten gaitasuna ulertzeko asmoz, eta ikusi dute gure zeluletako RNA ez-kodetzailearen espresioa aldatzen dutela. Espresio hori moldatuta, inflamazioaren, infekzioen, eta zelulen migrazio eta ugalketaren aurkako eragina dutela frogatu dute. Hala, hainbat gaitz tratatzeko egokiak izan daitezke hala nola, minbizia, zirkulazio-sistemakoak, asma, zahartzearekin lotutakoak, infekzioak… Elhuyar aldizkarian topatuko duzue informazio guztia.
Fisika
100 urte bete dira erlatibitatearen lehen froga lortu zenetik. 1919ko maiatzaren 29an izan zen, eklipse egun batean. Einsteinek lau urte lehenago argitaratu zuen teoria orokorra baina ez zen frogarik egin eta eklipse batek aukera ematen zuen hori egiteko. Izan ere, eta Elhuyar aldizkariak azaltzen digunez, argi-izpiak zuzen mugitzen dira, baina erlatibitate orokorraren arabera, masa handi baten ondotik pasatzen badira –izar baten ondotik, adibidez–, izpien ibilbidea okertu egiten da. Egun hartan Ilargiak eguzki-eklipse bat eragin zuen, Eguzkiaren eta Lurraren artetik pasatu zenean. Arthur Eddington astrofisikaria eklipse hori ikustera joan zen Principe uhartera eta frogatu zuen teoria.
Genetika
Erleen dibertsitate genetikoa zaintzeko Europako bi egitasmotan parte hartzen ari dira Euskal Herriko zenbait genetikari eta erlezain. Proiektu horietako bat da Smartbees. Europa osoko hamasei unibertsitate, ikerketa zentro eta enpresa elkarrekin lanean ari dira 2014. urtetik, Europako tokian tokiko erleak sistematikoki ordezkatzeko prozesua gelditzeko asmoz. Artikulu interesgarri honetan agertzen den beste proiektua Beehope da eta erleei naturan autonomoki eboluzionatzen uztea da helburua, gizakiaren esku hartzerik gabe. Berrian irakur daiteke.
Adimen artifiziala
Ukimen artifizialaren bidez objektuak identifikatzeko eta haiei buruzko informazioa jasotzeko balio duen eskularru bat sortu dute MITeko ikertzaileek. Elhuyar aldizkariak azaltzen digu 64 hari eroale dituela eskularruak ahurrean eta hariak gurutzatzen diren 548 puntuetako bakoitza indar-sentsore bat dela. Hala, 26 objektu arrunt manipulatzean sortzen diren presio-mapak lortu dituzte. Eta informazio horri ikasketa automatikoa aplikatuta lortu dute 26 objektuak identifikatzea. Harrigarria benetan!!
Neurozientzia
Ikerketa batek erakutsi du arratoiak gai direla beste arratoien mina haien buruan sentitzeko. Horri esker, gizakiok emozioak sentitzeko dugun mekanismo biologikoa argitu genezake. Artikulu honetan azaltzen den ikerketaren nondik norakoak ulertzeko, kontzeptu batzuk azaltzen zaizkigu: zer dira neuronak? Eta zer dira ispilu-neuronak? Azken hauek Giacomo Rizzolatti ikertzaileak identifikatu zituen 90eko hamarkadaren amaiera aldera. Ispilu-neuronak besteen intentzioak ulertzeko eta imitatzeko gaitasunaren zergatia izan daiteke.
Antropologia
Nekazari izateak denbora librea kendu zigulako hipotesia berretsi dute antropologoek, landa lanean: gizarte tradizional batean egiaztatu ahal izan dute ehizan eta bilketaren ekonomiari lotuta mantentzen direnek aisialdi gehiago daukatela. Sapiens liburuari esker ia gehienok jakin dugu nekazaritzan zentratutako ekonomiari buruzko hausnarketa hori baina aspaldiko eztabaida da antropologoen artean. Artikulu honetan irakur daitezkeen emaitzek argi uzten dute afera: batez bestean, nekazaritzan ari direnek astean 10 ordu gutxiago eskaintzen diete aisialdiari. Nekazariek astean 30 orduko “lan astea” dute, eta ehiztari-biltzaileek, berriz, 20 ordukoa.
Emakumeak zientzian
Agnes Pockels ezagutzeko aukera izan dugu asteon. Etxekoandre bilakatuta, 18 urte zituenetik hamarkada luze batean zehar platerak garbitzeko ura ikertu zuen eta halaxe bilakatu zen aitzindari eta erreferente gainazaleko tentsioaren ikerkuntzan. Gainera, bere tresna propioak diseinatu zituen, gainazal-tentsioen aldaketak neurtzeko. Pockelsek, 1933. urtera arte, bere esperimentu eta aurkikuntzetan oinarritutako 16 artikulu akademiko idatzi zituen. Bere lanek hainbat aitorpen jaso zituen baina nagusiena izan zen ingeniaritzan lortu zuen honoris causa doktoretza.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.