María Teresa Toral (1911-1994): Zientziak burdinen artetik ihes egin zuenekoa

Dibulgazioa · Emakumeak zientzian

Ia hilabete zeraman kartzelan frankistek 13 arrosak hil zituztenean. Torturak, fusilatzeak, negarrak, sufrimendua. Plater nazkagarrietan, dilistak; zomorroen bazka. Egunero beldurrak gainezka egiten zuen emakumeen biltegi –modu horretan definitu zuen Tomasa Cuevasek– ilun eta hotzean. Burdinen artean, bizitza jasangaitza egiten zitzaien bertan pilatuta zeuden emakumeei. Madrilgo Las Ventas kartzelan espetxeratu zuten Maria Teresa Toral kimikaria, infernu horren lekuko bilakatuz.

1. irudia: Teresa Toral lanean. (Argazkia: Mujeres con Ciencia bloga)

Gure protagonista Madrilen jaio zen 1911n. Bere aita, José Toral, notarioa zen. Bere amak, ordea, ezin izan zuen ikasi baina oso pertsona jantzia zen eta etxean txikitatik musikarekiko zaletasuna transmititu zion bere alabari, baita pinturari zion maitasuna ere. Mª Teresak eskola frantses batean ikasi zuen; guztira, bost hizkuntza menperatzera iritsi zen. Batxilergoan, nota bikainak erdietsi zituen eta orduantxe erabaki zuen zientziaren bidetik joko zuela. Bere aitak farmazia ikastea aholkatu zion, emakume batentzat egokiena baitzen haren aburuz. Baina Mª Teresak erronka zailagoak nahi zituen.

Hala, farmaziaz gain, aldi berean kimika ikasketak gauzatuko zituela esan zion aitari. Eta lortu ere: 1933. urtean bukatu zituen biak. Enrique Moles kimikaria berehala konturatu zen Toralen bikaintasunaz eta Fisika eta Kimikako Institutu Nazionalera (Rockefeller Institutua) joateko konbitea luzatu zion. Mundu mailan nahiko ezaguna egin zen Molesek zuzentzen zuen ikertzaile taldea, batez ere pisu molekular eta atomikoen zehaztasun fisiko-kimikoan erakutsitako doitasunagatik. Gainera, bere ikasleak euren neurketa aparatuak eraikitzeko gai izatea nahi zuen Molesek. Espainiako laborategien egoera onena ez zela ikusita, ez zen ideia txarra kimikariak planteatzen zuena. 1933an taldeak nitrobentzenoaren lurrun-faseko kurbak zehaztu zituen.

Kimika arloko bere doktoretza-lanaren oinarriak, hain zuzen ere, CO2, O2, eta N2O arteko erlazio molekularrak eta karbono eta nitrogenoaren masa-atomikoak izan ziren. Londres zuen helmuga Mª Teresak, isotopia ikasketak egiteko beka bat lortu baitzuen, baina militarren altxamenduak ukatu egin zion ametsa 1936. urtean.

2. irudia: Antonina Rodrigo historialariak 2012. urtean Teresa Torali buruz idatzitako liburua.

Toral salatu egin zuten Nazioarteko Fisika eta Kimika Institutua baliatzeagatik errepublikanoen armen produkzioa bideratu ahal izateko. Epaiketa politikoa izan zen, jakina, eta hamabi urteko kartzela-zigorra ezarri zioten. Espetxean, bere zientzia ezagutzak praktikan jarri zituen, barneko emakumeak laguntzen saiatuz. Bere zeregina presoak eta berauen seme-alabak zaintzea zen. Era berean, umeen adina faltsifikatzen zuen, bertako egoera ikusita, euren amekin denbora gehiago igaro zezaten.

1942an Las Ventasetik atera zenean, Madrilen bertan farmazia bat ireki zuen. Hura izan zen gerrillari antifrankisten bilgune. Klandestinitate giro hartan maitemindu zen baina bere bikotekideak traizionatu egin zuen. 1945ean berriz ere Las Ventasen espetxeratu zuten. Horren aurrean, milaka telegrama eta gutun iritsi ziren Toral libre uzteko eskatuz. Mundu mailan ezagunak zirenen bisita ugari izan zituen, hala nola, Irene Joliot-Curie, Kimikako Nobel sariduna. Azkenean, egindako presioaren kariaz, hogeita hamar urteko zigorra izango zena, bi urtekoa bilakatu zen. Segoviako emakumeen kartzelan sartu zuten.

Mexikoko giro artistikoan murgilduta

1956an Mexikora ihes egitea lortu zuen Mª Teresak. Bertako Unibertsitate Autonomoan hasi zen lanean eta beste hainbat instituzio publikoetan ere, bere zientziari buruzko ezagutzak partekatuz. Horrez gain, artikuluak publikatu zituen eta beste autoreen testu zientifikoak itzultzen zituen ere. Argitaratzeaz gain, kimikako eta biokimikako klaseak eman eta tesi batzuk zuzendu zituen.

2. irudia: Maria Teresa Toralen “Hora cuasi sonámbula” lana (1965). (Argazkia: Mujeres con Ciencia bloga)

Halere, zientzia ez zen izan bertan jorratu zuen arlo bakarra. Toralek grabatuaren teknikari ekin zion. Erakusketa asko egin zituen 1962tik aurrera hainbat tokitan: Chilen, AEBtan, Israelen… 1978an elkarrizketa batean esan zuen: “Artistaren ardura da bitarteko berriak topatzea eta bide berriak eraikitzea”. Zientziak bakarrik ez zuen asetzen eta artearen bidea ezagutu nahi zuela argitu zuen hitzokin. 1975ean Espainiara iritsi zen bere lana lehenengoz. 1994. urtean hil zen kimikaria.

Aipatzekoa da, 2013. urtean bere erakusketa bat, Regreso (Itzulera) deiturikoa, ekarri zutela Segoviako kartzelara. Edertasuna ezagutu zuten aurreneko aldiz, iraganean torturak, negarrak eta oihuak jasan zituzten hormek.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.