Kalitatezko edateko ura eskuratzea gero eta erronka handiagoa bihurtu da munduan, eta Euskal Herria ez da salbuespena. Baliabide naturalen gehiegizko ustiapena eta kutsadura bezalako faktoreek, edota klima-aldaketaren ondorioek gero eta gehiago eragiten diete ibaiei eta akuiferoei, gure ur-iturri nagusiei.
Nola berma dezakegu ezinbesteko baliabide natural horren epe luzerako hornidura egonkor eta iraunkorra? Inguruko basoetako lurzoruak modu eraginkorrean kudeatzeak eragin positiboa izan lezake eguneroko ur-horniduran.
Gai honen inguruan hitz egingo du UPV/EHUko Prozesu Hidro-Ingurumenekoen Ikertaldeko Ane Zabaleta ikertzaileak “Lurzoruaren kudeaketaren eragina eguneroko ur-horniketan” hitzaldian.
Ane Zabaleta Geologian doktoratu zen Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) eta bere hitzaldian Life-Urbaso ikerketa-proiektu europearraren gako batzuk azalduko ditu. Esaterako, ikerketa honetan edateko uraren kantitatea eta kalitatea bermatzeko, naturan oinarritutako hainbat irtenbide garatuko dira eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbako 40 ur-erauzketa gunetan ezarriko eta probatuko dira irtenbide horiek.
Horrez gain, hitzaldian, egunero kontsumitzen dugun urarekin zerikusia duten gai ohikoenei ere erantzungo die: uraren jatorria, honen ibilbideari buruzko xehetasunak eta arrotik gure txorrotetaraino bidean zehar aurkitzen diren oztopo zeintzuk diren.
UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Iurretako Herri Bibliotekak bultzatutako Agora, ezagutzaren plaza hitzaldi-zikloaren barruan egingo da ekitaldia, otsailaren 25ean, asteartea, 18:30ean, bibliotekan bertan. Sarrera librea eta doakoa da lekuak bete arte baina baina aldez aurretik izena eman behar da biblioteka@iurreta.eus helbidera e-mail bat bidaliz edo 946812726 telefonora deituz.
Hizlaria
Ane Zabaleta Lopetegi Geologian doktoratu zen Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU). gaur egun, UPV/EHUko Matematika, Zientzia Esperimental eta Gziarte Zientzien Didaktika saileko irakaslea da, Prozesu Hidro-Ingurumenekoen Ikertaldeko ikertzailea. Azken 20 urteetan, lurrazaleko uren azterketan espezializatu da, sedimentuekin duen dinamikan eta klima-aldaketak lurzoruaren kudeaketan duen inpaktuan.
Lurzoruaren kudeaketaren eragina eguneroko ur-horniketan
- Data
- Ordutegia
- 18:30etatik 20:00etara
- Tokia
- Iurretako Herri Biblioteka
- Helbidea
- Bidebarrieta, 4, Iurreta