Araztegiak ez daude prestatuta konposatu berriak arazteko

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Metal astunak, hidrokarburoak, petrolioaren azpiproduktuak eta kutsatzaile sortu berriak dira egungo kutsatzaile nagusiak. Hauetako kutsatzaile asko araztegietan metatzen dira. Izan ere, gizakiok botatzen dugun zikinkeria guztia garbitzea bada ere araztegien eginkizuna, araztegi gehienak ez daude prestatuta agertzen hasi diren konposatu berriak arazteko. Ondorioz, araztegia bera bihurtu da kasu askotan kutsatzailea eta hori nabari dute, adibidez, arrainek.

Arrainak ingurunearen egoeraren neurgailu oso sentikorrak dira eta araztegien inguruan bizi diren arrain espezie batzuetan, arrek emeen ezaugarriak hartu dituzte, ibaietara doazen zenbait kutsatzaileren kalteak direla medio.

Egun, araztegietatik itsasoratu edo ibairatzen den urak kutsatzaileen kontzentrazio oso baxua izan arren, isuria konstantea denez, honek eragin handia du, esaterako, arrainengan. Hori da EHUko Kimika Analitikoa eta Zelulen Biologia Ingurumen Toxikologikoan taldeetako ikertzaileek ondorioztatu dutena, Ondarroako portuan, Debako Marinan, Gernikako estuarioan (araztegiko irteera-korrontearen ondoan) eta Santurtziko eta Pasaiako industria-portuetan egindako ikerketaren ondoren.

araztegiak
Irudia: Gizakiok botatzen dugun zikinkeria guztia garbitzea da araztegien eginkizuna. Hala ere, araztegi gehienak ez daude prestatuta agertzen hasi diren konposatu berriak arazteko.

Euskal Herriko kostaldean egindako azterketak erakusten duenez, araztegien inguruetan daude urik kutsatuenak eta honek eragina du arrainetan. Konposatu kimiko berriek arrainen sistema endokrinoan eragiten dituzten aldaketak direla-eta, malformazioak, feminizazioa eta ugalkortasunaren jaitsiera jasan ditzakete.

Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek, aipatutako inguruetan, 2012ko maiatzetik ekainera bitartean Chelon labrosus arrainak (lazunak, edo korrokoiak) arrantzatu zituzten eta, egun berean zein handik hiru hilabetera, ur-laginak jaso, arrainen konposatu-kontzentrazioarekin erlazionatzeko. “Gernika izan zen konposatu-kontzentrazio handieneko gunea, eta arrain intersex deritzenen kopuru handiena ere han jaso genuen”, dio ikerketa-taldeko Asier Vallejok kimikariak.

Intersex fenomenoa da, kutsatzaile jakin batzuen kontzentrazioa handia den uretan, arrain espezie batzuetako arrek emeen ezaugarriak garatzea. Izan ere, ingurunearen egoeraren neurgailu oso sentikorrak dira arrainak eta arrain espezie batzuetan, arrek emeen ezaugarriak hartu dituzte, ibaietara doazen kutsatzaile batzuen kalteen eraginez.

Hala ere, kezkatuta egoteko aparteko arrazoirik ez dagoela dio ikertzaileak: “Oraingoz ez, behintzat. Aztertu ditugun arrainak korrokoiak dira: ez dira jaten, normalean, Euskal Herrian. Arrain-mota hori beti ibili ohi da hondakinen artean jan bila”. Aitortzen du Vallejok gizakiongan ere, seguruenik, badutela eraginik konposatu disruptibo endokrinoek, “baina ez dakigu zenbaterainokoa, zer kontzentraziotan egon behar duten konposatuek gizakioi eragiteko. Hori, medikuek zehaztu beharreko kontua da”.

Behazuneko konposatu-maila

Konposatuen metaketa-maila jakiteko, arrainek behazunean zeukaten konposatu-maila aztertu zuten ikerketan. Horretarako, metodo analitiko berri bat erabili zuen ikerketa-taldeak. Fase solidoko erauzketa du oinarri metodoak; analisia, berriz, gas-kromatografia–masa-espektrometriaren bidez egin da.

Uretan detektatu ez ziren zenbait konposatu (pestizida batzuk, alkilfenolak, hormonak…) behazun-laginetan azaldu ziren. Ikerketa-taldearen iritziz, horrek baieztatu egiten du konposatu horiek metatzeko behazunak duen gaitasuna. Hori dela eta, biomonitorizaio-tresna interesgarria izan omen daiteke behazuna etorkizunean.

Erreferentzia bibliografikoa:
O. Ros, J.K. Izaguirre, M. Olivares, C. Bizarro, M. Ortiz-Zarragoitia, M.P. Cajaraville, N. Etxebarria, A. Prieto, A. Vallejo: “Determination of endocrine disrupting compounds and their metabolites in fish bile”, Science of The Total Environment, Volume 536, December 2015, Pages 261–267.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Ur-araztegiak ez daude prestatuta konposatu kimiko berriak guztiz ezabatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.