Homininoen taldean bizirik dirauen espezie bakarra gurea da: Homo sapiens. Alabaina, egoera zeharo desberdina zen iraganean; zenbait unetan espezie bat baino gehiago bizi izan zen aldi berean.
Giza leinua osatzen duten espezieen arbola genealogikoari buruzko zenbait gauza ezagutzen dugula uste dugu, baina badaude ebatzi gabeko gaiak: zein espezie izan zen Homo generoaren arbasoa? Zenbat espeziek osatzen dute generoa? Noiz agertu ziren gizakion ezaugarri nagusiak: bipedalismoa, entzefaloaren handitzea…? Galdera horiei erantzuna ematea da, besteak beste, antropologiak hurrengo urteetan izango duen erronka nagusietakoa.
Carmen Manzano UPV/EHUko Antropologia irakasleak gai hauei buruz hitz egingo du apirilaren 21ean arratsaldeko 19:00etan Bilboko Azkuna Zentroan (Bilboko Alondegia) eta aurreko galderak erantzungo ditu ‘Giza eboluzioa: zer ez dakigu eta zer uste dugu dakigula?’ izeneko hitzaldian.
Carmen Manzano, egun, Antropologia Fisikoa eta Giza Biologia Ebolutiboa irakasten ditu UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Haren ikerketa lerroa, besteak beste, euskal populazioaren egitura genetikoari lotua dago. Azken urteotan DNAren bariazioaren azterketan murgildu da Andone Estonba doktoreak zuzentzen duen Genomic Resources taldean. Bertan, zenbait animalien espezien DNAren bariazioa ikertzen duten proiektuetan parte hartzen du.
Hitzaldia Zientziateka ekimenaren parte da. Zientziateka, hilean behin UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bilboko Azkuna Zentroak puri-purian dauden zientzia arloko gaiak jakitera emateko antolatzen duten jarduera da.
OHARRA: Hitzaldia Azkuna Zentroko (Bilboko Alondegia) Mediateka aretoan eskainiko da doan. Sarrerak aurretik hartu behar dira Azkuna Zentroko informazio-gunean entzule moduan joateko. Sarrerak aretoa bete arte banatuko dira doan.
Hitzaldia: “Giza eboluzioa: zer ez dakigu eta zer uste dugu dakigula?”
- Data
- Ordutegia
- 19:00etatik 20:30etara
- Tokia
- Bilboko Azkuna Zentroaren (Arrikibar plaza, 4) 2. solairuko Mediateka aretoan
- Helbidea