Urte hasierarekin batera ohikoa izaten da urtean zehar beteko ditugun proposamenak izendatzea. Zerrenda horretan nork ez du jarri honako zertxobait? Erretzea albo batera uztea, kirola egiten hastea, Gabonetan hartutako gehiegizko pisua kentzea, geure buruari denbora eskaintzea…
Jarduera fisiko gehiago egitea edo kirol zehatz bat praktikatzea izaten dugu askotan zerrendan. Asmo horien ondorioa izaten da, adibidez, urtarrilean gimnasioetan sumatzen den matrikulen igoera. Izan ere, %10eko hazkundea izaten dute urte hasieran.
Ikertzaileek egindako hainbat ikerketen emaitzek adierazi dute ariketa fisikoak onura ugari dituela osasunean. Besteak beste, bihotz eta odol-hodien sisteman, arnasketan, minbiziaren prebentzioan, diabetearen prebentzioan eta gaixotasun psikiatrikoen prebentzioan. Beraz, esan daiteke ariketa tratamendu medikoa dela. Horrela aldarrikatzen du American College of Sports Medicinek mundu mailan martxan jarri duen ekimenaren bidez, Exercise is Medicine.
Egitasmoaren lema da, ariketa fisikoa erabilera anitzeko pilula bat da. Dituen onurei esker, medikuek maizago erabili beharko luketen multipilula bat. Egun, badago ariketa fisikoari dagokionez dosi gomendagarria izendatua, osasun erakunde gehienek zabaldu dutena:
- 5 egunetan 30 minutuko jarduera ertaina edota 3 egunetan 25 minutuko jarduera kementsua.
Baina zer da edo zein da jarduera ertaina, eta zein kementsua? Jarduera ertaina da, ariketa egiten duzuen bitartean hitz egitea baimentzen dizuena baina ez abestea. Eta, aldiz, kementsua da ez dizuena hitz egiten uzten. Adibidez, oinez ibiltzea, bizikletan poliki ibiltzea edota dantzan lasai egitea jarduera ertainak dira. Eta intentsua litzateke korrika egitea, bizikletan gogor aritzea edo mendian aldapa gora joatea.
Horrela eman zion hasiera UPV/EHUko Fisiologiako irakaslea den Jon Irazustak, urtarrilaren 20an eskaini zigun, Ariketa fisikoa, argaltzeko pilula ote? hitzaldiari.
Obesitatearen aurkako borrokan ariketa fisikoa baliagarria ote zen erantzutea helburu zuen Jonek. Izan ere, badago arrazoirik obesitatea XXI. mendeko epidemia dela esateko. Obesitateak gora egin du herrialde guztietan, herri garatuetan eta baita ere gutxi garatutako herrialdetan. Eta urtero, Munduko Osasun Erakundearen arabera, 3,4 milioi lagun hiltzen dira gehiegizko pisuak edo obesitateak ekarritako ondorioen eraginez.
Jon Irazustak galderari erantzuna eman zion: ariketa fisikoa lagungarria izan daiteke obesitateari aurre egiteko edota pisua kontrolatzeko. Dena den, badirudi argaltzeko dosi egokia lehen aipatutakoa baino handiagoa dela, baldin eta soilik ariketa fisikoa eginez pisua galdu nahi bada.
Datu interesgarri ugari eskaini zituen. Esaterako, orokorrean, obesitatearen kontrolean eragin gehiago du egiten dugun jardueraren kantitateak, intentsitateak baino. Hala ere, emaitzak hobeak izango dira dieta egoki batekin konbinatzen badugu ariketa.
Adina ere kontuan hartu behar da. Horrela, haur eta nerabeetan emaitza hobeagoak lortzen dira pisuaren kontrolean, intentsitate handiko ariketekin. Eta adinean aurrera joan ahala, gehiegizko pisua izatea (obesitatera iritsi gabe) ez zela hain kaltegarria azaldu zuen Jon Irazustak. Adin horretan, argalduz gero, muskulua galtzen baitugu. Beraz, zahartzaroan kilo batzuk soberan baditugu, zaindu elikadura egin ariketa fisikoa eta gogoan izan: lodi baina sasoitsu egotea, argal eta sasoirik gabe egotea baino hobe da.
Xehetasun guztiak, Jon Irazustaren “Ariketa fisikoa, argaltzeko pilula ote?” hitzaldi interesgarri honetan:
Egileez: Hitzaldia Jon Irazustak (@irazusta_jon), UPV/EHUko Fisiologiako irakasleak eskaini zuen #Zientziateka ekimenaren barruan.
#Zientziateka, hilean behin UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak (@Zientzia) eta Bilboko Alondegiak (@alhodingabilbao) puri-purian dauden zientzia arloko gaiak jakitera emateko antolatzen duten jarduera da.
“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du.”
1 iruzkina
[…] orduan neurri egokia eta arriskuak ere kontuan hartu behar direla esan zigun Jon Irazustak “Ariketa fisikoa argaltzeko pilula ote?” hitzaldian. Ildo bereko gaia dakarkigu Ilargi Agirrek Berrian. Danimarkako ikertzaile talde […]