Energia berriztagarriak, autonomia energetikoaren gakoa uharte-sareetan

Argitalpenak · Dibulgazioa

Sistema elektriko garrantzitsuenak elkarkonektaturiko sare sendoak izan arren, azken urteotan interesa handiagotu egin da uharte-sareetan eta interkonexio ahuldun sistemetan, hots, sare ahuletan. Sare nagusiei lotura ahulen bitartez konektaturiko azpisistemak dira sare ahulak; hau da, urrutian kokatutako kargak eta ‘offshore parke eolikoak, baita sare isolatuak ere, uharteak eta mikrosareak bezala.

windmill-1206385_1280
Irudia: Energia berriztagarriak etorkizun jasangarri eta autonomo baten giltza izatera deituak daude uharteetan, teknologiak eskainitako soluzio berrietan oinarrituta.

Uharte-sare txikiak ahulak dira ikuspegi estatiko zein dinamikotik. Energiaren sorkuntza sorgailu-talde gutxiren esku egoten da, gehienbat olio astunez elikatutako inertzia baxuko unitate txikiak. Sorgailuen tamaina kargarekiko handia izan ohi da arrazoi ekonomikoak direla eta. Hortaz, sare elkarkonektatuetan baino erreserba-marjina handiagoak behar dira. Eskari-ereduei dagokienez, eskari minimo eta maximoen arteko ratioak baxuak izaten dira. Turismoa duten uharteek, aldiz, neguan karga baxua eta udan altua izan ohi dituzte. Ezaugarriok direla eta, uharte-sareetan arazo tekniko eta ekonomikoak sortzen dira.

Sare ahuletan elektrizitatearen hornidura etetea ohikoa izaten da, eta etendura horien maiztasuna eta iraupena sare interkonektatuetan baino altuagoa izan ohi da. Horrez gain, sorgailu-unitateak zerbitzuz kanpo izatea ere sarri gertatzen da, eta kanpoko konexio elektrikorik gabeko sareetan arazo larriak ekarri ahal ditu. Perturbazio-patroi horiek, sare ahulen berezko ezaugarriekin batera, tentsio eta maiztasun-erregulazioari eta egonkortasunari lotutako arazo teknikoak sor ditzakete.

Beste alde batetik, uharte-sareetako sistema elektrikoan berebiziko garrantzia du alderdi ekonomikoak. Gainontzeko sareetatik isolatuta egoteak elektrizitatearen sorkuntza garestitzen du, elektrizitatea tokian sortu behar baita. Operazio- eta erregai-kostuak ere igo egiten dira. Gainera, uharte-sare gehienek %30-40 arteko sorkuntza-marjinekin lan egin behar dute fidagarritasuna ziurtatzeko. Hortaz, elektrizitatearen sorkuntza elkarkonektaturiko sareetan baino %15-20 garestiagoa izan ohi da. Hala ere, solidaritate-politikak aplikatzea ohizkoa izaten da sare ahuletan eta eredu ekonomiko egokituak sustatzen dira.

Energia berriztagarriak, ordea, aukera egokia izan daitezke arazoak gainditu eta sistema isolatuen autonomia energetikoa bermatzeko. Izan ere, baliabide energetikoak ugariak izaten dira uharte-sareetan. Baina arazo tekniko eta ekonomikoak ere areagotu egiten dira energia berriztagarrien penetrazio-ratioak gora egin ahala, energia berriztagarriak zeharo aldakorrak eta aurresangarritasun mugatukoak baitira. Arazo teknikoak ekiditeko asmoz, sistema elektriko batzuetan mugatu egin dute energia berriztagarrien penetrazioa. Oro har, %15eko proportzioa muga maximotzat dago. Ondorioz, energia berriztagarriek noiz edo noiz sortzen duten potentzia mugatu behar dute, energia-iturria alferrik galduz. Ez da bide optimoa, energia berriztagarrien integrazioa maximizatzea uharte-sareen etorkizun energetikorako irtenbide egokia delako.

Horrenbestez, ekimen berriak eta proiektu berriztatzaileak sustatu dira azken urteotan uharte-sareetan, hala nola: energiaren kudeaketa eraginkorreko sistemak, baliabideen aurresangarritasuna eta eskariaren kudeaketa barne; energia berriztagarrien ustiapen optimoa eta epe motzeko operazioa; sare elektrikoaren eta aktiboen hobekuntza; zentral termiko malguagoak eta performantzia altukoak; kontrol algoritmo berriak bihurgailuetan; edo potentzia aktiboaren metaketa (adib. bateriak, ponpaketa, inertzia-bolanteak…). Horrez gain, sistema-operatzaileek baldintza tekniko zorrotzak ezarri dituzte arauetan, maiztasun eta potentzia aktiboari edo/eta tentsio eta potentzia erreaktiboari dagokionez. Sorkuntza sinkrono konbentzionalen gisan, gaur egun energia berriztagarrietan oinarritutako sorgailuei ere eskatzen zaie sistemaren kontrolean eta segurtasunean aktiboki parte hartzea.

Artikuluaren fitxa

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 28
  • Artikuluaren izena: Energia berriztagarrien integrazioa uharte-sareetan.
  • Laburpena: Interkonexio ahuleko sistema elektrikoak eta sare elektriko isolatuak, maiz, energia-iturri berriztagarritan aberatsak izaten dira. Hala ere, elektrizitatearen hornidurak hainbat arazo tekniko eta ekonomiko sortzen ditu, hurbileko beste sistema elektrikoen sostengurik gabe. Artikulu honek deskribatzen ditu, hain zuzen, uharte sareetako dibertsifikazio elektrikoaren alderdiok. Energia berriztagarriak etorkizun jasangarri eta autonomo baten giltza izatera deituak daude uharteetan, teknologiak eskainitako soluzio berrietan oinarrituta. Azkenik, Açores uhartediko Terceira irlaren operazio estatikoa eta dinamikoa aztertzen dira artikuluan, energia berriztagarrien integrazioaren adibide gisara.
  • Egileak: Agurtzane Etxegarai, Pablo Eguia, Esther Torres, Igor Albizu, José Ignacio San Martín.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 39-53
  • DOI: 10.1387/ekaia.14590

Egileez: Agurtzane Etxegarai, Pablo Eguia eta Esther Torres UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko irakasleak eta ikertzaileak dira: Igor Albizu eta José Ignacio San Martín Eibarko Industria Ingeniartzia Teknikoko Unibertsitate Eskolako irakasleak dira.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

ekaia 28

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.