Giza-eboluzioa ilustratzen

Ekitaldiak

Genero-arrakala zientziaren hainbat arlotan islatzen da. Emakumeen ikerketa-karreran eragina dauka baina, horretaz gain, eduki zientifiko okerrak sortzen ditu. Ondorioz, denboran zehar indartu diren estereotipo eta ideia okerrak baieztapen zientifiko bilakatzeko arriskua dago.

Horren adibide dira zientzian erabilitako zenbait irudi, esaterako, ilustrazio zientifikoak. Datu eta zenbakiekin bakarrik emandako informazioa gogoratzea zailagoa da eta irudiek ulertzen eta gogoratzen laguntzen digute. Adibidez, paleontologiaren kasuan ilustrazio zientifikoek berebiziko garrantzia daukate. Kontuan izan behar da garai horretako lekukotza grafiko nahikorik ez dagoela egindako aurkikuntzak azaltzeko.

Hala ere, irudi horiek genero ikuspegi zehatz batetik egin dira eta gaur egun gure gizartean dagoen arrakalaren isla baino ez dira. Esaterako, ebidentzia zientifikoan oinarritu gabe, emakumeak ez dira kontuan hartu eta egungo rol sexistak egokitu zaizkie. Hortaz, beharrezkoa da orain arte egindako lanak berraztertzea eta berdintasun eza indartu duten detaileak identifikatzea.

Vega Asensio ikertzaile eta ilustratzaile zientifikoak gai horiek jorratuko ditu “Giza eboluzioa ilustratzen” hitzaldian Euskal Herriko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Durangoko Bizenta Mogel Bibliotekak antolatutako Zientziaren Ertzetik hitzaldi zientifikoen zikloan.

Hitzaldia abenduaren 15ean, 18:30ean, izango da Durangoko Bizenta Mogel liburutegian. Sarrera librea izango da aforoa bete arte. Hitzaldi-solasaldia streaming-ez jarraitzeko aukera ere egongo da EiTB Kosmos kanalean.

Hizlaria

Vega Asensio Biologian doktorea da (UPV/EHU) eta Europako hainbat unibertsitatetan lan eta ikasi du ikertzaile bezala. 2011. urtean Norarte Visual Science ilustrazio zientifikoko estudioa sortu zuen komunikazioa eta zientzia-dibulgazioa hobetzeko asmoz eta bere bi zaletasunak batuz, zientzia eta marrazketa alegia. Gaur egun UPV/EHUren ilustrazio zientifikoko lehen graduondoko koordinatzailea da.

Giza-eboluzioa ilustratzen

Data
Ordutegia
18:30etatik 20:00etara
Tokia
Bizenta Mogel Biblioteka
Helbidea
Komentukalea, 8, Durango

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.