Une batez, ahaztu futbolaz, hauxe baita benetako ‘Mundiala’: planetako lurren hiru laurdenak narriatuta daude

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Azterketa zabal baten ostean, planetako lurren egoeraz ohartarazi du Europako Batzordeak. Urtero, Europako Batasunaren erdiaren tamaina duen eremua narriatzen da.

Guztiena eta inorena. Horrelako irudia har daiteke lurzoruaren gaira aurrenekoz hurbiltzean. Geografoak, klimatologoak, geologoak, biologoak, ekologoak, agronomoak… era batean edo bestean, horiek guztiek aztertzen dute lurzorua. Agian edafologoak lirateke aditurik gertuenak, baina oso eremu berezitua da hau.

Eta, hala ere, funtsezko kontua da; zibilizazioaren biziraupena, besteak beste, horretan oinarritzen baita. Duela 10.000 – 8.000 urte inguru gizateriaren parte handi batek ehiza eta bilketa alboratu eta nekazaritzari ekin zionetik, oinarrizko elementu bilakatu da lurzorua. XXI. mendean, mendebaldeko gizarte gehiena nekazaritzatik urrun bizi da, eta zoruarekin dagoen kontaktua aisialdira mugatu ohi da, hiri baratzen modara hain zuzen. Baina ekoizpen kate luze baten beste aldean, munduko elikadurak lurraren osasunari lotuta jarraitzen du.

1. irudia: Gizakiak eremu idor askotan lortu du nekazaritza aurrera eramatea, baina, orokorrean, lurzoruetako egoera txarrera doala diote adituek. Irudian, Limpopo probintziako lurrak, Hegoafrikan. (Argazkia: Wynand Uys / Unsplash)

Biziraupenerako funtsezkoa izanda ere, lurzoruaren egoera gero eta kaskarragoa da, eta, aldian behin, alarma pizteko moduko datuak ezagutzen dira. Gaurkotasunaren zurrunbiloan ia oharkabean igaro den txosten bat dugu horren adibide.

Desertifikazioaren Munduko Atlasa aurkeztu berri du Europak, eta bertan azaltzen direnak ez dira lasai hartzeko modukoak. Europako Batzordeko JRC Ikerketa Zentro Bateratuak ekainaren 21ean argitaratu du atlasa. Duela 20 urte egindako txosten baten gaurkotzea da orain aurkeztu dutena: hirugarren edizioa da honakoa. Lehenengoa 1992an argitaratu zen, Rio de Janeiron (Brasil) egin zen Lurraren Gailurrarekin batera, eta bigarren edizioa 1998an plazaratu zuten. Bi hamarkada igaro dira, beraz, azken ebaluazioa egin zenetik.

Atlas honen arduradunek nabarmendu dutenez, bi hamarkada hauetan aldaketa dezente egon dira ingurumenari dagokionean, baina, aldi berean, Lurraren egoera neurtzeko teknologiak asko hobetu dira ere, eta horrek asko erraztu du egoeraren nondik-norakoak ezagutzeko aukera.

Datu andana baliatu dituzte egoeraren ahalik eta azterketarik osatuena egiteko. Sateliteen bitartez eskuratutako 1,8 petabyte datu jaso dituzte (2,7 milioi CD-ROMen parekoa). Hortaz, milaka ordenagailu erabili behar izan dituzte datu horiek guztiak prozesatu ahal izateko.

Azpimarratu duten ondorio nagusia kezka eragiteko modukoa da: munduko lurren %75ek narriadura nozitzen dute, eta 2050. urterako kopuru hori %90era irits liteke, gainera. Urteko, 4,18 milioi kilometro koadro narriatzen dira munduan, Europako Batasunaren tamainaren erdiaren parekoa, hain zuzen. Europari berari dagokionez, arazoak lurraldearen %8 ingururi eragiten dio (14 milioi hektareari). Urte bakoitzeko Europako Batasunak dozenaka mila euro galduko ditu lurren narriadura dela eta.

Txostenean behin baino gehiagotan nabarmendu dute “desertifikazio” terminoa erabiltzea ez dela egokia, oso generikoa eta zehaztasunik gabekoa delako. Hitza “zoritxarrekoa” dela aitortu duten arren, asko errotu da, eta txostenaren tituluan mantendu dute. Halere, “lurraren narriadura” (land degradation) kontzeptua hobesten dute, zehatzagoa eta esanguratsuagoa delakoan.

2. irudia: Atlasean agertzen den irudietako bat: giza populazioa (zirkuluetan) eta ur estresa edo lehortea (berdean, gutxi; gorrirantz, asko). (Ilustrazioa: World Atlas of Desertification)

Lurraren narriadura epe luzera ekosistemetako ondasunen eta zerbitzuen arteko balantzearen porrotera daraman fenomenotzat jo dute. Zoruaren higadura, bere propietate fisiko, kimiko eta biologikoen okerragotzea eta landarediaren galera dira prozesu horretako ezaugarrietako batzuk.

Halako txostenak eta datuak horrenbeste aldiz zabaltzearekin batera arazo bat azaltzen da: anestesian erortzeko arriskua. Klima aldaketarekin edota bioaniztasunaren galerarekin gertatzen den berdina, hain zuzen: datu kezkagarriak dira, baina, epe motzeko begiradapean, eguzkia goizero ateratzen da, kafetera ondo dabil eta dutxatik ur beroa ateratzen da.

Zalantzarik gabe, fokua zabaldu eta ikuspegia osotasunetik begiratzen denean agerian geratzen da gauzarik larriena: lurraren narriadura eta klima-aldaketa direla eta 2050. urtearen bueltan laborantzak %10 gutxituko direla aurreikusten dute adituek, eta joera hori Indian, Txinan eta Saharaz hegoaldeko herrialdeetan bereziki indartsua izango omen da: lurraren produktibitatea erdira jaitsi liteke garrantzi geopolitiko handiko eremu horietan. Horren ondorioz, 700 milioi desplazatu egon litezkeela aurreratu dute.

Ordurako aurreikusten diren populazio joerei erreparatuz gero, ateratzen den “koktela” ez da batere lasaigarria. Ez dirudi mendearen hasieran iraultza berdea ahalbidetu zuen Haber-Bosch bezalako prozesu berririk agertuko denik. Transgenikoen iraultzan jarri dute askok esperantza, baina zalantza izpirik ez dago transgenikoen laguntza izanda ere, garapena beste erritmo batera egokitzeko beharra izango dela.

Zorionez, azterketan parte hartu duten zientzialariek ez dira mugatu arazoen katalogoa osatzera, eta arrakasta izan duten hainbat ekimenen adibideak jarri dituzte, lanerako oinarri izan daitezkeelakoan. Azpimarratu dute irtenbideak martxan jartzeak kostu bat izango duela, baina “martxan jartzearen edo prebentzioa egitearen kostua beti geldirik egotearen kostua baino txikiagoa da”.

Erreferentzia bibliografikoa

Cherlet, M., Hutchinson, C., Reynolds, J., Hill, J., Sommer, S., von Maltitz, G. (Eds.), World Atlas of Desertification, Publication Office of the European Union, Luxembourg, 2018. DOI:10.2760/06292


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.