Lurzorua, oinazpiko unibertso ezezaguna

Ekitaldiak

Franklin Rooseveltek 1937an esan zuen: ”Bere lurzoruak suntsitzen dituen nazioak, bere burua suntsitzen du”. Esaldi hau oinarritzat hartuta, lurzoruak gure bizi-kalitatean duen eragina azaltzea eta berau babestu beharraren garrantzia nabarmenduko ditu Nahia Gartzia ikertzaileak “Lurzorua, oinazpiko unibertso ezezaguna” hitzaldian, ekainaren 17an Ondarroako Beikozinin, arratsaldeko 18:30etan.

Lurzorua lurrazalaren kanpoko geruza fina da, gizakion epidermisaren antzekoa. Geosfera, hidrosfera, biosfera eta atmosferaren interakzioaren ondorioz sortzen da, klima epeletan 100 bat urte behar ditugularik 1 edo 2 cm lurzoru sortzeko; beraz giza eskala kontuan hartuta natur baliabide ez berriztagarritzat jotzen dugu. Lurzoruak gizakioi hornikuntza, erregulazio, kultura eta euskarri zerbitzuak eskaintzen dizkigu baina halere oso mehatxatuta dagoen natur baliabidea da.

Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen arabera planetako lurzoruen %33ak degradazio maila ertaina edo handia erakusten du, batez ere higadura, trinkotzea, materia organikoaren galera eta zigilatzearen ondorioz. Euskal Herria ez da salbuespena: euritsua, maldatsua eta lurzoru astunak ditugun gure herri eder honetan, higadura eta trinkotze arriskuak altuak dira. Horrez gain, gizarte oso industrializatu eta urbanizatua gara, eta lur erabilera ezberdinen arteko gatazka ugari sortzen dira. Eta nola ez, klima-aldaketak ere eragina izango du lurzoruen funtzionamenduan; beraz, lurralde antolamendu egokia eta lurzoruen kudeaketa iraunkorra izan beharko ditugu gure etorkizuneko tresna nolabaiteko ongizatea izaten jarraitu nahi badugu.

Lurzorua, oinazpiko unibertso ezezaguna” hitzaldia Ondarroako Beikozinin izango da ekainaren 17an, arratsaldeko 18:30etan, Zientziaren Giltzak Elkartearen eskutik. Bertara joaterik ez duenak Periscopetik zuzenean jarraitu ahal izango du.

Fitxa biografikoa

Nahia Gartzia Bengoetxea, ondarrutarra, UPV/EHUko Europako aipamendun Doktorea da. Doktorego-tesia Hohenheimeko Unibertsitatean burutu zuen. Bere lanen muina basoen lurzoruen kalitatea eta baso-kudeaketa intentsiboak dakarren eragina aztertzea izan da. Azterketari ikuspegi holistikoa eman dio parametro fisiko, kimiko eta biologikoen arteko erlazioak aztertuta. Lan horri esker baso-kudeaketaren jasangarritasunaren indikatzaileak garatzea eta erabiltzea ahalbidetu dio.

2008an Neiker-Tecnaliaren ikerketa taldearen partaide bihurtu zen. Gaur egun, bere lan ildorik garrantzitsuena basoen lurzoruen gai organikoen dinamika eta egitura aztertzea da. 10 artikulu baino gehiago argitaratu du nazioarteko aldizkarietan, batzuk lehenengo mailakoak, hala nola Geoderma edo Soil Biology and Biochemistry. Egun bi doktorego-tesi zuzentzen ditu klima-aldaketaren aurrean baso-sistemek egokitzeko duten moduari buruzkoak.

“Sociedad Española de Ciencias del Suelo” elkartearen Lurzoruen Fisikaren saileko idazkaria da 2016tik aurrera.

Lurzorua, oinazpiko unibertso ezezaguna

Data
Ordutegia
18:30etatik 20:00etara
Tokia
Beikozini
Helbidea
Iparragirre kalea, 10, Ondarroa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.