Asteon zientzia begi-bistan #76

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Hona hemen asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

asteon zientzia begi-bistan 76

Biologia

Animalia handien eta txikien taupada maiztasunari erreparatu diote oraingoan Juan Ignacio Pérezek eta Miren Bego Urrutiak. Aurreko astean ikusi genuen metabolismoa tamainaren arabera aldatzen zela. Hala, bihotzaren taupadaren maiztasunak ere badu zerikusia tamainarekin. Artikuluan, ideia bat azpimarratu dute: animalia txikien bihotz-taupadak oso bizkorrak dira, maiztasun handiz uzkurtzen dira haien bihotzak, eta kontrakoa gertatzen zaie animalia handiei. Adibide moduan ugaztunik txikiena hautatu dute: satitsu etruskoa. 2 g-ko masa du eta haren metabolismo-tasari dagokionez, 2’6 g janari behar du eguneko. Satitsu etruskoaren bihotz taupada oso azkarra da. Bere bihotzak 0’035 g-ko masa du; hau da, tamainaren arabera legokiokeena baino hiru bider handiagoa. Handiagoa izateak ahalbidetzen du bere bihotza azkar uzkurtzea. Harrigarria da baina: 10-20 taupada segundoko izan ditzake!

Arkeologia

Armando Llanos Ortiz de Landaluze arkeologoari egin dio elkarrizketa Berrian. Bertan, bizitzan zehar jorratu dituen alorrak ekarri ditu gogora. Arkeologia atalean ezaguna egin bada ere, diseinu atalean hasi zen Fournier enpresan. Horren ostean, espeleologian sartu zen: “Kasualitatez hasi ginen. Gorbeiatik jaisten Mairuelegorretako kobazuloetara heldu ginen eta Erretxinadun soka batzuekin hasi ginen sartzen…”. Ondoren, arkeologiara eman zuen jauzia. Hasierako indusketak nolakoak izan ziren gogoratzen du tartean eta aipatzen du Jose Miguel Barandiaran “irakasle ona” izan zela. Haren lana Burdin eta Brontze aroetan zentratu da, batik bat. Horretaz gain, hausnarketa egin du indusketen inguruan. Ondarea lehen ez zela bermatzen esan du: “Ikusi ditugu aztarnategiak suntsitzen. Gaur egun araudi bat dago, halakorik gerta ez dadin… Arabako Errioxako trikuharri asko jendearen asmo onari esker mantendu genituen. Ordea, ez ginen nahi beste lekuetara heldu”.

Geologia

Lurraren barne nukleoari buruz hitz egin du Amaia Portugal kazetariak Zientzia Kaieran. Kanpo nukleoa ez bezala, solidoa da barne nukleoa. Baina nola sortu zen? Irakiten dagoen kanpo nukleoaren barnealdea hozten hasi zen eta solido bihurtu zen eta horrela hasi zen garatzen. Liverpoolgo Unibertsitatean zuzendu duten ikerketak agertzen du gutxienez duela milioi bat urte eta gehienez duela milioi bat urte eta erdi sortu zela. Ondorio horretara iristeko, jatorri magmatikoa duten Aurrekanbriar garaiko harriak ikertu dituzte eta ikusi dute duela milioi bat urte eta erdi inguru Lurraren eremu magnetikoa oso nabarmen indartu zela. Era berean, frogatu dute Lurrak ez zuela egun duen bihotz solido hori izan bere bizitzako lehen hiru milioi urteetan. Ondorio asko atera dituzte ikerketa honetatik. Besteak beste, Lurraren bihotza ez dela azkar hozten ari (pentsatzen den moduan) eta barne nukleo solido hori milimetro bat ari dela hazten urtero-urtero.

Ekologia eta ingurumena

Txernobylgo zentral nuklearraren erradioaktibitateak kutsatutako eremuan ugaztun handiak ugaritzen ari direla frogatu du ikerketa batek. Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian azaltzen duenez, espezieetako batzuk hondamendiaren aurretik baino ugariagoak dira egun. Ikerketa honetan, Bielorrusiako kutsatutako eremuan bizi diren ugaztun handiei erreparatu diete. Ikusi dute altzeen, orein arrunten eta basurdeen populazioak nabarmen handitu direla 1987tik. Oreinena, esaterako, 10 aldiz handitu da 1996tik. Halere, animalien dentsitatea ez dago lotuta lurzoruaren erradioaktibitate-mailarekin. Hala ondorioztatu dute bederen. Ikertzaileek diote giza jarduerak (nekazaritzak, ehizak, basozaintzak…) ugaztun handiei kalte handiagoa egiten ziela erradioaktibitate kronikoak baino.

