Itsasoko DNA irakurtzen: ozeanoen ekologia eta eboluzioa ulertzeko bidaia

Ekitaldiak

Lur planetarentzat ezinbesteko elementuak dira ozeanoak eta, horretaz gain, bitartekoak lortzeko iturri garrantzitsuak dira. Hala ere, ekosistema horien inguruan dagoen ezezagutza handia da oraindik, batez ere ozeanoetako gune sakonenetaz ari garenean.

Arlo horretan zientziak eman dituen urratsak izango dira, hain zuzen ere, Naiara Rodríguez-Ezpeleta AZTIko ikertzailearen abiapuntua Zientziaren Ertzetik zikloaren barnean eskainiko duen “Itsasoko DNA irakurtzen: ozeanoen ekologia eta eboluzioa ulertzeko bidaia” (Leyendo el ADN marino: un viaje para comprender la ecología y evolución de los océanos) hitzaldian.

Montrealgo Unibertsitateko Biokimika doktoreak azalduko du nola DNA ikerketek, genetika arloan emandako aurrerapenen bitartez, ahalbidetu duten itsasoko ekosistemak eta eboluzioak ulertzea. Horren ondorioz, biziaren jatorriaz gehiago dakigu edota espezieen arrantza kuotak ezartzeko protokoloak diseinatu ahal izan dira.

Hitzaldia Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Durangoko Bizenta Mogel Bibliotekak antolatzen dute eta otsailaren 9an, ostirala, izango da 18:30ean liburutegian. Sarrera librea izango da edukiera bete arte. Hala ere, hitzaldia streaming bidez ikusteko aukera egongo da EITBren Kosmos kanalean.

Hizlaria

Naiara Rodríguez-Ezpeleta durangarra Euskal Herriko Unibertsitatean Biologian lizentziatu zen eta Montrealgo Unibertsitatean (Quebec, Kanada) Biokimika doktoretza egin zuen. Bere ikerketa-ibilbidean zehar Rodríguez-Ezpeletak teknika genetikoak aplikatu ditu hainbat arlotan, hala nola zelula eukariotoaren eta fotosintesiaren jatorrian edo giza eboluzioan eta gaixotasun konplexuen elkartze genetikoetan.

Gaur egun, AZTIko ikertzailea da, eta ekologian eta bilakaera molekularrean dituen ezagutzak aplikatzen ditu itsas ekosistemak eta haien baliabideak ulertzeko eta, horrela, haien kudeaketa eta kontserbazioa hobetzeko.

Itsasoko DNA irakurtzen: ozeanoen ekologia eta eboluzioa ulertzeko bidaia

Data
Ordutegia
18:30etatik 20:00etara
Tokia
Bizenta Mogel Biblioteka
Helbidea
Komentukalea, 8, Durango

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.