Ingurumenari jarraiki, Joxerra Aizpuruak ozono geruza gaiari heldu dio berriz ere Argian. Bada, orain dela hiru aste egin zuen pronostikoa ez da bete. Grafiko baten bitartez, azaltzen zaigu egoera: irailaren erdira arte ozono geruzako zuloaren bilakabidea normala izan zen, baina hortik aurrera zabaldu da haren hedadura. Badirudi aurten zuloaren tamaina handienetakoa izango dela.

Aipatzekoa da ere, itsasoen egoera larria, uretara botatzen den plastikoaren ondorioz. Egun 300 milioi tona plastiko dago itsasoan. Larriena da plastiko hori pixkanaka gure ekosistemaren zati bihurtzen ari dela. Une honetan arrain eta itsaskien %30 inguruk plastiko arrastoak dituzte gorputzean. Munduko ozeanoetan “plastikozko” 5 gune nagusiak zerrendatzen ditu. Ezagutu nahi dituzu?

Elikadura eta osasuna

Teba González UPV/EHUko ikertzaileak zeliakoen dieta aztertu du osasunean eta bizi-kalitatean duen eragina ezagutzeko. Ikerketa-lan horren bidez ondorioztatu du gaixoen glutenik gabeko dietek gantz eta azukre gehiegi eta zuntz gutxiegi izaten dutela. Aipatzen du lekaleak, pasta, arroza, lehen platerak eta abar albo batera uzteko joera dagoela. Hari beretik, zeliakoen elikadurak gabeziak dituela antzeman dute. Ondorio hauetara iristeko, gaixotasun zeliakoa zuten 101 pazientei egin zitzaien azterketa. Emaitzei dagokienez, Gonzalezek dio emakume zeliakoek gizonek baino are zuntz gutxiago kontsumitzen dutela. Horretaz gain, aipatzen du emakumeak direla gaixotasun zeliakoa duten paziente gehienak. Ikerketa interesgarri honi buruzko informazio osoa Zientzia Kaieran topatuko duzue.

Paleontologia eta eboluzioa

Duela 80.000 urteko Homo sapiens-aren arrastoak aurkitu dituzte Txinan. Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian azaltzen digu 120.000-80.000 urte dituztela topatutako 47 hortzek. Anatomikoki, gizaki modernoarenak direla baieztatu du nazioarteko lantalde batek (Txinako ikertzaile taldeak gidatu du). Hortz horiek hamahiru banakoenak dira. Horiekin batera ez dute giza fosilik edo tresneriarik topatu. Galarragak aipatzen du hortzak ez dituztela zuzenean datatzerik izan, baina gainerako elementuak aintzat hartuta, 120.000-80.000 urte dituztela kalkulatu dute. Ikertzaileek argi azaldu dute arrasto horrek frogatzen duela Homo sapiens-a ordurako Ekialde Urrunera iritsia zela.

Genetika

Genetikan eman diren urratsak izan ditu mintzagai Maria Jose Morenok Zientzia Kaieran. Asko dago egiteko oraindik, baina genoma ondo ezagutzeak abantaila handiak eskaini ditzake. Adibidez, finkatu ahal izango dira zeintzuk diren alzheimer edo minbizia bezalako gaixotasunak garatzeko probabilitateak. Gainera, oso fase goiztiarretan antzeman ahal izango dira gaixotasunak. Giza genoma ezagutzeak aurrerapenak ekarriko dituela argi dago. Hala nola, gene-terapiaren aukera. Honen bidez, gene gaixotasun-eragileen ordez “gene osasuntsuak” jartzeko aukera egongo da egilearen esanetan. Horrela, gaixotasuna garatzea saihestuko litzateke. Era berean, lagungarria izango litzateke gizaki bakoitzarentzat farmakologia-tratamendu jakin bat diseinatu ahal izatea. Bada abantaila horiek guztiak beste alorretan oztopoetan bihurtuko lirateke. Esaterako, zer egingo luke aseguru-etxe batek jakingo balu diabetesa pairatzeko probabilitate handiak ditugula? Gehiago ordainaraziko liguke? Honi buruz hausnartu du egileak. Ez galdu irakurtzeko aukera!

Neurofisiologia

Oier Gorosabelek ekarri digu aste honetan plazeboaren inguruko informazio interesgarria. Normalean plazeboa pilularekin lotu dugun arren, beste hainbat gauza ere izan daiteke. Adibidez, Nozebo sugestioak azaltzen ditu. Hauek hitzen bidez emandako azalpenak dira, pilula faltsurik erabili gabe. Ideia deigarria azpimarratzen du artikulu honetan. Izan ere, tratamendu aktiboari erantzun handiena eman dioten pazienteak plazeboari ondoen erantzuten dioten berberak dira. Honen aurrean, droga batzuek eta plazeboek neurotransmisio bide berberak erabiltzen dituztela pentsatzen dute ikerlariek. Ideia honi jarraiki, ospitaletan ikusitako fenomeno ekartzen du testura, ideia hori argitzeko asmoz: plazeboak botika aktiboaren eragina biderka dezake, baldin eta gaixoaren begi-bistan ematen bada. Ezkutuan ematen bada (tantaz tantakoen bidez, esaterako), berriz, efektu hori galtzen da.

Ingurumena eta materialak

Aireko CO2a harrapatzeko material berri bat sortu dute ikertzaile batzuek. Egoitz Etxebestek azaltzen du, CO2a fisikoki harrapatzen duen material mikroporodun bat garatu dutela. Sodio silikatoz eta kobre sulfatoz osatua dago. Azken urteotan, CO2a harrapatzen zuten materialak sortu dituzte baina material berri honek abantaila bat agertzen du besteen aurrean: urak ez dio eragiten. Material horiek azkenean ura harrapatzen dute CO2aren ordez. Gainera, urarekin hondatzen dira. Hortaz, urak eragiten zituen arazoak gainditzen ditu material berri honek.

Medikuntza eta osasuna

Marga Saenz Herrero psikiatra elkarrizketatu dute Berrian. Oro har, andreen psikiatrizazioa gizonena baino handiagoa dela aipatzen du. Normalean, antsietate eta depresio arazoengatik jotzen dute osasuneko zerbitzuetara emakumeek. Horren aurrean kezka agertu du Herrerok eta gehitzen du horren atzean ezkutatzen diren kausak bilatu behar direla. Bere ustetan, pobrezia, diskriminazioa eta bazterkeria dira, batik bat, kontuan hartu beharrekoak. Horretaz gain, nabarmentzen du gizonezkoen eta emakumezkoen artean, buruko gaixotasunak desberdinak izan daitezkeela. Eskizofrenia eta halakoetan datuak berdinak dira. Bada, gizonetan, gaitz horiek gaztaroan agertzen dira beti. Emakumeen artean, ordea, menopausiaren ostean agertzen dira. Ildo horretatik jarraiki, azaltzen du buruko gaitz horien aurrean, botiketara erraz jotzen dela.

Teknologia

Elisabeth Pombok pantailaz inguratuta bizi galera esaten digu Argian publikatutako artikuluan. Eta ez zaio arrazoia falta. Millward Brown etxeak mundu mailan egindako ikerketak aditzera eman duenez, erabiltzaileek gehien erabiltzen duten gailua smartphone-a da (egunean 147 minutu). Zerrendan agertzen diren besteak hauek dira: telebista (113 minutu), ordenagailu eramangarria (108 minutu) eta tablet-a (50 minutu). Badirudi gailuen erabilera eguneko orduaren arabera ere aldatzen dela. Ordenagailua, esaterako, gehienbat goizetan eta arratsaldetan erabiltzen da. Telebistak eta tabletak, aldiz, gauetan. Baina harrigarriena bigarren pantailaren fenomenoa da. Ikerketan parte hartu zutenen artean, %35ak hainbat gailu (smartphone, tablet eta telebista) aldi berean erabiltzen dituztela baieztatu zuten. Hau da, hainbat pantailatan zeregin desberdinak egiten dituzte aldi berean. Eta zuek? Bigarren pantailaren fenomenoaren orbitan sartuta zaudete?


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.